Urtarrilaren amaieran egin zuen salaketa Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak (Gipuzkoa): Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 140.000 euroko isuna jarri zien, ikastolaren esanetan, sailak ikastolatik «kanporatu» nahi izan zituelako seme-alabak bertan matrikulatu nahi zituzten zortzi familia, baina ikastolako kideek erabaki zutelako guztiei «ateak zabaltzea». Gaur, prentsaurrekoa eman dute iragartzeko lortu dutela hori ordaintzeko dirua, eta eskerrak eman dizkiote bide horretan babestu dituen komunitate osoari.
Ikastolako ordezkarien irudiko, 140.000 euroko isun hori «bidegabea» izan zen, «Hezkuntza Sailaren boterekeria»: «Gure ikastolak prozesu hartan ez zuen inolako diru iruzurrik egin, inongo momentutan ez baikenuen ez zegokigun diru publikorik jaso». Are, uste dute isunak ez duela inolako ekarpenik egin: «Bagenekien eta badakigu isunak ez duela sakoneko eta egiturazko hezkuntzaren arazoen konponbidean inongo ekarpenik egin. Izan ere, isun honen atzean dagoen dekretuak, duela hiru urtetik Hezkuntza Sailaren matrikulazio prozesua arautzen duenak, ez du balio izan segregazioa desagerrarazteko».
Alta, behin isuna jasota, eskertu dute Euskal Herri osotik jaso dutela babesa: «Bagenekien ez geundela bakarrik. Bagenekien elkartasuna ikastolen komunitatearen erraietan dagoen balio bat dela, elkartasunetik eta lankidetzatik, euskara, euskal kultura eta Euskal Herriaren aldeko konpromisotik jaio zirelako ikastolak». Azaldu dutenez, lehenengo Zarauzko ikastolako bertako komunitatea aktibatu zen. Eta, «komunitate oso bat» direnez, Zarauztik haragoko ikastolen komunitatea ere aktibatu zen: «Besteak beste, txokolate jana solidarioa antolatu zuten Tolosan, Izan Hartxintxar eguna Usurbilen, gure ikastolaren aldeko festa Orion eta azoka Baztanen. Horretaz gain, haur bat euro bat ekimenean, hainbat eta hainbat ikastolatako ekarpenak ere jaso ditugu».
Guztiei eskerrak emateko baliatu dute prentsaurrekoa: «Eskerrik asko bihotz-bihotzez lau hilabete hauetan modu batean zein bestean elkartasuna adierazi diguzuen norbanakoei, elkarteei, erakundeei eta enpresei. Eta eskerrik asko bihotz-bihotzez babestu gaituzuen ikastoletako kide guztiei. Jaso dugun babesa eta maitasuna izugarria izan da. Indartu egin gaitu, garen horretan berretsi. Prozesu honek ikastolen proiektuaren herri izaera eta bere funtzio estrategikoa agerian utzi ditu, beste behin».
Ekarpena elkartasun kutxara
Horiek horrela, dagoeneko lortu dute isuna ordaintzeko adina diru, baita ia 10.000 euro gehiago ere. Ikastolen Elkarteko elkartasun kutxarako izango da, «bertatik premia handiena duten ikastolei laguntzeko»: «Euskal Herriaren luze-zabalean dauden ikastola eta euskararen aldeko proiektu guztiak babesten eta indartzen jarraituko dugu».