Parlamentua

Zazpi batzordetako buruzagitzetatik hiru Geroa Baik lortuko ditu, eta bat EH Bilduk

Gainerako batzordeak PSNren eskuetan geratuko dira. UPNk adierazi du batzordeetako lehendakaritzak kentzeko arrazoiak «gezurra» direla, eta prest da auzitara jotzeko.

Parlamentuko Mahaiaren eta Eledunen Batzordearen bileran bide eman zaio eskaerari. MIGUEL OSES
joxerra senar
2023ko urriaren 23a
17:26
Entzun

Goizean, Parlamentuko Mahaiko eta Eledunen Batzordeko bilkuran, bide eman zaio UPNri zazpi batzordetako buruzagitzak kentzeko eskaerari. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurkeztu zuten idatzia, iragan astean, eta batzorde bakoitza elkartu ahala kenduko zaizkio lehendakaritzak UPNri.

Zazpitik hiru Geroa Bairen eskuetan geratuko dira: Industria, Osasuna eta Landa Garapena. Gainera, Ekonomia eta Ogasunean, EH Bilduk ordezkari bat gehiago izango du batzordeko mahaian, eta UPNk gehiengoa galduko du —Geroa Baiko Isabel Aranburuk jarraituko du batzordeko buru—. Azkenik, EH Bilduk izango du Pirinioetako Mahaiaren buruzagitza –batzorde hori ez da ohikoa–.

PSNren eskuetan geratuko dira besteak: Gizarte Eskubideak, Foru Erregimena, Hezkuntza eta Barne eta Funtzio Publikoko batzordeak–. Ziurrenik PSNk hartuko du horien gidaritza, eta, hala, alderdi horrek izango ditu hemezortzi batzordeetatik 11.

Ikusi gehiago:UPNri parlamentuko batzorde buruzagitza batzuk kenduko dizkiote

Batzordeetako lehendakarien zeregin nagusia izaten da horietan egiten diren eztabaidak zuzentzea. Irailean, baina, UPNren esku zeuden batzordeetako lehendakaritzek erabaki arbitrarioak hartu zituzten; kasurako, Nafarroako Gobernuko kontseilariei bigarren txandan azalpenak emateko aukera kendu zieten batzorde horietan egindako agerraldietan.

Eskaerari bide eman ostean, PSNko Ramon Alzorrizek salatu du UPNko batzordeburuek ez dutela bete Parlamentuko Araudia eta batzordeak «politikoki erabili» dituztela. «Parlamentuen askatasuna murriztu nahi izan dute, eta kontseilariei hitza kendu diete, ez baitzieten utzi parlamentariek egindako galderei erantzuten».

Alzorrizen azalpen horrekin oso haserre agertu da UPNko Javier Esparza; are, «gezurra» dela esan du. Auzitara jotzeko prest azaldu da. «Baztertu nahi gaituzte: enbarazu egiten diegu».

EH Bilduko Laura Aznalen arabera, irailean batzordeak osatu zirenean aukera politikoa galdu zen. Orduan ez ziren gauza izan gobernuko bazkideekin ados jartzeko. «Guk hitz egin, negoziatu eta hitzartu egiten dugu instituzioetan gehiengo aurrerakoiak egon daitezen», nabarmendu du.

Geroa Baiko Pablo Azkonaren hitzetan, garrantzitsua da okerra konpontzea. Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanen arabera, UPNko batzordeburuek oker erabili dute araudia: «Hori iraultzeko modurik hoberena da idatzi hau aurkeztea, batzordeetako buruzagitzak aldatzea eta araudia egoki interpretatuko duten pertsonak jartzea horietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.