Zama bihurtu den laguntza

Vitalquiler programaren jarraipena airean jartzeak bost urterako kontratua sinatu zuten erabiltzaile askoren egonkortasuna kolokan jarri du, 2014tik aurrerako jarraipena zehaztu gabe dagoelako.

Maizterren protesta, Vitalquilerreko etxebizitza batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2013ko martxoaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kontratua sinatzean bost urterako egonkortasuna nahi duzu; zentzuzko alokairu bat, aurrera begiratu ahal izateko». Arantza Urrutiak, orain arte, 325 euro ordaintzen zuen Vitalquiler enpresaren alokairuzko etxebizitzaren truke, baina ez daki hamar hilabete barru 687 euro ordaindu beharko duen. Bost hilabete dira bizitzera sartu zela, eta altzariak erostea ere atzeratu egin du etorkizuna argitu bitartean. «Nire alabarekin bizi naiz etxean, eta zalantza hori guztia zaplastekoa eman balidate bezala izan da».

Vitalquiler enpresako alokairuzko etxebizitzetan bizi diren 700 familiek ilunago ikusten dute etorkizuna azken asteetan. Pertsona horiek bost urterako kontratua sinatu zuten Vitalquilerrekin, urtero berraztertu beharrekoa. 35 urte baino gutxiago izateagatik, Vital Kutxako Gizarte Ekintzaren laguntza bat jasoko zutela zehazten zuen kontratuak. Laguntza horri esker, 350 eta 400 euro arteko batez besteko alokairua edukiko zuten. Ordea, Vital Kutxaren diru laguntza horren jarraipenari buruzko eztabaidaren eskutik arazoak agertu dira.

Vitalquiler enpresak otsailean berritu behar zituen kontratu batzuei laguntza kendu, eta, egun batetik bestera, kuota bi aldiz handitu zien, Vital Kutxako Gizarte Ekintzak laguntza emango ez zuelakoan. 700 familia horiek argibide eske jo zuten Vital Kutxara eta Vitalquiler enpresara, baina ez zuten azalpen argirik jaso. Bizilagunen ezinegona martxoaren 7an azaleratu zen. Vital Kutxako Administrazio Kontseiluak 2013. urterako Gizarte Ekintzak izango zuen aurrekontua zehaztu behar zuen. Dozenaka pertsona bildu ziren eraikin nagusiaren kanpoaldean, eta kontseilarien jokabidea salatu zuten, bilerara sartzen ari zirela.

Bilera hartan, 2013an 35 urtetik beherakoen laguntzari eustea erabaki zuten. 2013an 1,6 milioi euro jarriko zituztela jakinarazi zuten. Ordea, ez zuten erantzunik eman 2014tik aurrerako irizpideen inguruan.

Gizarte Ekintza, dirurik gabe

Fernando Arangiz Vital Kutxako presidenteak jakinarazi du, Gizarte Ekintzaren aurrekontuarekin ez dutela laguntzei eusterik. 2013rako aurrekontua mantendu arren, aurrera begirako finantzaketa kolokan utzi du Arangizek. Gizarte Ekintzak hori egiteko aukeraduela berretsi du, SER irrati katean emandako elkarrizketa batean, non kontratuan zehaztuta dagoela argitu baitzuen. «Kontratua sinatzerakoan oso argi agertzen da urtero laguntza berritu daitekeela, edo ez».

Programa kolokan dagoela aitortu arren, azken hilabeteetan gertatutakoa «gaizki-ulertu» bati egotzi dio Vital Kutxako presidenteak. Hain zuzen ere, 2013ko urtarrilaren 29an sinatutako gutun batean Arangizek berak une horretatik aurrera sinatutako kontratuei laguntza ez ematea agintzen zuen; ez, ordea, berritu behar ziren kontratuei. Halaber, Vital Kutxako Gizarte Ekintzako web orritik laguntzari buruzko propaganda kentzeko eskatu zuen gutun horretan.

Vitalquiler enpresaren gaizki-ulertua izan dela jakinarazi du Arangizek, eta, horrenbestez, enpresa horrek zuzendu beharko duela gaineratu du. Ordea, «gaizki-ulertuak» argitzeko bidean dauden arren, eztabaidaren funtsa indarrean dago oraindik ere: 2014. urtean Gizarte Ekintzak laguntza ematen jarraituko duen edo ez. «Laguntzarik ematen ez badute, ohiko merkatuko prezioa ordaintzera behartzen gaituzte, baina etxebizitza hauek sozialak direla esaten jarraitzen dute», azaldu du Urrutiak. Sozialtzat jotzearen ondorioz, horietako bizilagunek ez dutela Etxebidera jotzerik nabarmendu du Odettek, Urrutiaren egoera bertsuan dagoen Vitalquilerreko beste maizter batek.

Urte bukaeran Gizarte Ekintzak laguntza etengo balu, Vitalquilerreko etxetik mugitzeko aukera aztertuko dutela jakinarazi dute Urrutiak eta Odettek. Gaur-gaurkoz altzariak erosteko asmoari utzi diola jakinarazi du Urrutiak; gertatuko denaren zain dago. Etxe aldaketak ekarriko lituzkeen traben gainetik, umearen eskolaratzea ere baldintzatu dezake ikasturte erdian, bigarren aldiz bi urteko epean.

Vitalquilerreko bizilagun batzuk mobilizatzen ari direla gaineratu dute, eta egoera argitu bitartean horretan jarraituko dutela erantsi, hasierako kontratuan zehaztu zieten laguntza jasoko dutela bermatzeko. Ordea, hori argitu bitartean, alokairua garestitzea pentsatuko balute aurrez abisatzeko ere eskatu dute, erabakiak hartzeko denbora izan dezaten. «Maizterrak etxea utzi nahi badu, hiru hilabete lehenago jakinarazi behar du. Zergatik haiek alda ditzakete baldintzak egun batetik bestera?»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.