SUTEA DONOSTIAN

Zaintzailea hilda aurkitu dute, tiroa bularrean eta pistola bat ondoan

Gorpua Donostiako Zientziaren Kutxagunearen ondoko ezponda batean zegoen, Miramonen

jakes goikoetxea
DONOSTIA
2005eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Igande gauetik falta zen Gipuzkoako Ogasun Sailaren Errotaburuko egoitzako (Donostia) M.I.A. segurtasun zaintzailea hilik aurkitu zuten atzo, Donostian bertan, Zientziaren Kutxagunearen ondoan, Miramongo parke teknologikoan. Segurtasun zaintzailearen gorpua Kutxagunearen eta beheko pista baten arteko 20 metro inguruko ezpondan zegoen, harriz eta sastrakaz betetako leku batean. Hildakoak tiro bat zuen bularrean eta 38 kalibreko pistola ondoan, Efe albiste agentziak atzo baieztatu zuenez, ikerketako iturriak eta zaintzailearen Sabico enpresa aipatuz. Pistolaren kalibrea segurtasun zaintzaileak lanean erabili ohi zuen bera da, baina atzo oraindik ez zuten baieztatu ea aurkitutako pistola igandetik falta den laneko pistola den.

M.I.A.-ren gorpua atzo 15:30 aldera aurkitu zuten Zientziaren Kutxagunea bisitatzen ari ziren ikastetxe bateko 14 urte inguruko haur batzuek. Museoaren kanpoko aldean jolasten ari zirela baloia ezpondan behera erori zitzaien eta baloiaren bila ari zirela gorpua ikusi zuten. Zientziaren Kutxaguneko segurtasun zaintzaileari abisua eman zioten eta zaintzaileak Ertzaintzara deitu zuen.Gorpua 15:30 aldera aurkitu, beharrezko ikerketak egin eta ehorztetxeko langileek 18:30 aldera jaitsi zuten ehorztetxeko ibilgailura.M.I.A. 42 urteko segurtasun zaintzailea igande gauetik falta zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun Sailaren egoitza nagusian lan egin behar zuen igandean, Donostiako Errotaburu kaleko hamabost solairuko dorrean. Bi txanda egin behar zituen: 15:00etatik 22:00etara lankide bat ordezkatzeko eta igandeko 22:00etatik astelehen goizeko 07:00etara berari zegokiona. Igande gauean, ordea, Errotaburuko eraikinean sutea sortu zen sei leku ezberdinetan. Ikerketa iturrien arabera, sortu egin zuten. Eraikinaren segurtasun eta alarma sistemak barrutik indargabetu zituzten eta ibilgailu ofizialen kristalak eta eraikineko ordenagailu guztien pantailak (300 inguru) hautsi zituzten. Eta igandean 07:00etatik 15:00etarako txanda egin zuen F.P.B. segurtasun zaintzailea hilda aurkitu zuten, eraikina kontrolatzeko segurtasun gelan, buruan tiro bat zuela. Zaintzaileek txanda aldaketa egitean elkarri ematen dioten laneko pistola ere falta zen.Zaintzaileen Sabico enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi zionez, F.P.B.-k eta M.I.A.-k liskarrak izan zituzten lanean. F.P.B. M.I.A.-ren arduraduna zen eta kargu hartu zion hainbat aldiz, laneko txandak pilatzen zituelako.

Urte eta erdi eraikina birmoldatzeko

Ertzaintzak desagertuta zegoen M.I.A. segurtasun zaintzailearen etxean miaketa arranditsua egin zuen atzo 13:00etan, Gros auzoko Ategorrieta hiribideko 35.ean. Ekintza berezietarako 30 bat ertzainek parte hartu zuten eta inguruko dendariak negozioak ixtera behartu zituzten, desagertutako segurtasun zaintzailea etxean egon zitekeelako.

Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusiak atzo jakinarazi zuenez, urte eta erdi inguru beharko da Ogasun Sailaren egoitza nagusia birmoldatzeko. «Eraikina suntsituta dago eta solairu guztiak birmoldatu beharko dira». Diputazioko ordezkariak oraindik ez dira eraikinean sartu eta oraingoz kanpotik aztertu dute. Diputazioa harremanetan jarri da aseguru etxeekin eta auditoria bat eskatu du kalteak zenbatzeko.Eraikina birmoldatu bitartean, Errotaburuko 314 langileetatik 82 Ogasun Sailaren beste egoitza batzuetan banatu dituzte. Gainerakoentzat egoitza berri bat bilatzen ari dira. 15 alternatiba dituzte.Koldo Azkoitia Diputatuen Kontseiluko bozeramailearen esanetan, erakundearen egoitzen segurtasun neurriak egokiak dira, agian datozen asteetan berriro aztertuko dituzten arren.Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sektorean nagusi den UGT sindikatuak «ikerketa sakona» egiteko eskatu du. Baita politikariei adierazpenetan arduratsuak izateko ere: «Ikerketak irekita dauden bitartean errua segurtasun langileei leporatzea saihestu behar dute». ELAk langileen lan baldintzak salatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.