Zergak gastu militarrerako erabiltzearen aurkako protesta egin dute Bilbon

Argitan emakumeen aholkularitza zentroak eta Kakitzat koordinakunde antimilitaristak elkarretaratzea egin dute Bilboko Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, 'Ez eman jaten militarismoari' lelopean. Gerraren Aurkako Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur.

Elkarretaratzearen argazkia, gaur goizean. KAKITZAT
unai etxenausia
2022ko maiatzaren 24a
16:13
Entzun

Argitan emakumeen aholkularitza zentroak eta Kakitzat koordinakunde antimilitaristak elkarretaratzea egin dute Bilboko Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren parean, Ez eman jaten militarismoari lelopean. Izan ere, salatu dutenez, Ukrainako gatazka belikoaren «aitzakiarekin» erakundeek «helburu sozialki bidegabeetara edo kaltegarrietara» bideratzen dituzte herritarren zergak, hala nola gastu militarretara. Gerraren aurkako Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur; beraz, bi kolektiboek azpimarratu dutenez, emakumeak kalera aterako dira mundu osoan bake eske eta egungo gatazka belikoak salatzeko.

Era berean, nabarmendu dutenez, administrazioek baliabide ugari jartzen dituzte gastu militarrerako, eta «osasunean, pentsioetan, berdintasun politiketan, gizarte prestazioetan eta etxebizitza duina eskuratzeko aukeran, aldiz, murrizketak daude gaur egun".

Barne Desplazamenduaren Behatokiaren eta Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseiluaren azken txostenaren arabera, migratzaileen kopurua «inoiz ikusi gabeko» mailetara iritsi zen 2021ean, 53 milioi pertsona guztira: gerra gatazken ondorioz errefuxiatu gehien egon zen urtea.

Bestalde, bi taldeek salatu dutenez, «gerrako jaunek» gastu militarrerako 22.000 milioi euro jartzea onartu dute, eta 6.500 milioi euro handitu da gastua. Gainera, erakundeen inplikazioa salatu dute. «Eusko Jaurlaritzak 100 milioi euroko diru laguntza ematen dio gerraren industriari».

Hori dela eta, emakumeek «gastu militarrei eragozpen fiskala jartzearen» alde egiten dute. Eta gogorarazi dute aurten pertsona bakoitzak 700 euro emango dituela zergen bidez gerrak finantzatzeko: «Militarismoa edo arma fabrikak diruz laguntzeko diru kopuru izugarria herritarren zergetatik dator».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.