Aberri Eguna. Aldez aurrekoa. Garbiñe Bueno Zabalza. Independentistak sarea

«Zer ekarriko digun independentziak? Euskal herritarrok nahi duguna»

«Borroka ideologikoa» du helburua lortzeko lehen eginbehartzat Independentistak sareak, eta horretan ari da. Hartarako baliatuko du etzi Aberri Eguna, baina baita «herriaren festa ospatzeko» ere.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko martxoaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Independentistak sareko kide Garbiñe Bueno Zabalzak (Iruñea, 1977) baikor begiratzen dio etorkizunari. Independentzia lortzeko ahalmena ikusten du euskal herritarrengan, baina horretarako lan handia egin beharko dela dio.

Etorkizuna independentzia leloa aukeratu duzue aurtengo. Epe luzerako aldarria dirudi.

Sarea abiatu genuenean, independentzia plano utopikotik plano errealera eramatea jarri genuen helburu, independentziak lortu ezinezko helburua zirudielako. Ikusten genuen badaudela sobera arrazoi lortzeko eta posible dela gainera. Agian plano utopiko horretan oso eroso sentitzen dira asko, baina erreala ere izan zitekeela ikusi genuen; ez dela aldarri hutsa. Denbora erakusten ari da gero eta herri gehiagoren hautua dela independentzia. Beste herrientzat nahiko egingarri dela ikusten dugu, gainera; hala erakusten digute egunkarietan. Orduan, zergatik gurean ez?

Euskal Herrian erortzen ari da izaera utopiko hori?

Uste dut poliki-poliki aldatzen ari dela. Duela hiru urte sarean lanean hasi ginenean, ez zen inon entzuten independentzia hitza; independentziaren aldarria manifestazioren batean oihukatzen zen, baina ez zen aukera erreal moduan hartzen. Gaur egun, askoz egingarriagoa dirudi, nahiz egia den oraindik ibilbide luzea izango dugula aurretik.

Beraz, herritarrak barneratzen ari dira aukera hori egon badagoela?

Uste dut barneratzen ari garela aukera erreala dela eta, gainera, beharrezkoa dela. Azkenaldian gertatzen ari direnekin, uste dut gero eta beharrezkoago dugula eta beharra gero eta argiago ikusten dela. Ikusten dugu erabaki asko ez direla gure herrian bertan hartzen eta, beraz, ez dituela gure beharrak asetzen. Erabakiak beste estatu batzuetan hartzen dira, eta guk ez dugu baliabiderik gure beharrei erantzuteko; zeresanik ere ez dugula. Beharra gero eta gehiago sentiaraztea dakar horrek. Nolabait, behar demokratikoa ere bada dagoeneko: gure herriari buruzko erabakiak ahalik eta hurbilen har daitezela.

Krisitik ateratzeko bide gisa aurkeztu duzue independentzia. Nolatan?

Krisi ekonomikoaren aferak agerian utzi du gure herriaren erabakiak beste nonbait hartzen direla: gure herriaren langabezia tasa, baliabideak eta abar ez direla kontuan hartzen guri zuzenean eragiten digun krisiari aurre egiteko. Horrek menpekotasun handiagoa eragiten digu, eta horregatik diogu independentzia dela krisiari aurre egiteko baliabidea, krisiari aurre egiteko zer egin erabaki ahal izango dugulako behintzat. Horrek ez du esan nahi independentzia denik guztiaren soluzio magikoa. Independentzia izanda erabaki asko hartu beharko dira; batzuk ongi hartuko ditugu, eta beste batzuetan okertu egingo gara, baina behintzat posible izango dugu gure beharretara egokitzen den alternatiba bat eraikitzea.

Zertan eragingo dio herritar xumeari erabakitzeko gaitasun horrek?

Afera demokratiko batean. Hau da, demokrazia hurbileko eta parte hartzaile bat izateko aukera erreal bat izan daiteke, eta hori guztion artean eraiki beharko dugu. Independentzia ez digute besterik gabe emanen; guk lortu beharko dugu. Eta independentziaren ondorengo herria denon artean eraiki behar dugu. Zer ekarriko digun independentziak? Euskal herritarrok nahi duguna. Eta, edozein kasutan, menpekotasunean ez bizitzeko aukera ekarriko digu, gutxienez.

