Garoña

Zentral nuklearra itxiko dela seguru daude Garoñako langileak

"Energia hornidura merkea" bermatzeko asmoz, prest egongo lirateke zentral nuklearra beren gain hartzeko. Argindar sektorearen Espainiako Gobernuaren erreforma kritikatu du Confemetalek.

Berria.info
2012ko urriaren 4a
20:40
Entzun

Jabeekin bilera egin dute gaur Garoñako zentral nuklearreko langileek, eta itxaropena guztiz galduta irten dira bileratik. "Zalantzak bukatu dira", adierazi du Alberto Cesar Gonzalez langile batzordeko presidenteak, bileraren ostean. Zentrala 2013ko uztailean itxiko dela seguru agertu dira.

Iberdrolak eta Endesak dute zentralaren jabetza, erdibana, Nuclenor enpresaren bidez. Atzo elkartu zen Nuclenorren administrazio kontseilua, eta iraupena luzatzeko beste aukera bat bazter utzi zuen. 2019 arte lanean jarraitzeko, eskaera aurkeztu behar zuen irailaren 6a baino lehenago. Ez zuen eskatu, baina epea luzatzeko eskatu zuen. Espainiako Industria Ministerioak eta CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak ukatu egin zioten epea luzatzea.

Erabarri horri helegitea jar ziezaiokeen Nuclenorrek. Gaur arte. Ez du helegitea jarri, eta beste aukera bat galdu du beraz. Langile batzordearekin gaur bildu dira Nuclenorreko ordezkariak, eta langileak etsita irten dira bileratik, zentrala itxiko den segurantzarekin.

Nuclenorrek, helegitea jarri ez duen arren, zentralaren etorkizunaren alde egingo duela esan zuen atzo, administrazio kontseiluaren bileraren ostean. Ez zuen argitu zer egingo duen aurrerantzean. Momentuz, ezer aldatzen ez den bitartean, CSNri bidali behar dizkio zentrala ixteko txostenak, azaroaren 6rako.

Metalgintza sektorea, nuklearren kudeatzaile

Espainiako Gobernua argindar sektorea erreformatzeko prestatzen ari den neurriak argindarra garestituko dutela eta, metalgintzako enpresek energia behar eta gastu handia dutela azaldu dute. Horregatik, Confemetal metalgintzako enpresarien Espainiako elkartea Garoñako zentral nuklearra erosteko prest agertu da gaur, inoiz enkantean jarriko balitz. Nuclenorrek ez du ezer aipatu Garoña enkantean edo salgai jartzeari buruz, nolanahi ere.

Garoña ez dela segurtasun arazoengatik itxiko esan dute metalgintzako enpresariek, "arazo administratibo" batengatik baizik. Seinalatu dute Finlandian badirela energia zentralak kudeatzen dituzten beste adarretako enpresari taldeak. Espainian antzera hasteko prest daude, "energia hornidura merke eta kalitatezkoa" edukitzeko.

Espainiako Gobernuak egin nahi duen erreformak metalgintzako enpresen lehiakortasunari kalte egingo liokeela esan dute. Areago: sektorea "kolapsatu" dezakeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.