Memoria historikoa

Zarauzko zartailua

Argentinak haren estradizioa eskatu berri du guardia zibil zenean egindako torturengatik. Urte haietako batzuk Zarautzen egin zituen. Herrian oraindik ondo gogoratzen dute Malekoian zaldiz ibiltzen zen 'teniente Muñecas'.

Jesus Muñecas, zaldiketa sari bat jasotzen.
Irune Lasa.
2013ko irailaren 29a
18:13
Entzun

Zarautzera 1968an iritsi zen, 30 bat urte zituela. Eta berehala egin zen ezagun herrian, Muñecas tenientea ez baitzen besteak bezalakoa. "Txuloputa bat zen". Hori da hura gogoratzen duten ia gehienek erabili duten hitza, "txuloputa", "txuloa", "harroa", "tentea"...

"Ez zen beste edozein guardia zibilek eramaten zuen manta handi haiekin ibiliko, ez", gogoratu du Ramon Leundak. Aitzitik, belaunetarainoko bota luze beltz lustratuekin paseatzen zen herrian, Malekoitik zaldian ibiltzeko janzten zituen bota berberekin.

Kale Nagusian zuen kuartela Guardia Zibilak, Etxezabalan, eta, izuari esker, kalean nagusi zen. Herria azpiratzeko beste modurik ez baitzuten: izua, jazarpena eta odola. Muñecas tenienteak ez zeukan horretan zalantzarik. "Ez dut etsiko zuen hondartza puta hori odolez blaitu arte!", bota zuen behin marru bizian Naia dantzalekuan, Anjel Lertxundik egunotan gogoratu duenez. Hala ere, beldur eta mehatxuei aurre eginez, Manolo Urbietak eta beste hainbatek, erdi ezkutuan bazen ere, euskal kantak tartekatzen jarraituko zuten Naiako dantzaldietan.

Eta gerora Euskadiko Ezkerrako zinegotzi izango zen Ramon Leundak ere segitu zuen guraso elkartea, eskola soziala eta herriko beste hainbat ekimen bultzatzeko lanetan, nahiz eta tartean ezagutu behar izan zituen, beste askoren moduan, Ondarretako Guardia Zibilaren egoitza, Martuteneko kartzela eta baita Zarauzko Kale Nagusiko kuarteleko ziegak ere. Ez zuten aitzakia handirik behar Leunda atxilotzeko. Ondo gaztea zela, Espainiako bandera batzuk kentzeagatik harrapatu zuten, eta soldaduskan hasi zen bekatua ordaintzen. Gero, fitxa harekin, "edozer gauza gertatzen zela deitu egiten ninduten". Hark dioen moduan, "atxilotuta, atxilotuta... zazpi bat aldiz uste dut, eta gero bestela... ez naiz gogoratzen". Kontaezinak dira-eta kuartelerako bisitak. Muñecas tenienteak tratu txarrik eman zionik ez du gogoan Leundak. Horretarako Donostiara eramaten zutela dio, baina baita zaplazteko batzuk eman zizkiola ere. Bikotekideaz galdezka Kale Nagusiko kuartelera joandako Leundaren emazte Itziar Astiazarani ere hiru zaplazteko eman zizkion behin Muñecasek, eta berekin zaldi zartailua erabiliko zuela egin zion mehatxu. "Bai, zartailuarekin mehatxu bati baino gehiagori egin zion, eta esango nuke nik zartailu hura ikusi dudala Muñecasen beraren bulegoan".

Zartailu hura izango ote da Iñaki Elorza Txapas kazetariak Muñecasen bulegoan ikusitako zigor makila antzeko hura? 16 urterekin pasatu zen Elorza Zarauzko Kale Nagusiko kuartel hartatik. Azpeititik Zarautzera mendiz joana zen lagun talde bat; "1968ko abuztu amaiera edo irail hasiera izango zen". Arratsalderako, menditik jaitsi eta hondartzara joan ziren, motxila eta bota handiekin. Ezkerreko eskumuturreko erlojuari begira zegoen gizon bat ikusi zutenean, "hura polizia duk", esan zuen lagun taldeko batek. Muñecas tenientea zen, kaleko jantzita. Gazteengana hasi zen korrika, eta haiek ere korrika hasi ziren, guardia zibilak motxila handiarekin zihoan Elorza harrapatu zuen arte. "Pistola txikia atera, eta kalean apuntatuz eraman ninduen kuartelera".