Independentzia egunerokoari lotutako zerbait dela diozue, eta egunero sortzen den zerbait dela. Gaurdanik landu daiteke, independentziarik izan ez arren?

Euskal Herrian urte asko daramagu hori egiten, nahiz agian ez zaion izen hori eman. Hezkuntza ereduaz ari garenean, nik uste dut horretaz ari garela; edo euskara erabiltzeko eskubideaz ari garenean. Hau da, Euskal Herriaren eraikuntzan eragile asko eta asko ari dira lanean egunerokotasunean, eta horiek herri bat eraikitzen ari dira, nahiz eta horietako batzuek ez duten independentzia aldarrikapen moduan izanen. Uste dut lan hori badela herria egitea eta horiek ere badirela oso pauso garrantzitsuak.

Hortik aurrera, zein urrats egin behar dira independentziarako bidean?

Guk ez dugu hasieratik halako bide orririk zehaztu, baina beti pentsatu izan dugu lehenik eta behin saiatu behar dugula independentziaren aldekoak gero eta gehiago izan daitezela; bai berez independentistak garenok aldarri hori gure eskuetan hartuz, baina baita ere zalantzak izan ditzaketen herritarrak konbentzituz, gure ustetan independentzia zergatik dugun beharrezkoa horiei azalduz. Horretan ari gara: argudioak ematen ari gara, eta ez bakarrik ekonomikoak. Badira arrazoi kulturalak, hizkuntzari loturikoak edo beste mila, eta hamaika arrazoi horiekin, poliki-poliki ari gara gure borroka ideologikoa egiten, gure herrian ahalik eta gehiengo independentista handiena lortzeko. Hori da bidea. Azken finean, gehiengo hori lortuta, errazago izango dugu independentzia.

Erreferendumerako eguna jarria du Eskoziak, eta hara begira daude begi guztiak. Katalunian ere mugimendu handiak egin dira azken hilabeteetan. Nola begiratzen diezue bi egoera horiei?

Independentziarako abian diren prozesu horiek oso begi onez ikusten ditugu, eta elkarlan edo konplizitate hori behintzat badugu. Oso hurbiletik ari gara aztertzen bi prozesu horiek. Badakigu bakoitzak bere errealitatea eta bidea dituela. Kataluniako errealitatea eta Euskal Herrikoa guztiz desberdinak dira, baina, tira, beste afera batzuk berdintsu izan ditzakegu: biok gaude Espainiako eta Frantziako estatuen menpe, adibidez. Guk hurbiltasunez ikusten ditugu, Europan horrelako bi prozesu indartsu egoteak gurea ere indartsuago egiten duelako. Bakoitzak bere erritmoa eta errealitatea ditu, eta garrantzitsua ez da nor iristen den lehenago independentziara, baizik eta ahalik eta lasterren baten bat iristea, beste guztiok asko ikasiko dugulako horretatik. Beraz, uste dut elikatu behar dugula batak bestearekin, eta posible denean, elkar aritu.

Iruñean egingo duzue aurtengo Aberri Eguna, festa giroan. Zein programa prestatu duzue?

Ez gara menpekotasun eta haserrean geratuko, eta gure herriaren festa denez, ospatu egingo dugu. Egun osoko egitaraua antolatu dugu. 12:00etan Golem zinematik manifestazioa abiatuko da eta Foru Monumentuan bukatuko da ekitalditxo batekin. Ondorenerako kantu-jira nazionala antolatu dugu Orreaga Fundazioarekin, eta gero, herri bazkaria izango dugu. Egunean zehar Iruñeko Alde Zaharrean barna ibiliko dira hainbat fanfarrea eta elektrotxarangak, eta Alde Zaharreko tabernetan dj-ak, musika eta bestelakoak izango dira.

Betiko aldarria da Aberri Egun bateratua, baina, lortuko da inoiz Aberri Egun bateratu bakarra?

Independentistak sarea banakoek antolatzen dugu eta independentista diren sentsibilitate politiko guztietako jendea biltzen da bertan. Egia da alderdi batek antolatu duela Aberri Egunerako beste ekitaldi bat, baina gu ez gara horretan sartuko. Gurea denei irekia dago, eta uste dugu iritsiko dela eguna alderdi guztiak batuko direna guztion eguna jendartearekin ospatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.