EAJ-ko bozeramailea kongresuan

Aitor Esteban: «Zertarako deitu gintuen PPk? 'Egun on' esateko, ala?»

Estebanek esan du nazio aitortzarako «bide bat» ireki dela, eta «sasi usuak garbitzeko aurrelana» EAJ eta PSOErena dela. PPren eskaintzak berretsi ditu, baina haiek zehaztu gabe.

2023-11-17, Bilbo. Aitor Esteban, EAJ diputatua
MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
Bilbo
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatu eta ordu gutxira aritu da Aitor Esteban (Bilbo, 1962) Kongresuan jazotakoaz. Madrilgo giro nahasia atzean utzi, eta Sabin Etxean patxadaz erantzun die PSOErekin izan duen negoziazioari buruzko galderei.

Ba al zenuten Sanchez babestea ez beste aukerarik?

Aukera bakarra zen horixe. Voxekin ez genuen ezertan parte hartuko. Beste bidea zaila zen, alderdi asko eta ezberdinak baikaude, baina ez zen beste modurik.

JxCren baiezkoaren ostean iritsi zen zuena. Saiatu zarete helarazten baiezko hori ez zela zertan gauzatu, ordea.

Horra gindoazen, baina zelan, hori ikusteko zegoen, eta abilidadea behar da gauzak zeure herriaren onurara ekartzeko.

PPrekin elkartu zineten Feijooren inbestidurari begira, baina jadanik jeltzaleek ez al duzue loturik zuen geroa PSOEri?

Elkarrizketak bai, baina negoziaziorik ez dugu izan PPrekin. EH Bilduk kontrakoa esan arren, argi esan genuen ez ginela sartuko Vox zegoen ezertan. Gure botoak nahikoak ziren Feijoo presidente egiteko: gakoa gu ginen, eta aginte handia edukiko genuen. Eta zer esan genuen? Ezetz, baina haiek sarritan etorri dira gugana, eta edukazioa dugulako egon gara PPrekin, deien eta bileren bidez.

PSOErekin batera idatzi duzue etorkizuna orduan?

PSOErekin urte batzuk egin ditugu gobernuetan, elkar ezagutzen dugu, baina ez dakigu zer gertatuko den hurrengo hauteskundeetan. Normalena koalizio hori berritzea litzateke? Badirudi logikak horretara daroala. Baina ikusiko ditugu emaitzak.

Industria Ministerioa eskaini zion PPk EAJri?

Bere aldera eraman nahi zaituen parteak eskaintzak egiten ditu. Batzuek eta besteek egiten dituzte beren irudimeneko gauzak, baina Feijook berak esan du nik ez dudala gezurrik esan, nahiz eta ukatu egin duen horrelako eskaintzarik egon dela. Zertarako deitu gintuzten? 'Egun on' esateko, ala?

Gizarte segurantzaren transferentzia oraingoan bai?

Konfiantza txikia, handia edo ertaina edukita ere, eskatzen ez baduzu, ez da beteko. Orain badago bide bat; teknikoki ez da erraza, baina eztabaidak lehenbailehen hasi behar du. Ez agerian, isilean baizik, teknikoki gauzak adosten joateko. Akordioaren barruan dagoela berretsi du PSOEk, hedabideei deituta. Borondatea bada, eta beteko dela pentsa dezagun.

Nazio aitortzarako bide bat lantzea adostu duzue PSOErekin, foruen tradizioari lotua, aldebikotasunera lotua. Lor daiteke burujabetza gauzatzea konstituzioaren barruan?

Gaitza dirudienez, etsi egingo dugu? Ez dakit konstituzioan sartzen den, edo puntu batzuetan aldatu behar den, baina hori borrokatzeko asmoa dugu. PSOEk, Sanchezek berak izenpetuta, aitortu du lehen aldiz euskaldunen gehiengoak gura lukeela bere burua nazio gisa aitortua izatea juridikoki, eta negoziatzeko konpromisoa hartu du. Gero, gehiengoak beharko dira, hemen eta Madrilen, edozer onartzeko. Baina zein dira hurrengo urteetarako egingarriak diren garrantzizko pausoak? Naziotasuna, aldebikotasuna eta bermeak lortzea.