«Hire bizkarrean»

Kolpe mordoa jaso zituen han Elorzak arratsalde eta gau hartan; "hura niretzat pasata dago", dio, eta ez da gogoratzen Muñecasek berak parte hartu zuen kolpe haietaz. Abuztu horren hasieran hil zuten Meliton Manzanasengatik galdetu ziotela bai. "Gogoratzen naiz erakutsi zidatela makila... zigor moduko bat, eta esan zidan 'hemen izan diagu ez dakit nor atxilotua eta harekin ez diagu hautsi, baina hire bizkarrean hautsiko diagu'". Goizeko ordu txikietan libre utzi zutenean Muñecas tenienteak galdera bota zion Iñaki Elorzari: "Zer esango diek orain Azpeitiko lagunei? Zer egin diagun Zarautzen?". Elorzak ondo gogoan du zer erantzun zion: "Putaseme batzuek zaretela esango diet". Barrezka oroitzen du orain hura: "Ez zidaten ezer egin; dirudienez, hartu beharreko guztiak jada hartuak nituen". Ez ziren bi egun pasatu Azpeitian, tren geltokira bidean Elorza gazteak eta haren lagunek berriz ere Muñecas tenientea ikusi zutela. "Kale erdian gelditu egin zen, gu agurtzera, lagunak izango bagina bezala!".

Itziarren semea

Zartailu hura... Ez dakit noren gainean haustea lortu ez zuten zartailu hura... Ez al zen ariko Muñecas tenientea Andoni Arrizabalagari buruz? Izan ere, hain justu, 1968ko abuztu amaierako egun haietan pasa zen Arrizabalaga Zarauzko kuartel hartatik, Gipuzkoan ezarrita zegoen salbuespen egoera baliatu nahi baitzuten abuztuaren 18an Ondarroan hasitako atxilo aldia nahi beste luzatzeko. Telesforo Monzonek Itziarren semea abestian jaso zuen Arrizabalagak 22 egunez jasandako sufrikarioa, lehendabizi Ondarroan, gero Zarautzen eta ondoren Donostian. Zarauzko Kale Nagusiko kuarteleko eskailera zuloan hirugarren solairutik eduki zuten buruz behera zintzilik batek daki zenbat denboraz...

Herrian, Zarautzen, hasieran ez zekiten hura kuartelean zeukatenik. Eta, gero, han zegoena nor zen jakiteko ere denbora behar izan zen. Beste atxiloturen batek ikusi eta ezagutu zuen Andoni. Eta non zeukaten bila egunetan ibili ostean, Arrizabalaga Zarautzen zegoela halaxe jakin zuten haren senideek. Aitak eta anaia batek Kale Nagusiko kuartelean atean zegoenari galdetu zioten Andoniz. Eta hark itxaroteko esan zien. Muñecas tenientea jaitsi zen arte. Hark sartzera gonbidatu eta gela batera eraman zituen. Han zeukaten Andoni Arrizabalaga, aulki batean eserita, eskuburdinak jarrita, ez ezagutzeko moduan, aurpegia mailatuta, eskuak handituta... Muñecasek altxatzeko agindu zion atxilotuari, eta hark lanak izan zituen gorputz ubeldua mugitzen. Aita eta anaia, hunkituta, hitzik gabe zeuden. "Hau gertatzen da kolaboratu nahi ez dutenean", azaldu zien Muñecasek, irribarre ziniko batekin. "Muturrerainoko probokazioa da aita bati semea horrela erakustea", kontatu du Andoniren anaia Jon Arrizabalagak. Zortzi urte geroago, 1976an, Andoniren beste bi anaiek ere, Josek eta Mikelek, ezagutu zituzten Muñecasen kolpeak, Ondarretako kuarteletik pasa zirenean.

Arrizabalagaren sufrikarioaren mina Euskal Herri osora zabaldu zen Monzonen abestiaren bidez, baina Zarautzen lorratz berezia utzi zuen, hantxe, Kale Nagusian baitzegoen gaiztakeriaren gunea. Gertakariaren inguruko herriko giro hura islatzen du Anjel Lertxundik Konpainia Noblean (Alberdania, 2004) liburuko Itziarren semea deituriko ipuinean. Lertxundiren Etxeko Hautsa (Alberdania, 2012) eleberrian ere agertzen da Kale Nagusi batean dagoen guardia zibilaren kuartela, baita Zakur Beltz goitizeneko teniente bat ere.

Zertarako horrenbesteko basakeria Arrizabalagarekin? Galdera erretorikoa dirudienak erantzun argia du beste Arrizabalaga batentzat. Juan Mari Arrizabalaga Madariaga Belarrio-k badaki zergatik horrenbesteko basakeria: "Izenak nahi zituen Muñecasek, ez da besterik. Izenak bildu, jendea atxilotu, espedienteak bete eta bere goikoen aurrean merituak egin, Guardia Zibilean gora egiteko".

