Zero fasea abian da gaur goizetik. Muga handiekin, baina denda eta negozio txikiek lanean hasteko aukera dute; ostatuak etxera eramateko janaria prestatzen hasi ahalko dira; eta etxeko obrei berrekin ahalko zaie. Halaber, maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan. Fasetik fasera pasatzeko ibilbidea argitzeko dago, Espainiako Gobernuak alerta egoeraren luzapenaren bidez egin nahi baitu, baina ikusteko dago Kongresuan horretarako nahiko sostengu duen.
Datu onekin abiatu da 0 fasea, baina asteko datuek erakutsiko dute datorren astelehenean posible izango den lehen fasera pasatzea. Azken hiru egunetan behera egin du positiboen kopuruak. Gaurko datuen arabera, beste 69 positibo atzeman dituzte, horietatik 30 PCR test bidez. Kopuru txikiak dira, eta oinarrizko erreprodukzio zenbakia jaitsi egin da (EAEn, 0,72, Jaurlaritzaren arabera). Baina gaixoek jarraitzen dute ospitalean sartzen: 31 azken orduetan, gaurko datuen arabera (EAEn, 27, eta Nafarroan, 4).
Hildakoen kopuruak gora egin du aurreneko eguneko datuarekin alderatuta. Beste 16 pertsona hil dira (bezperan baino lau gehiago) koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta. Araban, bat; Bizkaian, bederatzi; Gipuzkoan, bi; eta Nafarroan, lau. Guztira, 1.817 dira hildakoak. Ospitaleratuta dauden pertsonen kopuruak behera egin du: 785 (- 7). ZIUn 126 pertsona daude (-3).
Etxeko langileek eta aldi baterakoek bihartik aurrera eska dezakete langabezia saria. Aparteko laguntza hau martxoaren 31n onartu zuen Espainiako Gobernuak, baina langileek orain arte ezin izan dute eskatu, ez zegoelako prozedurarik. Eskaria onartzen bazaie, langile hauek beste hilabete bat itxaron beharko dute dirua jasotzeko.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren hedapena herriz herri eta osasun eremuka
Agian honek ere merezi du
Kutsadura gutxiago. Ekologistak Martxan taldeak berriro neurtu du nitrogeno dioxidoak eragindako kutsadura atmosferikoaren maila. Horren arabera, Hegoaldeko hiruburuetako airearen kutsadura erdira jaitsi da apirilean. Iazko datuekin alderatuta, Gasteiz izan da kutsadura gehien murriztu duen hiria (%58). Ondoren, Iruñea (%54), Donostia (%49) eta Bilbo (%46).
90 auto berri. Hego Euskal Herrian autoen salmenta %95 jaitsi da apirilean. Hilabete osoan 90 auto berri baino ez dira saldu. Martxoan ere astindu ederra hartu zuen auto berrien merkatuak, salmentak % 76 jaitsi baitziren.