Zalantzatiei azken deia

Otxandianok EH Bilduko dozenaka alkateren babesa jaso du; Tejeriak esan du EAJren aldeko botoa dela «aurrera egiteko bermea»; Itxasok ezkerreko boto baliagarri gisa aurkeztu du PSE-EE.

Bildu
Otxandiano, gaur goizean egindako ekitaldian, Bilbon. EH BILDU
Iosu Alberdi.
2024ko apirilaren 19a
12:05
Entzun

Gaur amaituko da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kanpaina, eta alderdiek azken bi asteen balantzea egiteko eta euren mezuak berresteko baliatu dute ostiral goiza. Denek ere jomugan jarri dituzte igandean noren aldeko botoa emango duten oraindik erabaki ez dutenak.

EH Bildu: udaletatik Jaurlaritzarako jauzia xede

Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak koalizioko dozenaka alkateren babesa jaso du gaur goizean, Bilbon egindako ekitaldi batean. Une hori baliatu du Otxandianok EH Bildu udaletan egiten ari den lana nabarmendu eta alkate horiek «ziklo politiko berriaren arkitekto» gisa definitzeko. Izan ere, haren esanetan, maiatzaren 28an hasi zen «aldaketa atzeraezina», eta orain aldaketa hori Eusko Jaurlaritzara eramatea da helburua, udaletako «lidergoa eta politika egiteko modu berriak» Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gobernura eramateko: «EH Bilduk gertuko politika ordezkatzen du, soluzioak eraikitzen dituena jendearekin batera. Gure lidergoa lidergo partekatu bat da, kooperazioa jartzen duena lehiaren gainetik».

Gasteizen, berriz, Eba Blanco eta Mikel Otero Arabako zerrendakideek nabarmendu dute zein garrantzitsua izango den lurralde hori igandean: «Araba izango da gure herrian garai politiko berri bati ateak irekiko dizkion herrialdea». Hala, arabarrei eta, zehatzago, zalantzan daudenei adierazi diete eurak ere «aldaketaren motorra» izan daitezkeela, eta «ezker fidagarriaren» aldeko botoa eskatu dute horretarako: «Galdetu zeure buruari ea orain arte bezala jarrai dezakegun. Ea betikoek jakin duten, edo ez, herri hau prestatzen jadanik hasiak diren aldaketa sakonetarako».

Tejeria eta Egibar, gaur goizeko ekitaldian, Donostian. EAJ
Tejeria eta Egibar, gaur goizeko ekitaldian, Donostian. EAJ

EAJ: «Ibilbideak alderatzeko» eskaera

EAJk Donostian egin du ostiral goizeko ekitaldia, Zergatik bozkatu EAJ? lelopean. Izan ere, haren helburua izan da mezu bat igortzea «igandean zer egin ez dakitenei». «Galde diezaiola bakoitzak bere buruari nork gobernatzea nahi duen herri hau», azaldu du Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburuak.

Tejeriak herritarrei eskatu die batzuen eta besteen «ibilbideak alderatzeko», argudiatuta «aurrera egitea edo atzera egitea» aukeratu behar dutela, «askatasuna edo kontrola». Eta, bide horretan, gehitu du EAJ dela «aurrera egiteko berme bakarra»: «Izan kritikoa, izan exijentea, baina eman zuen konfiantza EAJri».

EAJren GBBko presidente Joseba Egibarrek ere EAJren aldeko botoa defendatu du, alderdiaren «konpromiso etiko, politiko eta demokratiko garbia» nabarmenduta: «Elkarlanerako akordio zabalak lortzeko alderdi politiko bakarra Eusko Alderdi Jeltzalea da». Hark lehentasun gisa aurkeztu du «egoera ekonomikoa suspertzea eta lanpostu duinak sortzea», eta, nazio auziari erreparatuta, «euskal errealitate nazionala» eta «erabakitzeko eskubidea» aitortzea jarri ditu helburu: «Gure erantzukizuna da herri osoari aurrerabidea eskaintzea, ibilbide fidagarri eta egingarri batzuetatik».

Hala, Egibar zalantzan dauden gipuzkoarrei mintzatu zaie, orain arte EAJk Gipuzkoan egin duen lana azpimarratu eta, inkestak kontra izan dituzten arren, herrialde horretan ere irabaz dezaketela esan: «Argitu azken zalantzak, baztertu nagikeria, hartu boto papera eta bozkatu Eusko Alderdi Jeltzalea».

Denis Itxaso, gaur goizeko ekitaldian, Lasarte-Orian. PSE_EE
Denis Itxaso, gaur goizeko ekitaldian, Lasarte-Orian. PSE-EE

PSE-EE: Ezkerreko hautesleen «arriskuak»

PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburu Denis Itxasok kanpainaren balantzea egiteko baliatu du azken eguna. Lasarte-Orian (Gipuzkoa) egindako ekitaldi batean, azaldu du «abertzaleek nahi zuten kanpaina haustea» izan dela sozialisten xedea, eta uste du bete dutela helburu hori: «Erakutsi dugu bi eredu baino gehiago daudela herri honetan». Hortik aurrera, ezkerreko hautesleei aritu zaie, eta boto baliagarria euren aldekoa dela aldarrikatu. 