Eta burujabetza?

Burujabetzak bereizten gaitu beste erkidegoen aldean, zeren eta erkidegoen jokoan denentzat behar du beti denak, eta joko horretatik atera behar dugu. Lehenbiziko xedapen gehigarria eta estatutuaren xedapen gehigarria izan daitezke horretarako euskarriak. Horiek guk bakarrik ditugu: Euskal Herriak ez die uko egiten eduki ditzakeen eskubideei.

Egingarriaz ari zara, gauza batzuk ezin direla egin jota.

Gauzak oreka batera eroatea ez da erraza. Herri honetan ez gara denok abertzaleak; gehienak bai, nik uste, baina batzuk espainiar sentitzen dira, eta zer batu ahal gaituen alde biak eroso sentitzeko, hori da erantzun beharrekoa. Bide bat ireki da orain.

Bide horrek eramango du, adibidez, futboleko euskal selekzioak txapelketa ofizialak jokatzera?

Hori lortzeko denon inplikazioa behar da, baita kirolariena ere, ze gorriak deitzen baditu eta poz-pozik badoaz... Baina, jakina, nazio kontzeptua garrantzitsua litzateke gure irudia hobeto ulertu dadin munduan. Eskoziarrek abantaila handia dute: gizonak gonaz janzten dira, eta denak ohartzen dira ez direla ingelesak. Guk gero eta gutxiago daramagu txapela... Serio esanda: nazio gisa aitortuak egonez gero, iritsiko dira beste ondorio batzuk.

PSOErekin adostu duzue zuek biek negoziatuko duzuela aitortza horri buruz. Beste alderdiek martxan dagoen tren batera igo beharko dute?

Basoa oso usua dago, eta sasirik handienak kentzeko aurrelan bat egin behar da. Horrek ez du esan nahi sasi guztiak kenduta egongo direla alderdi guztioi eztabaidatzea tokatzen zaigunerako; ez du zentzurik eztabaida hori soilik bi alderdiren artean egiteak, gehiengo zabal bat lortu nahi bada.

EH Bilduk Madrilen ordezkaritza handiagoa duela ikusita, ez al dio hark ere eskatuko PSOEri aurrelan horretan egotea?

Haiek ez dute akordio hori izenpetu Sanchezekin. Zer esatekoa izango dute, noski, baina PSOEren konpromisoa gurekin da. Beren botoak doan eman dituzte, itxura batean.

Eman bezala, doan ken ditzakete, ezta?

Baita guk ere, baina gure akordioan konpromisoak daude, katalanek egin dituzten akordioetan bezala.

Zer leku du erabakitzeko eskubideak ireki den bidean?

Beti egongo da gure erreibindikazioen artean. Bihar goizerako posible izango da? Ez, esan dezagun egia. Horretan aritu behar dugu jo eta ke, gure bizitza herri bezala horretan balego lez? Nik eduki gura nuke, baina irabazteko. Batzuek gezurra esan gura badute, esango dute bihar goizerako dela, baina nik ez dut esango. Eskatu behar dugu, baina ez gara itsutu behar. Badaude gauza garrantzitsuetan aritzeko: euskararentzat 100 milioi euro hitzartu ditugu gobernuarekin. Gure nortasuna, neurri handi batean, gure hizkuntzan datza. Azken helburuetara iristeko, aurrena arimari bizirik eutsi behar zaio.

Euskara al da gure eskoziarren gona?

Bai, eta Kongresuan euskaraz hasten garenean argi ikusten da, oso nabaria da. Katalanekin ez da hain argi gertatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.