Zenbait atxilotu Espainian, Ion Aranbururen aurkako eraso faxistarengatik

Sorian, Zaragozan eta Madrilen atxiki dituzte, eta maiatzaren 27ko erasoa leporatu diete.

Iragan ekainean Donostian eginiko elkarretaratzea, Ion Aranbururi babesa adierazteko. JON URBE/ FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko azaroaren 14a
09:07
Entzun

Espainiako Poliziak zenbait pertsona atxilotu zituen atzo Sorian, Zaragozan eta Madrilen (Espainia), iragan maiatzaren 27an Ion Aranburu donostiarra koman utzi zuen erasoarekin lotuta. Diario de Soria egunkariaren arabera, zortzi gizonezko atxiki dituzte guztira, eta denek lotura dute Orgullo Numantino talde ultrarekin eta eskuin muturreko beste talde batzuekin. Soriako hedabideek azaldu dutenez, polizia operazioa abian da oraindik, eta pertsona gehiago atxilotu ditzakete datozen orduetan.

Ion Aranburu Sanchez (Donostia, 1979) bi aste eta erdiz izan zen Burgosko (Espainia) ospitaleko Zaintza Intentsiboko Unitatean (ZIU), koma induzituan, eraso horren ondorioz. Donostia Ospitaleko ZIUra eraman zuten gero, osatzen segitzeko. Burezurra hautsita zuen, atzealdean eta belarri aldean; eta hainbat kolpe eta ubeldura aurpegian.

Ikusi gehiago:Gertatutakoaren kontakizuna, bertatik bertara

Eskuin muturreko dozenaka kidek egin zioten eraso maiatzaren 27an, Numantzia-Cornella partidaren atarian taberna baten kanpoan lagunekin batera zerbait hartzen ari zirenean. Lekukoen arabera, ultrak autobus batetik atera ziren, harriekin, botilekin eta makilekin armatuta. Aranburu ihes egiten saiatu zen, baina kalearen beste aldetik zetozen ultrekin egin omen zuen topo.

Espainiako Poliziak adierazi zuenez, aurretik, Orgullo Numantino eskuin muturreko taldeak bigantxen ikuskizun bat antolatua zuen, eta hara gonbidatu zituen Zaragozako eta Madrilgo Ligallo eta Ghetto 28 taldeetako ultrak. Hain zuzen, Poliziaren «utzikeria» salatu zuten Aranbururen senide eta lagunek, talde faxisten elkarretaratzearen jakitun izanda ez zutelako erasoa galarazi.

Erasoaren osteko orduetan, lau pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak, baina aske utzi zituzten epailearen aurrean deklaratu ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.