Zer egin zuen ez da oroitzen

Epailearen aurrean, hiltzaileak adierazi du Yasmin Rodriguez hil zuen gauean alkohola edan zuela eta ziegan esnatu zelaAkusazioaren iritziz, inputatuak edan izan balu ez zatekeen gai izango inor hiltzeko

jon olano
Donostia
2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Ez du ezer gogoratzen. 2009ko maiatzaren 9an Yasmin Zamira Rodriguez hil zuela aitortu zuen gizonezkoa ez da oroitzen zer gertatu zen urte hartako maiatzaren 8ko iluntzetik biharamunera bitartean: «Edaten ibili nintzen, eta ziegakoa da dudan hurrengo oroitzapena». Edward Enrique San Clementek gogoan ditu, ordea, edanaldiaren xehetasunak; adierazi duenez, edalontzi luze batean hiruzpalau whiski edan zituen, izotzarekin.

Rodriguezen heriotza argitzeko epaiketako bigarren saioa egin zuten atzo Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, Donostian. Akusatuak hitz egin zuen epailearen aurrean, eta, haren ondotik, Ines Alicia Osoriok eta Juan Pablo Urtizbereak. Osorio, hain zuzen, Rodriguezen laguna zen, eta harekin zihoan ibilgailuan San Clementek istripua eragin zuenean; Urtizbereak bi labankada jaso zituen Rodriguez sorostera gerturatu zenean. Lekuko gisa deklaratu zuten Osoriok eta Urtizbereak, baina San Clementek, Rodriguez hil zuen gauean, lesioak eragin zizkien biei.

«Ez naiz oroitzen» edo «ez dakit». Akusazioko abokatuek eta fiskalak 2009. urteko maiatzaren 8tik 9rako gauaren inguruan galdetuta, hori erantzun du San Clementek. Besteak beste, Rodriguez hiltzeko erabilitako labanaz, haren bila joateko erabilitako autoaz, gau hartan biktimari eginiko heriotza mehatxuez eta Urtizbereaz galdetu diote akusatuari, baina bi formula horiekin erantzun die guztiei. San Clementek erantsi du ez ziola jazartzen Rodriguezi, eta biek deitzen ziotela sarri elkarri. Emakumea «pertsona ona» zela adierazi du, eta eginikoaz damu duela. Barkamena eskatzeko prest agertu da akusatua, «nahiz eta ezertarako balio ez izan».

San Clementek epailearen aurrean esandakoak auzitan jarri dituzte akusazioko abokatuek; ez zegoela edanda frogatzeko ahalegina egin dute. Urtizberearen abokatuaren arabera, gau hartan oroimena galdu arte edan izan balu inputatuak, ez zatekeen gai izango autoa hartu eta inor hiltzeko. Gainera, Urtizbereak eta Osoriok ukatu egin dute hiltzailea mozkorra zegoela; haren ibiltzeko era eta mugimenduak ez zirela traketsak azaldu dute. «Paseo batemanez aldendu zen», esan du Urtizbereak. Bestalde, San Clementek ziurtatu du «noizbehinka» gertatu izan zaiola edatearen ondorioz oroimena galtzea, baina 2009. urteko abenduan eginiko deklarazioa ekarri dio gogora akusazioak; horrelakorik ez zitzaiola sekula gertatu esan zuen orduan. Defentsaren iritziz, akusatuak sei pastilla hartu behar ditu egunero, eta horrek nahasmena eragiten dio.

Ondorio psikologikoak

Gau hartan bizi izandakoaz eta eragindako ondorioez jardun dute Urtizbereak eta Osoriok. Rodriguez «oso langilea» zela azaldu du Osoriok, eta San Clementeren jarrerarekin ikaratuta zegoela. Emakumea hil baino ordu batzuk lehenago gizonak heriotza mehatxuak egin zizkiola baieztatu du, baina lasai egoteko eskatu zion Rodriguezek lagunari, ez ziola ezer egingo. «Gizonarengan konfiantza osoa zuen».Osoriok adierazi du osatu dela auto istripuaren ondorioz izandako zaurietatik, baina gaineratu du pasatutakoa «ahaztezina» dela eta zama hori «betiko» izango duela .

Urtizbereak azaldu duenez, gau hartan afaria zuen lagunekin. Etxerako bidean zela, bi auto ikusi zituen geldirik errepidean, eta gelditu egin zen, istripu bat zela pentsatuta. Gizon bat andre bat jotzen ari zela ikusi zuen orduan, baina ez zuen ikusi labana. San Clementeri aurre egiten saiatu zen, baina bi labankada jaso zituen. Defentsaren galderei erantzunez, Urtizbereak esan du akusatuak «automatikoki» egin ziola eraso, eta, zauritu ostean, ez zuela berriz erasotzeko asmorik agertu. Urtizbereak ziurtatu du ez dela egindakoaz damutzen eta, berriz halakorik ikusiko balu, gau hartan egin zuen gauza bera egingo lukeela orain. Hala ere, aitortu du orduan gertatutakoak bizitza aldatu diola: «Psikologikoki indarra galdu dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.