Aranzadi zientzia elkarteak, Ikastolen Elkarteak, Kristau Eskolek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu dute, eskoletan zero zabor programa bat abian jartzeko. Hitzarmenak dioenez, hondakinak arazo larri bihurtu dira, eta aurre egiteko, zero zabor filosofia planteatzen dute. Hitzarmenaren sinatzaileak bat datoz ikuspegiarekin, eta ildo horretatik, hezkuntzan programa hori gauzatzeko konpromisoa hartu dute.
Hainbat bilkura egin ondoren, atzo sinatu zuten hitzarmena alde bakoitzeko ordezkariek, Gipuzkoako Diputazioaren Jauregian: Francisco Etxeberria Aranzadiko lehendakariak, Koldo Tellitu ikastoletako lehendakariak, Mikel Ormazabal Kristau Eskoletako zuzendariordeak eta Martin Garitano diputatu nagusiak. Guztiek ere hondakien arazoaren garrantzia nabarmendu zuten.
Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzenduko eta kudeatuko du programa, eta bai ikastolek bai Kristau Eskolek ere txertatu egingo dute beren jardunean. Unitate didaktiko bat prestatuko du Aranzadik eskoletan lantzeko, eta hezkuntza materialak, jarduerak eta tailerrak diseinatuko ditu. Urtebetez iraungo du hitzarmenak, eta ikasturte honetan bertan probak egingo dituzte. Ondoren, hitzarmena luzatuta, zabaldu egingo litzateke ekimena.
Sinatzaile guztien ustez, arazo global bihurtu da hondakinena, eta hezkuntzan lantzea ezinbestekoa da etorkizunari begira. Francisco Etxeberria: «Hondakinak ez metatzea etorkizunean errealitate izatea nahi badugu, gazteek kontzientzia har dezaten lortu behar dugu». Koldo Tellituren hitzetan egokia da programa, eta urratsez urrats beteko dituzte helburuak. Uste berekoa da Mikel Ormazabal ere: «Ingurumenean lanean arituak gara Agenda 21ekin, eta orain hondakinei buruz arituko gara. Funtzionatuko duela iruditzen zait».
Martin Garitanoren arabera, bide egokian ari dira lanean: «Hitzarmenak agerian uzten du Gipuzkoako gizarteak gero eta kontzientzia handiagoa duela hondakinen arazoari zentzuzko irtenbidea emateko eta errespetu handiagoz jokatzeko». Diputatu nagusiaren ustez, herritarrek gero eta garbiago dute ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta sortutakoa berrerabiltzea eta birziklatzea direla konponbidea.
Marrutxipi garbituko dute
Donostiako Udalean ere hizpide izan da zaborren kontua. EAJk eskatu dio Bilduri Marrutxipiko zelaigunearen arazoa konpontzeko, nonbait hondatzen ari delako. Udalak jakinarazi du zelaian dauden obra hondakinak kentzeko eskatu diola Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileari bi asteren buruan. Herritarrek zaborrak ez botatzeko hesia jarri dute inguruan.
Zero zabor programa bat jarriko dute Gipuzkoako itunpeko ikastetxeetan
Aranzadik, Diputazioak, Kristau Eskolek eta ikastolek sinatu dute hitzarmena; unitate didaktiko bat landuko dute ikastetxeetanMartin Garitanoren arabera, gizartea ari da kontzientziatzen hondakinen arazoaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu