Zer egin sintomak agertuz gero

COVID-19ak gripeen ohiko sintomak dituzte. Horra aholku zerrenda bat, gaixotuz gero nora jo behar den, eta zer egin behar den.

Tolosa, martxoaren 18an. JON URBE / FOKU
2020ko martxoaren 18a
17:14
Entzun

Zeintzuk dira sintomak?

Koronabirusaren sintomak ohiko gripearen sintomen antzekoak dira: sukarra, nekea, eztul lehorra, arnasa hartzeko zailtasuna… Izan daitezke mukiak, eztarriko edo buruko mina, hotzikarak, eta ondoez orokorra… Pertsonaren arabera asko aldatzen dira sintomak, eta badira ia sintomarik ez dutenak ere.

 

Zer egin behar sintomak agertuz gero?

Sintomak dituztela uste dutenek edota zalantzaren bat daukatenek erabiltzeko aholku telefonoak jarri dituzte administrazioek: Arabako herritarrek beren herriko osasun etxera edo familia medikuari deitu behar diote; Bizkaiko eta Gipuzkoakoek, 900- 20 30 50 telefono zenbakira; Nafarroakoek ere beren osasun etxera deitu behar dute, baina han arretarik ematen ez badiete, orduan 948-29 02 90 zenbakira dei dezakete; eta Ipar Euskal Herrikoek, 0800-13 00 00 zenbakira. Telefono horietan erantzunik jaso ezean, eta sintomak larriak ez badira, itxaron behar da, eta berriro saiatu.

Osasun zerbitzuen arreta jaso bitartean, etxean bakartuta egon behar da, eta harremanak moztu behar dira, beste inor birusarekin ez kutsatzeko. Osasun zerbitzuekin kontaktuan jarritakoan, haiek jakinaraziko dizkiote gaixoari urrats zehatzak.

 

Zer egin behar da sintomak larriak badira?

Egoera larriagoan daudenek edo osasun zerbitzuen laguntza behar dutenek 112 telefono zenbakira deitu behar dute Hego Euskal Herrian, eta 114 zenbakira Ipar Euskal Herrian. Gaitzaren sintomak arinak baldin badira, ez erabili zenbaki hauek, larrialdi zerbitzuen telefonoak ez blokeatzeko, eta telefono zenbaki hauek egiazko larrialdietarako uzteko.

 

Nortzuk dira talde kalteberenak?

Koronabirusak sintoma larriagoak eragiten dizkie talde zehatz batzuei: adin nagusikoei, defentsa baxuak dituztenei edota gaixotasun kronikoak dituztenei: diabetesa, minbizi mota batzuk eta arnas sistemako gaitzak dituztenak… Gaitza harrapatzen duten pertsona gehienek ez dute sintomatologia larririk izaten, baina kasu batzuetan pneumonia sor dezake, eta heriotza ere eragin dezake. Horregatik, gaixotasun kronikoak edo aurretiaz patologiak dituztenek kontuz ibili behar dute.

 

Zenbat denboraz inkubatzen da birusa?

Kutsatzetik sintomak agertu bitarteko tarteari esaten zaio inkubatzeko epea. Gaur egun COVID-19ari buruz ezagutzen denaren arabera, egun bat eta hamalau egun artean egon liteke inkubatzen gizaki baten gorputzean. Batez besteko arruntena bospasei egunekoa da. Gaitza harrapatu eta sendatu direnek, hala ere, sendatu eta handik hamalau egunera oraindik transmititu diezaiokete birusa beste pertsona bati. Horregatik, sendatutako pertsonei ere beste hamalau eguneko itxialdi bat egiteko eskatzen die OME Osasunaren Mundu Erakundeak.

 

Nola egin behar du itxialdia COVID-19a dutenek? Eta nola zaindu behar dute?

Sintoma arinak dituzten pertsonak, gaur-gaurkoz, eta bere osasun egoera okertzen ez den bitartean, etxean egin beharko du berrogeialdia. Kutsatutako pertsona batekin harremana izan duten pertsonek ere egin beharko dute berrogeialdia.

COVID-19arekin gaixotu direnei aholkatzen diete, ahal den neurrian, logela bat eta komun bat haientzat bakarrik edukitzea, eta logelako atea itxita edukitzea eta leihotik aireztatzea. Eskura telefono bat edukitzea ere aholkatzen diete. Logelatik atera behar badute, maskara erabiltzea eta beste inorengana bi metroko tartea mantentzea aholkatzen dute. Baina ahal bada ezin dute logelatik atera. Logelan, gainera, erabat itxi litekeen zabor poltsa edo zabor balde bat jartzea ere aholkatzen dute, gaixoak erabilitako mukizapiak-eta bertan botatzeko.

Herritar askok ez dute komun bat baino gehiago. Kasu horietan, behar-beharrezkoa da komuna lixibarekin garbitzea gaixoak erabili ostean.

Horrez gainera, gaixoari eta haren ingurukoei eskatzen diete adi egoteko gaixotasunak zer nolako eboluzioa duen eta zer sintoma garatzen dituen gaixo dagoen bitartean. Sintomek okerrera eginez gero, 112 zenbakira deitu behar da Hegoaldean, eta 114 zenbakira Iparraldean. Bestalde, aholkatzen dute adineko pertsonak eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak zein emakume haurdunak aparte mantentzea COVID-19arekin gaixo dauden pertsonengandik.

Etxean bizi diren gainerako pertsonek ahalik eta zuhurren jokatu behar dute, eta bere logelan bakartuta dagoen gaixoarekin aurrez aurre egotea saihestu behar dute ahal den neurrian. Aholkatzen diete, gainera, egunean bi alditan hartzea beren buruei tenperatura. Segurtasuna zorrozte aldera, aholkatzen dute pertsona bakar batek artatzea gaixo dagoena, ontziteria ez partekatzea, eta harekin egon edo hark erabilitako gauzak erabili ostean eskuak ongi garbitzea ere bai. Gaixoa dagoen gelara sartu beharrik baldin badute, maskara jartzeko eskatzen diete.

Garrantzitsua da higiene neurri zorrotzak praktikatzea ere, birusa ez dadin etxean zabaldu: garbitu eskuarekin ukitu daitezkeenak, erabili lixiba garbiketa egiterakoan desinfektatzeko, gaixoak erabilitako arropak poltsa batean sartuta eraman garbigailuraino —tenperatura altuetan garbitu behar dira—, etxeko arasa eta edalontziak tenperatura altuetan garbitu —ahal bada, hobeto garbigailuan—, eta eskuak ondo garbitu, urarekin eta xaboiarekin, gutxienez 40 segundoz. Gaixoak erabilitako toallak, xaboiak eta bestelakoak ere aparte edukitzea komeni da. Heze dauden eremuetan gehiago irauten dute birusek, eta toallak, maindireak eta halakoak ahal beste aldatzea egokiagoa da.

 

Botikarik hartu behar da?

Ez dago koronabirusaren kontrako botikarik, eta txertorik ere ez oraingoz. Gripearekin bezala, sintoma batzuei aurre egiteko botikak har litezke, baina antibiotikoak ez hartzea aholkatzen dute. Sukarra 38 gradutik gora igoz gero, Paracetamolen gisako analgesiko edo antitermikoak har litezke. Ibuprofenoa hartzeak kalteak eragin ote litzakeen aztertzen ari dira, eta, bitartean, zuhurtziagatik, botika hori ez hartzea gomendatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.