Euskadi Irratiko politikarien solasaldian Barrenak esan duenez, "naturaltasunez" hartu dute ezker abertzaleko buruzagiek beste hainbat alderditatik etorri zaizkien kritikak; hots, ETAren indarkeriaren inguruan ezertxo ere ez esatea leporatzen dietenak. "Aurreikusten genuen horrelako erantzun bat etor zitekeela,", aitortu du Barrenak, eta, ondorioz onartu du kandidatura komun bat gauzatzeko egon daitekeen "beharretako bat" ETAren su-eten bat dela; "baina horrek ez du eragotzi behar aldez aurretik egin behar den lana", erantsi du.
"Aldez aurreko lan" hori, alderdien arteko elkarrizketa dela aipatu du Batasunako buruak. "Gure ekimenaren harira, guztiona izan dadin, uste dugu hitzegin dezakegula eta azter dezakegula zer egin behar den aurrera atera dadin kandidatura bakar eta autodeterminista bat. Hori da gure jarrera; ez dugu inolako eszenatokirik baztertzen", azaldu du.
Ordezkaritzaren kontzeptuari kritika
Euskadi Irratiko solasaldian Barrenarekin batera parte hartu duten gainerako politikariek akats dezente sumatu dizkiote ezker abertzalearen proposamenari. Esate baterako, EB-IUko Mikel Aranak bi hutsegite handi ikusten dizkio: batetik, ETAren indarkeriaren aipamenik ez dela egiten, eta, gainera, zeharka, ETAri prozesuaren "berme" rola ematen zaiola. Bestetik, hautagaitza horri "Euskal Herriaren ordezkaritza" eman nahi diola ezker abertzaleak, eta hori ez zaio egokia iruditzen EB-IUko kideari. "Hautagaitza horretan daudenak badira Euskal Herriaren ordezkariak, hautagaitza horrekin bat egiten ez dutenak ez al dira euskal herritarrak?", galdetu du Aranak. "Oso planteamendu arriskutsua iruditzen zait, banaketa larri bat egitea: gurekin daudenak euskal herritar zintzoak, eta besteak espainiar maltzurrak", erantsi du.
Barrenak erantzun dio irakurketa hori okerra dela; alegia, ezker abertzalearen plantamenduan hautagaitza horri ordezkaritza aitortzean ez zaiola "Euskal Herriaren ordezkaritza" ematen, baizik eta autodeterminazioaren aldeko esparruaren ordezkaritza.
Zantzu onak
Nolanahi ere, EAJ eta EAko partaideek —hurrenez hurren, Markel Olanok eta Sabin Intxaurragak—, zantzu onak ere antzeman dizkiote ezker abertzalearen proposamenari. Intxaurragak, adibidez, "planteamendu teorikoa ondo" iruditzen zaiola esan du. "Praktikari" dagokionez egin dio kritika ezker abertzaleari; hain justu, ETAren azken agiria irakurrita proposamenak "sinesgarritasun txikia" duela esan du Intxaurragak, eta, halaber, alderdi politikoek ezin dutela erakunde armatu baten baldintzarik onartu. Ildo horretatik, "HBren munduak" oraindik gehiago "eboluzionatu" behar duela esan du EAko legebiltzarkideak.
Olano ere bat etorri da Intxaurragarekin gaur egungo testuinguru politikoan, "ETAk duen jarrerarekin", proposamenak sinesgarritasun gutxi duela iriztean. Dena den, ezker abertzalearen irakurketa politikoan zein estrategian aldaketa bat sumatu du EAJko zuzendaritzako kideak. Olanoren iduriko, abertzaleen arteko elkarlana bultzatzea da egun ezker abertzalearen lehentasuna, eta hori "ona" dela azpimarratu du. "Ezker abertzaleak lehentasun horrekin segitzen badu, hori nahi badu, topo egingo dugu bidean", azpimarratu du politikari jeltzaleak, aurretik hainbat kontu konpondu behar direla ohartarazi duen arren.
Bidaide beharra
PSE-EEko Ramon Etxezarretaren arabera, azkenik, ezker abertzaleak prestijio politikoa eta zilegitasuna galdu ditu euskal gizartean, eta, ondorioz, "bidaide" beharrean da. Etxezarretaren iduriko horregatik ekin dio orain ezker abertzaleak egitasmo hori bultzatzeari. Dena den, zaila iruditzen zaio ekimena aurrera ateratzea: "Nahiz eta beste talde abertzaleak oinarrian ados egon, indarkeriaren kontra egitea da proposamen horrek aurrera egiteko baldintza; ETAk interferentzia politikorik ez egitea. ETAri eskaera hori egiten ez badiote, zaila izango da ekimena gauzatzea", esan du.
Ezker abertzalearen proposamena
Zerrenda bateratua osatzeko beharretako bat ETAren su-etena dela onartu du Barrenak, baina aldez aurretik beste lan batzuk egin behar direla dio
Datorren martxoan, Espainiako hauteskunde orokorretan, Hego Euskal Herriko autodeterminazioaren aldeko indarrek kandidatura bakar bat aurkezteko proposamena egin zuen ezker abertzaleak. Hautagaitza horretako kide izan daitezkeen hainbat alderdik ekimen hori gauzatzeko ezinbesteko baldintza gisa jarri diete ideia horren bultzatzaileei lehenik eta behin ETAren jardun armatuaren aurka ager daitezela. Ildo horretatik, Batasunako Pernando Barrenak esan du kandidatura komun hori gauzatzeko "beharretako" bat ETAren su-etena izan daitekeela, baina, aldez aurretik beste lan batzuk egin behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu