Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak zazpi euskal herritar auzipetu ditu ETAk eta Kolonbiako FARC talde armatuak harremana dutelakoan duela urtebete abiatu zuen auzian. Javier Lopez Peña eta Mikel Karrera Sarobe presoei eta Arturo Cubillas Venezuelan deportatuta daukaten gipuzkoarrari ETAko kide izatea egotzi die; zehazki, FARC erakundeari laguntza ematea, ETAko buruzagi gisa. Bi erakunde armatuek Venezuelan entrenamendu eta ikastaroak egin izan dituztela esateko nahikoa zantzu badaudela dio epaileak, atzo kaleratutako hamahiru orriko auzipetze autoan.
Jose Lorenzo Aiestaran presoari eta Venezuelan bizi den Jose Ignacio Olaskoagari, lehergailuak izanda erakunde armatuari laguntza ematea leporatu die epaileak. FARCeko kideei armak eta lehergailuak erabiltzeko ikastaroak eman zizkiela ere jasotzen du Auzitegi Nazionaleko autoak.
Iurgi Mendinueta eta Iraitz Gesalaga presoei ETAri laguntza ematea egotzi die. Zehazki,2007an Venezuelara joan zirela dio epaileak, eta han mezuak enkriptatzeari buruzko irakaspenak eman zituztela.
Akusatu gehienak Frantzian dituzte preso, ETAko kide izatea leporatuta. Beste biak, Venezuelan bizi dira. Guztiak Espainiaren esku uztea nahi du Velasco epaileak, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu ditzaten. Horretarako, estradizio prozesuak edo euroagindurako prozedurak martxan jarri nahi ditu, eta guztiak atxilotu eta espetxeratzeko agindu du hargatik.
Duela urtebete hamahiru lagun auzipetu zituen Velasco epaileak auzi berean: deportatuta edo errefuxiatuta dauden sei euskal herritar eta zazpi kolonbiar. Horietako bi kolonbiar auzitik kanpo utzi ditu orain epaileak: Remedios Garcia Albert eta Omar Arturo Zabala. Hala ere, FARCekin lotura dutela uste du oraindik. Kolonbiako erakunde armatuak Europan dituen ordezkariak direla jaso du autoan, baina Espainiako Auzitegi Nazionalekobeste epaile batek, Pablo Ruzek, aurrez horien aurkako auzia abiatua zuela azaldu du Velascok, eta horren esku utzi ditu bi kolonbiarren aurkako akusazioak. Horregatik utzi ditu bertan behera berak egindako auzipetzeak.
Velascok duela urtebete ETAk eta FARCek lotura zutela argudiatuta auzia abiatu zuenean, deklaratzeko hitzordua jarri zion Garcia Alberti, Espainian bizi dela eta. Akusatua joan zen deklaratzera, harrituta agertu zen egin zizkioten akusazioekin, eta erabat ukatu zuen FARCekin zein ETArekin inolako harremanik izatea.
Cubillas, berriz, bigarrenez auzipetu du Velascok. Duela urtebete hamahiru lagun auzipetu zituenean egin zuen lehenik, eta atzo kaleratutako autoan bigarrenik.
Gainera, zeresan eta ika-mika ugari eragin zituen Cubillasen auzipetzeak duela urtebete. Venezuela eta Espainiaren arteko liskarra ere sortu zuen. Izan ere, ETA eta FARCen arteko elkarlana laguntzea leporatu zion epaileak Venezuelako Gobernuari, Cubillasen aurkako akusazioak egiterakoan. Euskal deportatua Espainiara estraditatzeko eskatu zion Venezuelari, baina Venezuelak ez zuen eskaera bete, Cubillasek hango herritartasuna duela argudiatuta.
Orain ere, zazpi auzipetuak espetxeratzeko nazioarteko agindua eman du epaileak. Horrez gain, hiruna mila euro ordaintzeko agindu die akusatuei, badaezpadako neurri gisa. Ustezko delituek eragin ahal izan duten kaltea ordaindu ahal izateko eskatu die bermea, eta hori 24 ordu baino lehen jartzeko agindu die, gainera.
Zazpi lagun auzipetu dituzte ETAren eta FARCen ustezko loturen auzian
Lopez Peña, Karrera Sarobe, Aiestaran, Cubillas, Olaskoaga, Mendinueta eta Gesalaga atxilotzeko ere agindu du epaileakKolonbiako Remedios Garcia eta Omar Arturo auzi honetatik kanpo utzi ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu