Modu horretan erantzun die Egibarrek Zapaterok asteartean Espainiako Senatuan eginiko adierazpenei. Agerraldi hartan Zapaterok zehaztu zuen Espainiako Gobernuarentzat ezker abertzalearen mugimenduak ez direla nahikoak -«ondorioak izan ditzakete, baina ez dira nahikoak», esan zuen-, eta Gobernuaren mugarria ETAren indarkeria gaitzestea edo erakunde armatua desagertzea dela berretsi zuen.
Egibarren irudiko, baina, Espainiako gobernuburua jakitun da bakea eta normalizazio politikoa lortzeko «denbora politiko berri» bat sortzen ari dela Euskal Herrian. Buruzagi jeltzalearen arabera, hala jakinarazi diote EAJko negoziazio taldeak eta Iñigo Urkullu EBBko presidenteak berak Zapaterori Espainiako aurrekontuen harira Madrilen izan dituzten bileretan.
Dena den, Egibarrek onartu egin du, «oraindik» ez dela «egoera hori sortu». Hala ere, bide horretan urratsak egitera deitu du Espainiako gobernuburua. «Denbora politiko berri bat ireki behar da. Denon artean sortu behar ditugu baldintzak bakea eta normalizazio politikoa lortzeko», azaldu du GBBko buruzagiak.
Egibarren ustez, «bidea egin behar da oraindik», baina ETAren su-eten «egiaztagarri, iraunkor eta behin betiko» bat urrats «positiboa» izango litzateke norabide horretan. Horren harira, «konfiantza osoa» agertu dio Brian Currin buru duen «bitartekaritza talderi». «Ziur naiz ez dutela pausorik emango ETAk ez badu armak uzteko borondate argirik erakusten». «ETAk badaki zein diren bere erabakiaren mugak», nabarmendu du Egibarrek.
Ezker abertzalearen legeztatzeari dagokionez, GBBko buruzagiak adierazi du ezinbestean indar politiko hori hauteskundeetan egon behar dela. PPk proposatu duen «berrogeialdiari» buruz esan du halako proposamenak «onartezinak» direla demokrazia batean; «kutsu faxista eta diktatoriala» dutela gaineratu du.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta Joseba Agirretxea diputatuarekin batera egindako agerraldian, Egibarrek azaldu du aurrekontuen negoziazioetan EAJk «egonkortasunean eta normalizazio politikoan» eragiten duten gaiak jarri zituela mahai gainean. «Herriaren babesa zuten alderdiek, eta herri horren babesaren arabera dagokien ordezkaritza izan beharko luketela adierazi genuen, eta oraindik ez gaude egoera horretan», salatu du.