Zazpi erronkaz ondutako ihes gela digital bat

Bastida ikastolako irakasleek Araba Euskaraz-i buruzko ihes gela digital bat sortu dute. Ikaskuntza modu ludikoan sustatzea izan dute xede.

Gazteak ihes gela digitalean jolasean. ARABA EUSKARAZ
Gazteak ihes gela digitalean jolasean. ARABA EUSKARAZ
gurutze izagirre intxauspe
2025eko ekainaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Proiektu berritzaile bat proposatu du aurten Bastida ikastolak: Araba Euskaraz-i lotutako ihes gela digital bat. Sormena, euskara eta hezkuntza digitala uztartu dituzte ekinaldi berritzaile horren bidez. Gorka Elgoibar eta Ander Gaston Bastida ikastolako irakasleek ondu dute proposamena, ikastolako gainerako irakasleen eta ikaskideen laguntzarekin garatuta.

Ihes gelak, jakina denez, helburu du pistak ebatziz joanez azken gela batera iristea, eta gela horretan kode edo giltza baten bidez ihes egin ahal izatea. Jolas hori digitalera eramanda, pantailatik pantailara pasatzeko pistak ematen doaz, eta, ebatzi ahala, aurrera egiten da. Azken pista batek guztia borobiltzeko aukera ematen du.

Digital arloko bi urteko formakuntza bat egin zuten Elgoibar eta Gaston irakasleek. Formakuntza hori modu praktiko batean landu nahi izan dute, eta horrela ekarri dute Araba Euskaraz-era. Zazpi erronketako jolas moduko bat ondu dute.

«Hezurdura bat sortu dugu; jantzi ezberdina emanda eta aukera politak emanda, hezkuntza digitalizazioaren ikuspuntutik modu kontziente batean lantzeko»

GORKA ELGOIBARBastida ikastolako irakaslea

Besteak beste, honako gai hauekin lotutako erronkak proposatu dituzte: ikastolen elkarteak antolatuta egiten dituzten jaien inguruko logotipoak, euskarari buruzko erronkak, Araba Euskaraz-i buruzkoak eta abar. Modu irekian proposatu dituzte, eta gela bakoitzean irakasleek ikasleekin egin dute lanketa bat, propio.

Ikaskuntza modu aktibo, ko-sortzaile, ludiko eta motibagarria sustatzea izan dute xede, ikasleak protagonista bihurtuz. Erronka interaktiboen bidez, proiektuak pentsamendu kritikoa, arazoen konponbidea eta sormena sustatu dituzte. Sortutako baliabide guztiak ikastolan bertan sortutako metabertso batean ikus daitezke.

Behin proiektua onduta, Elgoibar eta Gaston Ikastolen Elkartearekin harremanetan jarri ziren. Proposatu zieten zazpi erronka horiek banan-banan pasatuko zizkietela interesa zuten ikastolei. Interesa sumatu dute ikastolen artean, hainbat lan jaso dituzte jada eta. «Tresna bat sortu dugu hurrengo urteetan aldaketa txiki batzuk eginda ere baliatu litekeena, hau da, beste gai bat emanda. Hezurdura bat sortu dugu; jantzi ezberdina emanda eta aukera politak emanda, hezkuntza digitalizazioaren ikuspuntutik modu kontziente batean lantzeko», adierazi du Elgoibarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.