Itxasoren esanetan, ezkerreko hautesleentzat bi «arrisku» daude. Lehenik, EH Bilduri erreparatu dio, eta esan koalizio subiranistak ez duela «proiektu konkreturik», ezta «kudeatzeko gaitasunik» ere. «Azken hamar urteetan EH Bilduk agintzeko modua izan zuen aukera bakarrean, kudeaketarako gaitasun gabezia erakutsi zuen», azaldu du, Gipuzkoako Foru Aldundiari erreferentzia eginda. Hala, kritikatu du koalizio hori ezkerreko botoak baliatu nahian ibiltzea «auzi subiranista bati» ekiteko. 

Bigarrenik, sozialisten hautagaiak uste du arriskua dagoela ezkerreko hautesleen boto asko «zakarrontzira» joateko. Mezu horrekin, dei egin die «sakabanatuta aurkeztu direnen» alde bozkatzekotan daudenei, hau da, Elkarrekin Podemosen eta Sumarren alde bozkatzekoak direnei, argudiatuta «botere kuotak» eskuratzeko borrokan ari direla. Kontrara, esan du PSE-EEren aldeko botoek gobernabidean eragingo dutela: «Gure zakuan erortzen diren boto guztiek balioko dute hurrengo Eusko Jaurlaritzak ezkerreko politikak egiteko».

Miren Gorrotxategi, EHUko irakasle talde batekin, gaur. ELKARREKIN
Miren Gorrotxategi, EHUko irakasle talde batekin, gaur. ELKARREKIN

Elkarrekin Podemos: EHUren «gabeziei» erantzutera

Elkarrekin Podemoseko lehendakarigai Miren Gorrotxategi eta koalizioko beste zenbait kide EHUko irakasle talde batekin bildu dira gaur goizean. Irakasle horien artean zen Roberto Uriarte Unidas Podemoseko diputatu ohia. Horiek hezkuntza publikoaren defentsa egin dute, eta unibertsitate arloan EAJk eta EH Bilduk izan duten kudeaketa eta aurrera begira dituzten proposamenak kritikatu dituzte.  

Jon Bernat Zubiri irakasleak EH Bilduren kanpaina kritikatu du, «elkarlaneko gobernantzaz, kudeaketa publiko-pribatuaz eta kudeatzaile onez» aritu delakoan, «agintean dagoen alderdiaren antza» hartzeko xedearekin: «Urte askoan podemizatu eta alderdi morearen diskurtsoak hackeatu ondoren, mimetizazio bat bilatu du orain agintean dagoen alderdiarekin».

Izan ere, Ander Gutierrez Solana irakaslearen esanetan, EH Bilduk zein EAJk «kogobernu adostu» bat izan dute unibertsitateen alorrean, EHU «pobretu» duena. Zehazki, EH Bilduri egotzi dio Mondragon Unibertsitatearen mesedetan aritzea, eta EAJri Deustuko Unibertsitatearen alde. 

Hala, Uriartek salatu du jarrera horrek EHUko ikasleei eta bertako langileei eragin diela, eta hezkuntza publikoaren aldeko aldarria egin du: «Gabeziak zuzentzeko eta etorkizunean gizarte lehiakor bat, aukera berdintasuna eta igogailu sozialaren funtzionamendua bermatzeko, funtsezkoa da hezkuntza publikoa sustatzea».

Sustapen horretan, Oihane Mestraitua Elkarrekin Podemosen Bizkaiko zerrendakideak gakotzat jo du ikerkuntzan sartzeko euskal programa bat diseinatzea eta martxan jartzea: «Bokazio zientifikoa sustatzeko eta euskal ikasle gazteentzako karrera zientifikoen hasiera sustatzeko». Era berean, adierazi du unibertsitateko etapa guztiek doakoak izan beharko luketela. 

Rosa Martinez, gaur eguerdian, Barakaldon. SUMAR
Rosa Martinez, gaur eguerdian, Barakaldon. SUMAR

Sumar: EAJk eskainiko ez duen «lidergo publikoa» xede

Rosa Martinez Espainiako Gobernuko Gizarte Eskubideetarako Estatu idazkaria izan da Sumarrek Barakaldon (Bizkaia) egindako ekitaldiko gonbidatua. Hark adierazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoak «industria berdean nazioarteko erreferente» izateko beharrezko ezaugarriak dituela: «Ezagutza industriala, ehun industriala, formakuntza, kapitala, esperientzia». Hala, azaldu du bide hori jorratzeko «lidergo publiko bat» sustatzeko beharra dagoela. Izan ere, Martinezek uste du bide hori oraindik ez dela jorratu «EAJren kontserbadurismoaren erruz». Jeltzaleen lehendakarigai Imanol Pradalesi kritikatu dio «antsietaterik gabeko» trantsizio energetiko bat proposatu izana, argudiatuta jarrera horren atzean «kutsadurarekin negozioa» egiten dutenen defentsa dagoela. 

Ezker Anitzako Antolakuntza idazkari Iñigo Martinezek, berriz, kanpainari egin dio erreferentzia. Azaldu du «alternatiba ugari» daudela ezkerrean, baina eurena dela «aldaketa bermatu» dezakeena. Batetik, PSE-EEko lehendakarigai Eneko Anduezari bere «harrokeria» kritikatu dio, eta gehitu haren «alternatiba bakarra» Pradalesek «makulu» izatea dela. Bestetik, EH Bilduri txarretsi dio EAJri akordioak eskaintzea. Elkarrekin Podemos, berriz, ez du aipatu. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.