Zaintzaren eraldaketa bizkortzea du helburu Gipuzkoako Diputazioak

Zainketa eta Gizarte Politiken 20>30 Agenda aurkeztu du, zaintza ereduaren trantsizioan oinarritutako gizarte politikak bultzatzeko. Eredu «pertsonalizatuago» bat dute helburu.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, gaur, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, gaur, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko azaroaren 27a
16:25
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zainketa eta Gizarte Politiken 20>30 Agenda aurkeztu du gaur Donostian. Bide orri bat da, azaldu dutenez, zaintza ereduaren trantsizioan oinarritutako gizarte politikak bultzatzeko. Ildo horretatik, gipuzkoar guztien ongizate integrala bermatzeko «konpromisoa» dutela azaldu du Eider Mendoza ahaldun nagusiak: «Bide orri honen helburua da zaintzaren eraldaketa bizkortzea, eredu pertsonalizatuago baterantz, berritzailea izango dena eta komunitatearekin konektatuagoa egongo dena».

Zaintza ereduaren trantsizioa eta eraldaketa ditu ardatz, beraz, agenda horrek. Hori diseinatzen ere aritu dira zerbitzuen erabiltzaileak, haien familiak, sektoreko langileak, gizarte erakundeak, enpresak eta erakunde publikoak, aldundiak aditzera eman duenez. «Lankidetzaren printzipioak» ardazten du agenda, Mendozaren arabera: «Elkarrekin eta elkarlanean jarraituz gero, ziur nago 2030ean ere Gipuzkoa arretaren abangoardian izango dela, eta, batez ere, pertsonen ongizate integralean aurrera egin duen gizarte arduratsua izango garela, komunitate kohesionatua duena eta balio partekatuak dituena».

Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetarako egina duen plan estrategikoarekin lerrokatuta dago agenda, eta bien lotura horrek zera du helburu, azaldu dutenez: baliabide publiko, pribatu eta sozialak maximizatzea. Haien muina pertsonak direla esan dute, eta, horregatik, bost zutabe hauek eusten dietela: eskubide sozialek, prebentzioak, pertsonalizazioak, hurbiltasunak eta parte hartzeak.

Helburu, ardatz eta zutabe horiek gizarteko hainbat sektore laguntzera egongo dira bideratuta: ahultasunen bat duten adinekoak eta mendeko pertsonak, desgaitasunen bat dutenak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak, babesgabetasun egoeran dauden adingabe eta gazteak, gizarte kalteberatasunean dauden pertsonak eta zainketen eremuko profesionalak.

Haiei mesede egiteko, 250,9 milioi euro baliatuko dituzte, azaldu dutenez. Aldundiak sustatutako zentro berriak irekiko dituzte, udalekin eta gizarte erakundeekin lankidetzan arituko dira instalazio berriak garatzeko, eta lehendik dauden zentroetan toki gehigarriak jartzea hitzartuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.