Sokaren alde ahulena

Juan Mari Arrizabalagak ondo ezagutu zuen Muñecas bere Zarauzko urte haietan. 1968an atxilotu zuen lehen aldiz, Begoña arrebarekin batera. Gau hartan amorratua zegoen tenientea. Norbaiten bila joan Arrizabalagaren etxera, eta hark epailearen agindua eskatu zion sartzen uzteko. Gauez, ezin agindua lortu, eta Muñecasek inguratua izan zuen etxea. Behin agindua lortu eta sartzea lortu zuenean, bila zebiltzan hura ez zegoen jada han. Etxea goitik behera arakatu, eta paper batzuen aitzakian hartu zituzten neba-arrebak. "Amak, bere onetik aterata, Muñecas lepotik hartu zuen bi eskuekin; guk eutsi behar izan genion itoko ez bazuen", gogoratu du Arrizabalagak. "Gero aipatu omen zuen gure ama; 'ze uste du emakume horrek', esan ei zuen Amaya kafetegian, han egoten zen eta".

Muñecas tenienteak gau hartan esan ziona iltzatuta dauka oroimenean Arrizabalagak: "Zu eta ni bateraezinak gara herri berean, eta soka beti alde ahulenetik eteten da". Beste hainbat gau pasa behar izan zituen Arrizabalagak Kale Nagusiko kuartel hartan, Muñecasen bulegoan, ezer gertatzen zen aldiro —ekintzaren bat, atxiloketaren bat...— hara eramaten baitzuten. "Eta ni bezala, beste asko". Tailerrean lanean eta guardia zibilak sartzen ziren Belarrioren bila, "hemen dituk berriz". Kuartelera, gela hartara. Muñecasek, papera eta luma eman, eta "idatzi azken zazpi egunetan zer egin duan eta zeinekin egon haizen", agintzen zion. Jazarpen hura etengabekoa zen: "Ez dakit zenbat aldiz eraman ninduten, 20? 30? Gau osoa tente, edo belauniko, aldiro sekulako belarrondokoa, batzuetan, amorruaren amorruz, papera zurian uzten nuen eta ...".

Muñecas tenientea gero 1974 urte inguruan Tolosako kuartelera joan zen, eta han ere bereak egin zituen, besteak beste, Anparo Arangoari. Eta gero, 1976an, Donostiara. Hantxe ikusi zuen berriz Juan Mari Arrizabalagak. Ordurako jada kapitaina zenak beregana etorri eta papera eta luma eman zizkion, eta azken hiru urteetan egindakoa idazteko agindu.

"Txuloputa" bat izateaz gain, Muñecasek anbizio handia zuela uste du Arrizabalagak. Horregatik ez zen askorik harritu 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpean, Antonio Tejero teniente koronelarekin Espainiako Kongresuan tiroka sartu ziren guardia zibilen artean Jesus Muñecas ikustean telebistan. "Hara nor dagoen hor!", pentsatu zuen Arrizabalagak. Kongresuko gau hartan protagonismo berezia izan zuen Jesus Muñecasek: estradura igo, eta hark hitz egin zuen, diputatuak lasaitu nahian-edo, Kongresura iristear zen "autoritate konpetenteaz".

Estatu kolpearen saioan parte hartu zutenei egindako epaiketaren egunetan, Madrilgo bi egunkarik aipatu zituzten Muñecasek Anparo Arangoari Tolosan egindakoak, nola horregatik aldatu zuten guardia zibila Donostiara. Hura guztia ukatu zuen aldi hartan Muñecasek, Arangoak jasandako torturak beste guardia zibil bati leporatuz. Epaiketan bertan, bere abokatuaren eskariz, Muñecas kapitainaren zerbitzu orria irakurri zen. Garai hartako Abc egunkarian irakur daitekeenez, Muñecas "zoriondua izan zen bake garaietan, ETA-Veko ustezko kideak atxilotu eta abileziaz galdekatzeagatik, eta zerbitzuari erakutsitako maitasunarengatik".

Bost urteko kartzela zigorra jarri zioten Muñecas kapitainari estatu kolpearen saioan parte hartzeagatik, eta, zigorraren hiru laurdenak beteta, aske gelditu zen 1984ko urrian. Gaur egun, hipika eskola bat du Valdemoron (Madril). Eta oraindik ere ukatu egiten ditu torturak. "Sekula ez nuen inor torturatu ez Euskal Herrian ezta beste inon ere", esan zuen Jesus Muñecasek joan den astean Estrella Digital egunkarian, Argentinatik Servini epaileak haren aurka egindako estradizio eskariaren harira.

Bitxia da. Bere adierazpenetan Anparo Arangoa soilik aipatzen du Muñecasek, 1983an esandakoa errepikatuz, Arangoarena gertatu zenean bera ez zegoela han, beste bat zela kapitaina; Tolosatik ez zutela horregatik aldatu, "terroristak" segika zituelako urrundu zutela; Tolosan egon zenean "ETAko bost komando desegin" zituela eta horregatik zoriondu egin zutela... Baina ez du hitzik aipatzen ez Zarautzez ez Andoni Arrizabalagaz, Argentinako estradizio eskaria, hain zuzen, Arrizabalagari egindakoen salaketan oinarritu delarik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.