Ezbeharra

Zallako Udalak doluminak eman dizkie trenak harrapatuta hildako neska gaztearen senideei

Atzo arratsaldean gertatu zen istripua, Zallako geltokitik hurbil. 17 urte zituen zendutako emakumeak.

Trenbide bat, artxiboko irudi batean. JON URBE/ FOKU
2022ko maiatzaren 26a
12:02
Entzun 00:00:0000:00:00

Zallako Udalak (Bizkaia) doluminak adierazi dizkie, herritar guzien izenean, atzo trenak harrapatuta zendutako neska gaztearen familiari eta lagunei: «Istripu tragiko honen aurrean, gure herria lur jota dago. Bizitza bat galtzea beti da gogorra, baina batez ere galtzen den bizitza hori gazte batena denean». 17 urte zituen neskak, eta Zallako tren geltokitik hurbil harrapatu zuen trenak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi zuen 15:50ean gertatu zela ezbeharra, Zallako geltokiaren ondoko trenaren pasabide batean. Larrialdi zerbitzuek ezin izan zuten emakumea suspertu. Trenbideko zirkulazioa eten zuten atzo Zalla eta Aranguren artean.

Udalak jakinarazi du «familiaren esanetara» dagoela «behar duen orotarako».

Aldarriak, «beste baterako»

Radio Euskadi irratiak elkarrizketa egin dio goizean Juanra Urkijo Zallako alkateari (EAJ), eta adierazi du «atsekabetuta» daudela herritarrak: «Kolpe gogorra izan da». Herrian trenaren pasabideekin dagoen arazoaz galdetuta, ordea, adierazi du «aldarrikapenak beste egun baterako» utzi behar direla. 34 trenbide pasagune daude Zallan, eta alkateak aitortu du herriko «arazo nagusietako bat» direla: adierazi du udala lanean ari dela Adifekin eta Renferekin arazo hori «urgentziaz» konpontzeko. Pasabide horietako anitz herrigunean daude, bai Mimetizen, bai Arangurenen, eta, alkatearen hitzetan, «oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorriak ugariak» dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.