Euskal Etxeko bazkideen batzarrak eskutitza bidali die bazkide guztiei, Azurtzaren aurka zenbait komunikabidek izandako jarrera salatu eta bere jarduna defendatzeko. «Batzarrak gogor gaitzesten du zenbait egunkarik Aitzol Azurtza gure bazkidearen bizitza pribatua bortxatzeko egin duen lan zitala". Elkartasuna adierazi dio, eta "eskertzen" du "euskal etxearen independentziaren alde bere kaltean egin duen sakrifizioa".
Euskal Etxearen mendeurren ekitaldietan gertatutakoaren harira dator eskutitza. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek bideo baten bidez zoriondu nahi izan zituen New Yorkeko eukaldunak, eta Iñigo Urkullu lehendakariak hura erakutsiz gero ez zela han izango mehatxu egin zuen. Ezadostasunak izan zituzten antolatzaileek eta Jaurlaritzaren ordezkariek, eta, Euskal Etxeak onartu egin zuen bideoaren emanaldia bertan behera uztea.
Gertatutakoa, ordea, kontatzea erabaki zuen Aitzol Azurtzak presidente gisara zegokion lekutik, eta lehendakariaren jarrera salatu zuen.
Ondoren, bere Azurtzaren aurkako zenbait informazio argitaratu dira komunikabideetan. Horien artean, aktore pornoa zela esaten zutenak. Ondorioz, presidente kargua utzi zuen.
New Yorkeko Euskal Etxeak, Azurtzarekiko elkartasuna erakusteaz gain, "izaera apolitikoa" defendatu du, "jatorri ezberdinetako bazkidez" osatua baitago euskal etxea, eta jakinarazi du "euskal kulturaren sustapenaren alde hartua duen konpromisoarekin jarraituko" duela, "betiere ikuspegi bateratzaile, anitz eta moderno batetik".