Zerbitzuburuek elkarretaratze gehiago iragarri dituzte Donostian

Agustin Agirrek izandako jarrera salatu dute Donostiako ospitaleko zerbitzuburuek, eta astelehenero biltzeko deia egin dute

Donostialdeko ESIko buruak, elkarretaratze batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Gurutze Izagirre Intxauspe - Iosu Alberdi
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Urak harro datoz oraindik Donostialdeko erakunde sanitario integratuan (ESI). Donostiako ospitaleko zerbitzuburuek premiazko bilera bat egin zuten atzo goizean, eta arratsaldean batzarrera deitu zituzten langileak, herenegun Agustin Agirre Donostialdeko ESIko kudeatzaile izendatu berriak emandako aginduaz eztabaidatzeko. Zerbitzuburuek uko egin diote Agirre negoziazioetan solaskide gisa hartzeari, eta jakinarazi dute elkarretaratzeei berrekingo dietela: astelehen goizetan bilduko dira, 08:15ean, Donostiako ospitaleko sarreran.

Adolfo Begiristain Donostiako ospitaleko zuzendariorde ohiak gogor kritikatu zuen Osakidetzaren kudeaketa, Diario Vasco-n emandako elkarrizketa batean. Begiristainek adierazi zuen Eusko Jaurlaritzaren helburua dela Donostialdeko ESIa ahultzea, Gurutzetaren (Bizkaia) mesedetan.

Osakidetzan harrabotsa eragin dute zuzendariorde ohiak esandakoek. Batetik, Gurutzetako bost zerbitzuburuk ukatu egin dute Eusko Jaurlaritzak mesede tratua ematea, eta, gutun bidez zabaldutako ohar batean, esan dute Begiristainek gezurra dioela. Bestetik, Agustin Agirrek Donostialdeko ESIko zerbitzuburuei eskatu zien esan horiei publikoki erantzuteko.

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek ez zuten begi onez hartu agindu hori, eta atzo arratsaldeko batzarrean parte hartutako langileek ere bide beretik jo zuten, ia aho batez. Izan ere, salatu dute Begiristainek esandako zenbait kontu egia direla, eta hala bizi izan dituztela zuzen-zuzenean.

Era berean, presio egitea egotzi diote Agirreri, eta, negoziatzeko prest daudela adierazi arren, uste dute Osakidetzak egoera «zikindu» duela. Bitartekaritzan aldaketa bat egiteko eskatu diote erakundeari.

Urtarrilaren 18a

Osakidetzako zuzendaritza Donostialdeko ESIko zerbitzuburuekin elkartzeko prest zegoen aurreko astean, eta, bide beretik, haiek elkarretaratzeak etetea erabaki zuten. Aste honen hasieran bildu ziren bi aldeak: Osakidetzako zuzendari Rosa Perez eta zerbitzuburuen ordezkariak. Bazirudien egoera bideratu egingo zela. Izan ere, zerbitzuburuei jakinarazi zitzaien euren erreibindikazio nagusiak errespetatuko dituela Jaurlaritzako Osasun Sailak. BERRIAk jakin duenez, besteak beste, zuzendariek eta langileek osatutako batzorde bat eratzeko bidea zabaldu da Donostian, eta aurrera daiteke Donostiak erreferente bakarra izaten jarraituko duela peritoneoko minbizian.

Bide horretan aurrera egiteko, bi aldeek beste bilera bat egitea adostu zuten: urtarrilaren 18rako. Hura funtsezkotzat jo dute, Osakidetzako zuzendaritza hitzetatik ekintzetara igaro dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.