Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Zapaterok EAJri eskatu dio "fair playz" har dezala oposiziora pasatzea

"Denoi pasatu izan zaigu inoiz oposiziora pasatzea. Demokraziako parte da hori", esan du Espainiako gobernuburuak. Patxi Lopezek adierazi du "baztertu ezina" dela "lehendakaria sozialista izatea". Iñigo Urkulluk PSE-EErekin unean uneko akordioak egiteko borondatea agertu du, baina uste du Lopez lehendakari izateko aurkeztuko dela eta PPk babesa emango diola. Ondorioz, "EAJk Arabako Foru Aldundia edota Getxoko Udala ere gal ditzake". EAJk ez du Ibarretxe erretiratuko sozialistekin hitzarmenetara heltzeko. Aralar, oposizioan.

2009ko martxoaren 3a
18:35
Entzun
"EAJ Eusko Jaurlaritzan ez badago, fair play-z hartzeko eskatzen diot, ez ditzala erabili hitz zatarrak". Hala esan du gaur eguerdian Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidenteak, Madrilen. Atzo PSOEk babesa eman zion Patxi Lopez PSE-EEko hautagari Jaurlaritzako lehendakari izateko, baita honek gutxiengoan gobernatu behar badu ere.

"Denoi pasatu izan zaigu inoiz [oposiziora pasatzea]. Demokraziako parte da hori", adierazi du Zapaterok, Madrilen.

Emaitza ofizialen arabera, 30 legebiltzarkide ditu EAJk, 24 PSE-EEk (baliteke Araban ostiralean 25.a lortzea). EAJk ez luke gehiengo osorik EA, EB eta Aralarrekin (37 denera), PSE-EEk bai PP ere UPDrekin (38 denera).

Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak gaur esan du "igandeko emaitzak ikusi eta gero baztertu ezina" dela "lehendakaria sozialista izatea". "Aldaketaren alternatiba izateko konfiantza daukat", esan du gaur, Bilbon. Gobernuaren "egonkortasuna" bilatuko du.

"EAJk behingoz, onartu egin behar du beste alderdi bat dela, ez dela hemengo erregimena edo erlijioa", adierazi du. "Eta ezer ez da pasatuko EAJ oposiziora pasatzen bada".

PSE-EEk ere bere bilera saila antolatuko duela iragarri du Lopezek.

EAJ ere prest dago gutxiengoan gobernatzeko

PSE-EE bezala, EAJ ere prest dago Eusko Jaurlaritzan gutxiengoan gobernatzeko. Hala esan du gaur goizean Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Hala, batetik "oraingoz" baztertu egin du PSE-EErekin koalizioa osatzea Jaurlaritzan baina, bestetik, prest agertu da sozialistekin unean uneko akordioak egiteko.

Aurreko legealdian EAJ-EA-EB hirukoak Eusko Legebiltzarrean gehiengo osorik ez zuela izan gogoratu du Urkulluk, baina 48 lege onartu zituztela, PSE-EErekin-eta hitzarmenak lortuta. Aurrekontuak ere hala onartu izan zituzten, sozialistekin akordiora helduta. "Orain formula desberdinak egon daitezke", iritzi dio Urkulluk.

Eta PSE-EEk EAJri koalizio akordiora heltzeko eskatuko balio Juan Jose Ibarretxe lehendakarigaia erretiratzea? "Alderdi bakoitzak aurkezten du bere hautagaia eta guk buruan Ibarretxe ez kentzea dugu", esan du Euskadi Irratian.

EAJko presidentearen "susmoa" da Patxi Lopez PSE-EEko kidea lehendakari izateko aurkeztuko dela eta PPk babestu egingo duela. "PPren babesa ez da doanekoa izango, eta EAJk Arabako Foru Aldundia edota Getxoko Udala ere gal ditzake. Susmoa baino gehiago da hori".

PSE-EE lehendakaritzara helduko balitz, Urkulluren ustez ez luke "gizarteko aniztasuna errespetatuko, EAJ izan baita irabazlea, EAJ bi lurraldetan garaile izan baita eta bestean ia, %8ko aldea atera diolako bigarrenari... Gizartean berretsi egin du EAJren proiektua". Hala, "iruzurra" litzateke PSE-EEkoa lehendakari izatea.

Gainera, Lopez lehendakari izatea ez litzateke onerako, EAJko buruaren ustez, "PSEren erabakigunea Madrilen dagoelako, igandetik aurrera ere ikusten ari garen bezala. EAJk, aldiz, Euskadiri, EAEri baino ez diogu begiratzen".

Aralar, oposizioan

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak jakinarazi du bere alderdia Eusko Legebiltzarrean oposizioan geratuko dela, aurreko legealdian bezala. "EAJrekin eta PSE-EErekin bilduko gara, entzuteko. Aralarrentzat hau ez da unerik komenigarriena gobernuan ardura zehatzik hartzeko".

"Mapa politikoak aldatzen" segituko duela iritzi dio Zabaletak, eta Aralarrek hazten jarraituko duela EAEn. Lau parlamentari lortu zituen igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.