'ZALDIBAR AUZIA'

Zaldibarko zabortegian gorpu baten aztarnak topatu dituzte

Berna hezur bat topatu zuten atzo baskula zegoen lekutik 23 metro sakonago, eta gaur jarraitu dute bi beharginak bilatzeko lanetan. Ertzaintzaren arabera, bost egun barru izango dituzte DNA proben emaitzak.

Amildutako zabortegiko lanak, gaur. MIGUEL TOñA / EFE
jon olano
2020ko abuztuaren 16a
20:37
Entzun

Sei hilabete dira Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) lur jausi bat gertatu eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran azpian harrapatuta geratu zirela, eta haiek bilatzeko lanetan ari diren ertzainek giza arrasto batzuk topatu zituzten igandean. Bertara joan zen Polizia zientifikoa, aztertzeko topatu duten hezurra gizaki batena den eta, zehatzago, Beltranen edo Sololuzeren arrastoak izan daitezkeen.

Gaur, berriro ekin diete bilaketa lanei, eta erreskate taldeek gorpu baten aztarnak atzeman dituztela baieztatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Zehazki, atzo berna hezur bat topatutako eremu berean aurkitu dituzte arrasto gehiago. Oraingoz ez dakite norenak izan daitezkeen aztarna horiek; hipotesi nagusia da atzo eta gaur aurkitutako arrastoak pertsona berarenak direla, baina ikertzaileek ez dute hipotesirik baztertzen. Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu du gorpu baten aztarnak direla topatutakoak. Ertzaintzaren unitate zientifikoko buru Juan Vicente Bilbaok adierazi du bost egunen buruan izango dituztela DNA proben emaitzak.

Gaur bertan, Alberto Sololuzeren senideekin batzartu da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria. Joaquin Beltranen senideek Euskadi Irratiari adierazi diotenez, berriz, uko egin diote bilerara joateari, azalduta informazioa nahi dutela, ez argazki bat egitea.

Baskulatik 23 metrora

Atzo Jaurlaritzak jakinarazi zuenez, 17:00 aldera aurkitu zuten hezurra, baskula zegoen eremuan (B1); hain zuzen, bilaketa lanak indartu zituzten eremuan, bi langileak bertan egon zitezkeelakoan. Tela zati batean inguratuta zegoen hezurra, eta Polizia zientifikoak 18:30 aldera itxi du gunea, bilaketa lanak geldiaraztearekin batera.

Josu Zubiaga Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordeak eta Aitor Zulueta Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak agerraldia egin dute 20:30ean, azalpenak emateko. Zubiagaren hitzetan, "250.000 metro kubo hondakin mugitu eta gero, oso baldintza gogorretan lan egin eta gero, lan horrek emaitza eman du: arrasto bat aurkitu da". Baieztatu du hezurra pertsona batena dela; zehazki, tibia bat. Inguru hori mugatu egingo dute aurrerantzean, zehatzago lan egiteko, ez obra makinariarekin. Gaur bertan jarraitu dute biak bilatzeko lanetan; 09:00 aldera berrekin diete. Era berean, topatutako hezurraren DNA proba egingo dute, Beltranena edo Sololuzerena den jakiteko. Espero dute astebete inguruko epea izatea emaitzak.

Haren hitzetan, luizia gertatu zenean bi beharginak zeuden lekuaren "perpendikularrean" topatu dute arrastoa, baskula zegoen lekutik 23 metro sakonago. Zubiagak bi familiei "pazientzia pixka bat" izateko eskatu die, bilaketa lanak "emaitzak" ekartzen ari delako.

Zuluetak, berriz, Euskadi Irratian azaldu du makina handiak alboratuko dituztela orain, eta txikiagoekin egingo dutela lan: "kilo bakoitza" aztertuko dute aurrerantzean, arrasto gehiago topatzeko aukera dagoela eta. Erantsi du ez dutela "presaka" aritu nahi, eta "ondo" lan egitea dela helburua.

Zer gertatu da Zaldibarko zabortegian?

Sei hilabete

Eitzagako zabortegia (Zaldibar, Bizkaia)  otsailaren 6an amildu zen, eta bi langileak desagertu ziren orduan. 50.000 herritar inguru konfinatzea ere eragin zuen amiltzeak. Sei hilabete eta 11 egun pasatu dira dira hondamendia gertatu zenetik, eta auzia argitzeko eta gorpuak aurkitzeko eskatu dute hilabeteotan senideek eta Zaldibar Argitu plataformak. Duela bi aste, bi beharginak oroitzeko ekitaldiak egin zituzten Markina-Xemeinen eta Zallan, haien sorterrietan. Aurrez, horrelakorik “berriro ez gertatzeko bermeak” galdegin zituzten.

Egunean bertan hasi ziren bi langileak bilatzeko lanak, baina gorabehera asko izan dituzte. Besteak beste, luizi gehiago egoteko arriskuak, eremuan amiantoa aurkitu izanak eta hondakinek eragindako suteek lan egiteko modua aldatzera behartu zuten. Apirilaren 6an, zabortegia amildu eta bi hilabetera, Sololuzeren autoa topatu zuten, baina harrezkero ez da izan bi beharginen arrastoei buruzko albisterik.

Verter Recycling 2002 SM enpresak kudeatutako zabortegia da amildutakoa, eta enpresak eginiko kudeaketa eta hondamendian izandako ardura auzibidean dira. Uztailaren 21ean, Jose Ignacio Barinaga Verterren jabea, Arrate Bilbao kudeatzailea eta Juan Etxebarria azpiegituraren ingeniaria atxilotu zituen Ertzaintzak, baina bi egun geroago aske utzi zituen epaileak, karguak egotzita. Gainera, atxiloketek zeresana eman zuten, Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia ez baitziren bat etorri atxiloketen prozeduran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.