genero indarkeria

Zarumaren bikotekide ohiak emakumea hil zuela aitortu zuen atzo auzitegian

Auzia gaur Iruñeko Emakumeen kontrako indarkeria Auzitegira pasatuko da. Aurten genero indarkeriagatik Euskal Herrian hil den lehenengo emakumea da. Gorpua beilategian dago, eta Ekuadorrera eramango du familiak. Emakumeen indarkeriaren aurka "gizartea kontzientziatu beharra" dagoela uste du Nafarroako Parlamentuak.

2011ko apirilaren 11
14:38
Entzun

Nafarroako Auzitegiak gaur jakinarazi duenez, Yanela Zaruma Cabreraren bikoteak atzo  emakumea hil egin zuela aitortu zuen epailearen aurrean. Epaileak sekretutik atera du gaur sumarioa, eta atxilotuak emakumea eskuekin ito zuela onartu zuela azaldu du. Horren arabera, Zaruma da aurten Euskal Herrian genero indarkeriagatik hil duten lehenengo emakumea. Hil ondoren gorpua Beriaingo aintzira batera bota omen zuen E. R. G. LL.-k.

Nafarroako Auzitegia inibitu egin da Zarumaren hilketaren auzian, eta sumarioa orain Iruñeko Emakumeen kontrako indarkeria Auzitegira pasako da. Instrukzio epaileak atzo atxilotua fidantzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen, "kriminalitate zantzu arrazionalak daudelako". Azken egunetan sumarioa sekretupean egon arren, hainbat informazio filtratu dira prentsara; besteak beste, adibidez, Zarumak azazkaletan bikotekide ohiaren DNA zuela.

Filtrazioak direla eta, epaileak ikerketa bat hastea ere agindu du. Zenbait datu auzitegira iritsi baino lehen hedabidetara iritsi direla salatu du epaileak, eta sekretuak esatea delitu delako abiatuko du ikerketa.

Emakumearen senideen abokatuak dio garbi dagoela hilketa bat izan dela. Gorpua Atarrabiko beilategira eraman dute, eta familiak esan du Ekuadorrera eramango dutela, Yanela Zaruma Cabrera jaiotzez hangoa zelako.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak gogor salatu du Zarumaren "hilketa basatia", eta biktimaren senideei eta lagunei elkartasuna adierazi die. Emakumeen indarkeriaren aurka azaltzeko "gizartea kontzientziatu beharra" dagoela uste du legebiltzarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.