Suteek zauri beltzak uzten dituzte urtero-urtero gure herrialdearen azalean. Aurten, suak Uxuen (Nafarroa), Zuñiga eta Santikurutze Kanpezu artean, Gaubean (Araba), Zallan (Bizkaia) eta Oñatin (Gipuzkoa) kiskali ditu eremuak, besteak beste. Suhiltzaileek alde egiten dutenean, kea desagertzen denean, zauri beltz hori orbain berde bihurtzeko lanak hasten dituzte bai naturak berak eta bai administrazioek. Hain zuzen, prozesu hori bizkortzen saiatzen dira administrazioak.
Baso eta mendiak lehengoratzeko prozesu horren adibide dira Markiz eta Urarte (Araba) herrien inguruko lurrak. 2009an, Arabak azken 25 urteetan izan dituen sute handienetako bat gertatu zen bertan; Arabako Mendialdearen eta Trebiñuren artean piztu zen, eta ia 2.380 hektarea hartu zituen suak: basoa, mendia eta laborea. Sua itzali ondoren, eremua lehengoratzeko lanak hasi zituzten, betiere helburua lortzeko plangintza jakin batekin.
2009ko Markiz inguruko suteak erkametzak eta arteak erre zituen, batez ere, baita Arabako Mendialdea basoberritzeko landatutako hamabi hektarea pinudi ere. Hortaz, eremua bitan banatu zuten. Hamabi hektarea horiek berriro ere basoberritu zituzten, inguru horretan ohikoak diren zuhaitzekin: pinuak, makalak, gereziondoak, sagarrondoak, ezkiak... Suak erretako beste eremua garbitu, eta naturaren lehengoratzea errazteko lanak egin zituzten.
Erretako lurrak bere onera itzultzeko, Feder Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsaren proiektuaren laguntza izan zuen Arabako Aldundiak.
Naturaren legeetatik ikasi
«Naturak baditu bere legeak; guk naturari begiratzen diogu, eta egiten duena arintzen saiatzen gara», azaldu du Malen Vilchesek, Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuko buruak. Arabako Mendialdean erretako eremu hori biziberritzen hasteko, bertako zuhaizti eta landaredia kontuan hartu behar izan zuten, motaren arabera modu batera edo bestera jokatzen baitute.
Vilchesek azaldu du zuhaitz batzuk, hostozabalak kasurako, orpotik ateratzen dituztela kimuak sute baten ondoren, eta erretako zuhaitza behe-behetik moztean prozesu hori indartzen dela. Koniferoek —pinuek, esaterako— beste era batera bermatzen dute euren iraupena suteen kontra: beroarekin, pinaburuak ireki egiten dira, eta, horri esker, haziak askatzen dituzte.
Arabako Mendialdean erretako zuhaitz gehienak orpotik ateratzen ziren; hortaz, erretako zuhaitz gehienak moztu, eta berde mantentzen ziren gehienak errespetatu zituztela azaldu du Carlos Abadek, eremu hori lehengoratzeko lanak kudeatzen dituen Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuko teknikariak. Dena den, gaineratu du lekuaren ezaugarrien arabera irizpide ezberdinak erabili zituztela. Lur eremu lauetan enbor txikienak eta adarrak lerrokatu zituzten, eskokatzeko makinak txikitu zitzan, eta enbor lodienak pilatu zituzten, inguruko herrietako biztanleek balia zitzaten. Ordea, leku malkartsuetan erosioari aurre egin ahal izateko kokatu zituzten moztutako adarrak eta enborrak, eta, bide batez, lehengoratzea errazteko.
Basoen biziberritzea ahalbidetzeko irizpideez gain, bestelako lehentasunak ere zehaztu zituzten teknikariek. Bioaniztasuna lehengoratzea erraztu zezaketen zuhaitzak mantendu zituzten, erreta zeuden arren: enborrean animalien babesleku izan zitezkeen zuloak zituztenak, zuhaitz talde gutxi batzuk...
Naturari bide eman
Sutearen osteko garbiketa lanaren ondoren naturaren prozesuei lan egiten utzi zieten, baina laguntza txiki batekin. Zuhaitz eta landareen kimuen iraupena bermatzeko, artzaintza debekatu zuen Arabako Foru Aldundiak eremu horietan. Horretarako, artzain elektrikoak jarri zituen lehengoratze bidean dauden lekuen inguruan.
