Zestoako Osinbeltz harrobiak begirada eta kamera guztien arreta bereganatu du egunotan. Bizigabetutako materiaren biltegia bertan egitea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, espazio hori berreskuratzeko asmoz. Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eman zien erabakiaren berri Zestoako Udal gobernuko ordezkariei aurreko astean. Hala, Zubietako TMB Tratamendu Mekaniko Biologikoaren plantan tratatutako material inertea jasoko du biltegiak.
Zubietako planta 2015eko urte bukaeran jarri nahi du martxan aldundiak. Material batzuk berreskuratu egingo dira, konposta egiteko edo birziklatzeko. Beste batzuk, aldiz, hondakin inerte bihurtuko dira, hots, lixibiatuen arauzko irizpideak bete eta aldaketa fisiko, kimiko edo biologikorik ez duen hondakin. Aldundiak materia inerte hori erabiliko du Osinbeltzeko harrobiaren zuloa bete eta mendia berreskuratzeko.
Izan ere, Osinbeltzen hautaketa arrazoitzeko, Gipuzkoako Diputazioak bi arrazoi nagusi plazaratu ditu: alde batetik, erabilerarik ez duen Gipuzkoako harrobirik handiena dela; eta, bestetik, ingurumen ikuspuntutik berreskuratu nahi den gunea ere badela. Hala, zestoarrek erabakiko dute berreskuratutako guneak zer-nolako itxura hartuko duen, modu horretan gune berria herritarren aisialdirako erabilgarri egon dadin.
Biltegia Osinbeltzen eraikitzeko erabakia zeresana ematen ari da herritarren artean. Errazkinen ustez, baina, kontuan hartu behar da aurkeztutakoa aurrerapen dokumentua dela. «Publiko egin duguna izan da aukera ezberdinen artean Osinbeltz harrobia aukeratu dugula. Hemendik aurrera etengabeko hartu-emana izango dugu Zestoako Udalarekin, ahalik eta zalantza gehien argitzeko. Prozesuak tramitazio bat behar du, alegazioak aurkezteko, aldaketak antolatzeko... Bitarte horretan gu udalarekin harremanetan izango gara».
Bide horretan, Zestoako herritarrengan kezka zabaltzea saihesteko asmoz, aldundiak nabarmendu du biltegira eramango duten materiak ez duela ez usainik ez lixibiaturik sortuko. «Zubietako plantan pilatutako materia organikoaren degradazioa %100era eramango dugu. Usainik eta lixibiaturik ez sortzeko gakoa Zubietako plantan egingo den prozesua ondo kontrolatzea da».
Horretarako, Alemanian duten arautegian oinarrituko da aldundia, hangoa baita Europako zorrotzena. «Arautegi horrek hiru parametro ditu. Adibidez, oxigeno maila baten azpitik ez dela bakteriarik sortuko. Beraz, parametro horiek neurgarriak direnez, arazo gehiagorik ez dela sortuko berma dezakegu». Zestoako Udaleko teknikariak arduratuko lirateke prozesuaren kontrolaz, Errazkinen esanetan haiek dutelako interesik handiena neurriak ahalik eta zorrotzenak izan daitezen. «Teknikariak udaletxearen menpe egongo dira. Hala, ezingo lukete inolako presiorik jaso. Lortzen diren emaitzen kontrola udalaren eskuetan utziko dugu».
Zubietako TMBren plantak 170.000 tona tratatzeko gaitasuna izango du. Osinbeltzeko biltegiak 70.000 tona inerte urtean. Osinbeltzeko biltegiak, berriz, hamabost urtean gordeko ditu hondakin inerteak, baina epe hori luzatzeko aukerarekin. «Azken urteetan harrobien ustiaketa handia izan da Gipuzkoan. Abandonatutako harrobi asko daude, eta, beraz, urte askotarako irtenbidea da. Hala ere, helburua gero eta gehiago birziklatzea da, biltegira gero eta tona gutxiago eramateko».
Ekaitza baretu nahian
Kexu agertu da Zestoako Udalarekin Joxe Mendizabal EAJren bozeramailea, haren esanetan udalak «eskua eman» baitio aldundiari hartutako erabakian: «Diputazioaren erabakia agertu aurretik, udalak esan zigun ez zuela inolako informaziorik. Eta atzera bota zuen aurkeztu genuen mozioa, Zestoa hondakin geldoen zabortegirik gabeko udalerri izendatzeko. Eta ondoren jakin dugu lau hautagaietako bat zela Osinbeltz harrobia. Udalak ateak zabalik utzi zizkion aldundiari mozioa atzera botata, eta guk jarrera hori salatu nahi dugu».
Mendizabalen esanetan, Zestoako herriak ahalmen gutxi du gai honen inguruan erabakitzeko, eta proiektuaren kontrako jarrera agertzeko eskatu dio Zestoako Bilduri. «Udala Bilduren hondakinen filosofiaren alde egongo da, noski, baina behintzat biltegia Zestoan jartzearen aurka agertzeko eskatzen diogu. Ez diogu eskatzen Bilduk sinesten duen sistemaren kontra egiteko, baina bai kasu honetan kokalekuaren aurka egiteko».
Zestoako Udalak, berriz, ez du eman oraingoz azalpenik gaiaren inguruan. Halere, egunotan Zestoako kale, parke eta tabernetan apenas dagoen lekurik beste gaientzat. Mendizabalen iritziz, azken urteetan giro lasaia sortzea lortu da Zestoan, «borroka diputazioan izaten baita, ez herrian». Horregatik, Zestoako EAJk, oraingoz, firma bilketa edo manifestaziorik ez duela aurreikusten azaldu du: «Oraingoz ez gara joko horren barruan sartuko».
Hala ere, ez du guztiz baztertu, garbi agertu baitu erabakiaren aurkako jarrera Mendizabalek: «Zestoako herritarrei lasaitasuna igorri nahi diegu, honek aurrera eginda ere tramitazio administrazioarekin bakarrik hamabost bat hilabeteko epea beharko baita. Beste ekintza batzuk egin behar badira, egingo dira, baina bitartean sortzen ari den ekaitz hau baretu behar dugu, oraindik denbora dagoelako. Udal eta Foru Hauteskundeak datoz maiatzean. Diputazioko gobernua lortzen badugu, proiektu hori tiraderan geldituko da».