«Zentro onkologiko on bat izateko aukera dago, eta ez dira ari baliatzen»

Hainbat mediku testigantzak ematen ari dira erietxean ikusten dituzten aldaketez ohartarazteko; bizkortu egin direla diote, eta kezkatuta daude

arantxa iraola
Donostia
2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Karmele Mujika (Alegia, Gipuzkoa, 1971) onkologoa da, Lurdes Jauregi (Urnieta, Gipuzkoa 1957) erradiologoa, Inge Etxabe (1971, Donostia) eta Lurdes Aritziturri (1954, Donostia) ginekologoa. Laurek urte ugari —lan ibilbide ia osoa— daramatzate Onkologikoan, eta argi utzi nahi dute erietxearen geroari buruzko kezka. Bat datoz beren lankideek Eusko Legebiltzarrean plazaratu zuten kezkarekin, eta norabide aldaketa bat nahi lukete zuzendaritzan. Arrangura ugari dituzte. Maiz, esaterako, ezinegona eragiten die instalazioen erabilera urriak. «Usu esan behar izan dugu Onkologiko oso ona daukagula, baina pazienteak falta zaizkigula; tristea da», esan du Etxabek. Kezkatuta: «Onkologikoaren erdia-edo erabiltzen ari gara».

Logik deituriko marka eratu du berriki Onkologikoak, eta horrek pribatizazio prozesua susta dezakeen kezka dute langile kritikoek. Diotenez, zuzendaritzak gero eta erietxe eta aseguru pribatu gehiagori eskaini nahi dizkie erietxeko instalazioak, baita onkologiaz aparteko jardueretarako ere, eta ez diote inolako mesederik ikusten kudeaketa eredu horri. Adibiderako, minbiziekin loturarik gabeko liposukzioak egin izan ohi direla aipatu dute beraiek ere, eta ugaritzen ari direla, oro har, onkologia ardatz ez duten jarduerak. Kalterako. «Niri, esaterako, erizainek esan izan didate gogorra egiten zaiela gela batean hilurren dagoen eri bat izatea, eta beste batean, berriz, liposukzio bat egin diotelako deseroso dagoen beste bat; jakina, azken horrek ere merezi du arta egoki bat. Baina oso gogorra da lanean daudenentzat», esan du Etxabek. Mujika bat dator: «Onkologikoa ez dago eginda horrelakoetarako».

Dituzten baliabide guztiak taxuz erabilita, Gipuzkoan arta onkologikoan hobekuntza handiak egin daitezkeela argi dute. Prozesu horretan ondo murgiltzeko ate bakar bat ikusten dute: «Kudeaketa osasun sistema publikoan integratzea beste biderik ez dago», esan du Mujikak. «Inork pentsa dezake gure arazo pertsonalez ari garela», onartu du. Zuzendaritzak, hain zuzen ere, Osakidetzan «organikoki» txertatu nahi izana egozten die langile kritikoei. Antolaketa bateratu bat eskatzen dutela dio, ordea, Aritziturrik, ez besterik: «Badakigu ez garela inoiz Osakidetzako langileak izango; ez da hori gure helburua». Egungo funtzionamenduan arazo agerikoak ikusten dituzte, eta horiei aurre egitea nahi dute. Osakidetza, ordea, eroso ikusten dute Onkologikoak harturiko bidearekin: «Esaten ari da ez dela bere arazoa». Abian da Onkologikoko funtzionamendua Osakidetzakoarekin integratzeko prozesu bat, eta zentroko zuzendaritzak ondo doala badio ere, mesfidati dira langileak: motelduta ikusten dute. «Ez digute argi horrelakorik esan, baina ez dugu ikusten aurrera doanik; beldurtuta gaude», azaldu du Mujikak.

Erreferente garrantzitsua

Minbiziaren inguruko ikerketetan erreferente izan da Onkologikoa, eta horretan jarraitu beharko luketela argi dute, baina auzitan ikusten dute jarduera hori ere. «Pazienterik gabe, ez dago ikerkuntzarik. Paziente onkologikoak behar ditugu ikerketan aurrera egiteko», esan du Mujikak. Halaber, onkologiaren alorreko medikuen trebakuntzan ere zentroa erreferente izan dela diote, baina «pribatizazioan» aurrera segitzen bada, lausotuko dela distira hori ere.«Aste honexetan [martxoko hirugarrena] otorrino gazte batek utzi egin du Onkologikoa bere etorkizuna ikusirik», azaldu du Aritziturrik. Espezializazioa ardatz zutela diote, eta galtzera doazela. Ez dute ulertzen zergatik: «Zentro onkologiko on bat izateko aukera dago, eta ez dira ari baliatzen». Paradoxikoki, orain arte bertan egiten zituzten hainbat jarduera erietxetik kanpora atera direla salatu du Jauregik: «Laborategiko hainbat lan, eta erradiologiakoak ere bai».

Desegitea. Kosta egiten zaie sentitzen dutenari izena jartzea. Elkarrizketaren amaieran ebaki du aditza Etxabek. «Nolabait ere, Onkologikoa desegin nahi dutela ematen du». Beste zerbait bihurtzeko: «Uste dugu egin nahi dutela erietxe pribatu bat hainbat espezialitaterekin; ez-onkologikoak bakarrik. Eta guk orain arte ez dugu sentitu inoiz zentro pribatu batean ari ginenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.