Prozesu horretan, belarra ateratzen da hasieran, eta sastraka gero, poliki-poliki baso gaztea sortzen den arte. «30 edo 40 urte igaro daitezke baso gazte polita izan arte». Tarte horretan, Arabako Foru Aldundiak naturari bultzada txikiak emango dizkio. Abadek jakinarazi du hemendik urte batzuetara Markiz inguruko eremura joan beharko dutela kimuak aukeratzeko. Hau da, kimu indartsuenak aukeratu, eta gainontzekoak kenduko dituzte, lehena indartsuago hazi dadin. Kasu horretan, beste behin, naturak bere kabuz egiten duena bizkortzen du gizakiak, baso osasuntsuagoa izateko.
Vilchesek nabarmendu du naturak berak egin dezakeela aukeraketa hori, baina, kasu batzuetan, epe luzerako arazoak ekar ditzakeela. Hau da, suteen ostean basoek beren kabuz lehengoratzeko gaitasuna duten arren, batzuetan ez dira behar bezain osasuntsu biziberritzen. Elgea (Araba) inguruko ameztien adibidea jarri du Vilchesek. Inguru horretako ametzak behin eta berriz erre ziren nahita egindako sute batzuetan, eta, ametzak orpotik kimuak ateratzeko gaitasun handia duenez, basoa lehengoratu zen behin eta berriz. Ordea, ahulduz joan zen, eta 1994. urtean izurrite batek ametzak hektareaka hil zituen, horrenbeste aldiz erre eta sortzeagatik ahulduta.
30 urteko bermea
Erretako basoak eta mendiak lehengoratzea bermatzeko, Espainiako Gobernuak 30 urteko babesa zehaztu zuen 2006. urtean, Mendien Legea aldatu zuenean. Hau da, suak kiskalitako baso zoruaren erabilera ezin izango da aldatu hiru hamarkadatan. Espainiako Gobernuaren arabera, hori da «gutxieneko epea» basoko landare eta zuhaitzak sortzeko, eta, ondorioz, eremuaren erabilera aldatzeko aukera bukatzeko.
Espainiako 2003ko Mendien Legeak arrisku hori bukatu nahi zuen, baina, epe jakin bat ezarri beharrean, autonomia erkidegoen esku utzi zuen hori zehazteko ardura. Hiru urteren buruan, 30 urteko muga ezarri zuen. Bi salbuespen ezarri zituen erretako basoen erabilera aldatu ahal izateko: eremua erre aurretik lurzoruaren izendapenaren aldaketa onartua izatea, eta ingurumen kalteari buruzko txostena eginda duten egitasmoak izatea, edota informazio publikoko epea pasatu dutenak.
Espainiako lege hori foru arauetan txertatu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek —haien eskumena da basoen kudeaketa—, baita Nafarroako Gobernuak ere. Gehienek Espainiako Gobernuak ezarritako 30 urteko muga du bertan, baina badago are urrunago doana. Nafarroako araudian ez da eperik zehazten: «Inolaz ere ezin izango da tramitatu erretako mendi edo basoen erabilera aldatzeko espedienterik». Nafarroan, Araban eta Bizkaian erretako eremuen lehengoratzea zaildu dezaketen ekintza guztiak ere debekatu daitezke; artzaintza, esate baterako.
Arabako Foru Aldundia erretako baso eta mendi eremuen jarraipen egokiagoa egiteko lanean ari da egun. Vilchesek iragarri du erretako baso eta mendi eremuen erregistroa egiteko zirriborroa prest dagoela, lursail horien jarraipen egokiagoa egiteko. Hain zuzen ere, tresna horrek egondako suteen datak, hedadura eta bestelako datuak biltzeko balioko du.
Zauri beltzen orbain berdeak
Suak baso bat erretzen duenetik baso gazte bat dagoen arte 30 eta 40 urte bitarte igaro daitezke, betiere baldintzen araberaAdministrazioak naturaren baliabideak indartzen saiatzen dira lehengoratze lanetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu