Euskal Memoria Fundazioak euskararen zapalkuntzari buruzko liburu mardula plazaratu zuen iazko azaroan. Ia mila orrialde ditu Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria liburuak. Eusko Legebiltzarrean izan dira Dabid Anaut liburuaren egilea eta Arantxa Erasun Euskal Memoria Fundazioko kidea. Euskaraz egiteagatik jipoiak, jazarpena, mespretxuak eta zigorrak jasan dituzten hainbat lagunen bideo batekin ekin diote agerraldiari. Horren ostean, Anautek eta Erasunek hartu dute hitza. "Hizkuntza jazarpenaren biktimei dagokien aitortza egiteaz gain, egungo egoeraren gakoak iraganean daude", baieztatu du Anautek. Azken 300 urteetan, euskararen jazarpena "sistematikoa" izan da Anauten arabera. Eta jazarpen fisikoa baino, bestelakoa izan da indartsuagoa: "Zapalkuntza fisikoaz gain, ideologikoa tresna indartsua izan zen euskara zapaltzeko".
Legebiltzarkideko talde guztiek hartu dute hitza ondoren, PPk salbu. Xabier Isasik (EH Bilduk), hasteko, legebiltzarrean gai hori jorratzen den lehen aldia dela gogoratu du. Eta historian izandako jazarpenaz gain, egun ere horren arrastoak badirela baieztatu du: "Egun ezin da euskara betean bizi". Maria del Carmen Lopez de Okarizek (PP) hitz egiteari uko egin ostean, PSE-EEko Vicente Reyes etorkizunean hizkuntza zapalkuntzarik ez errepikatzeko eskatu du. EAJko Juan Antonio Arieta-Araunabeñak, berriz, frankismo aurreko zapalkuntzaz galdetu die egileei. "Euskararen zapalkuntza duela bi milurtekotik gaur egunera arte egon da. Eta oraindik ez da bukatu", erantzun dio Anautek. Egileak dei egin die legebiltzarkideei euskaldun elebakarren azalean jartzera, "haien etxean ere arrotz sentiarazi dituzte eta". Amaitzeko, Erasunek bizirik diren lagunen lekukotzak jasotzearen garrantzia nabarmendu du, "etorkizuneko belaunaldiei uzteko" gako direlako.
"Ariketa kolektiboa"
Liburua aurkeztu zutenean "ariketa kolektibo baten" emaitza zela adierazi zuten egileek : jazarpena jasan duten euskaldunen lekukotasunak, euskararen inguruan aritu diren artikuluak eta aditu batzuekin egindako elkarrizketak biltzen ditu lanak.
Anautek gogoratu duenez, mende batzuk dira jazarpena hasi zela, betiere, euskara zokoratu eta ahultzeko helburuarekin. "Euskarak aldeko eta aurkako indarrak izan ditu, oso aspalditik. Balantzea, neurri batean bederen, gurera etorri diren erdaren aldekoa da, gurean nagusitu direlako eta gaurko argazkia utzi digutelako".