Zeruaren banaketan, desoreka

Lau milioi bidaiari baino gehiago hartu dituzte Euskal Herriko bost aireportuek urteko lehen zortzi hilabeteetan; Loiu da bidaiarien artean erreferentea, eta Foronda merkantzian.

JON REJADO /AITOR RENTERIA GASTEIZ / BAI
2007ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Loiu, Foronda, Hondarribia, Miarritze eta Noain. Bost aireportu 150 kilometro koadroan. Euskal Herriko bost aireportuetan biderkatu egin da bidaiari kopurua azken urteetan: iaz 4.700.000 bidaiarik baino gehiagok erabili zituzten Euskal Herriko aireportuak, 1999. urtean baino %60 gehiagok alegia. Igoera hori ez da orekatua izan, ordea. Izan ere, bidaiarien lautik hiru Loiutik irten dira. Eskaintzari dagokionez, Loiukoak eta Miarritzekoak dira interesgarrienak.



FORONDA

Merkantzian, jaun eta jabe

Merkantzia izan da Forondako ezaugarri nagusia ia sorreratik bertatik. 1981. urtean, aireportua zabaldu eta urtebetera, aduanako azpiegitura handitu eta merkantzian espezializatu zen. Nazioarteko merkantziaren gorakada, ordea, Europako Batasunaren mugak ireki zirenean heldu zen. Hala, 2005. urtean Euskal Herrian mugitu zen merkantziaren %90 igaro zen Forondatik. Iaz, adibidez, 31.575 tona merkantzia garraiatu zen bertatik.

3.500 metro luze den pistari esker, hegazkin handiek lur har dezake bertan. Salgai galkorren garraioa eta pakete garraioa dira indar gehien dutenak.

Bidaiariei dagokienez inoiz ez da izan erreferente garrantzitsua. 2005. urteko bukaeran Ryan Air hegaldi merkeak eskaintzen dituen konpainiarekin gorakada izan behar zuela ematen zuen. Milioi bat euroko laguntza jaso zuen orduan, baina airelinea horrek urriaren 24an utziko du Foronda. VIAk, 1994. urtetik aireportua sustatzen duen elkarteak, ordezko bat bilatzeko asmoa du.

2009rako Forondako azpiegitura elektrikoaren zaharberritzeko proiektua idazten ari da AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa. Pista eta zerrendak egokitzeko proiektua denbora gutxi barru hasiko dira idazten, eta aparkalekuak egokitu eta handitzeko asmoa ere badute.



LOIU

Bidaiarien erreferentea

Bizkaiko berrikuntzaren erreferenteen artean kokatu da Loiu azken urteetan. 2000. urteko azaroan Santiago Calatravak diseinatutako Usoa terminal berria inauguratu zuen, eta, hortik aurrera, etengabeko gorakada bizi izan du aireportuak. 2015. urtean 4,3 milioi bidaiari izango zituela aurreikusi zuen Espainiako Sustapen Ministerioak. Egungo bilakaera izanez gero, datorren urtean gaindituko du kopuru hori, eta azpiegitura bere mugara iritsiko dabost milioi bidaiari izanez gero. AENAko aireportuen artean, Kantauri kostaldeko erreferente bihurtu da Loiu. Aurten jada ia hiru milioi bidaiari igaro dira bertatik. Bidaiarien hiru laurdenak Espainiakoak, Herrialde Katalanetakoak, Galiziakoak eta Euskal Herrikoak dira.

Azpiegitura aldetik etengabeko berrikuntza ekarri du mugimendu horrek. Merkantzientzako terminal berri bat egiteko eta hegazkinak aparkatzeko plataforma handitzeko proiektuak idazten ari dira.



HONDARRIBIA

Etorkizuna zalantzan

Albiste iturri bihurtu da Hondarribiko aireportua azken asteotan. Europako Batasunak ezarritako segurtasun baldintzetara egokitzeko pista 300 metro mozteko erabakia hartu du AENAk, eta horrek etorkizuna baldintzatu diezaioke aireportuari. Bien bitartean, urte hasieratik izaniko bidaiari kopurua aurreko urteko lehen zortzi hilabeteko kopurua baino %32,8 handiagoa da. Hain zuzen, 2015. urterako 650.000 bidaiari izatera heltzeko helburua jarri zuten 2001ean.

Hondarribia eztabaida iturri izan da, ordea, urte luzetan. Erreaktoreei bertan lur hartzea debeku zien 1992. urtera arte, zarata zela-eta. 2001ean pista 200 metro luzatzeko egitasmoa aurkeztu zuen Espainiako Sustapen Ministerioak eta hainbat alderditatik gogor kritikatu zuten proposamen hura. Joan den astean, Ortzibia elkarte publikoa osatzen duten erakundeek ez zuten auziaren gaineko jarrera bateratua adostea lortu. Bi ordu eta erdiko bilera egin zuten Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Gipuzkoako Bazkundeko eta Donostiako, Iruneko eta Hondarribiko udaletako ordezkariek . Baina aireportua handitzeko eskatuz eginiko testua ez zuten izenpetu ez Irunek ez Hondarribiak. Bai, ordea, gainerako instituzioetako ordezkariek.



NOAIN

Apala, baina handitze bidean

Gorabehera gutxien duen aireportua da Euskal Herrian. Hegaldien gorakadak eragin handirik ez du izan Noainen. Hala, zazpi urtean 30.000 bidaiariren igoera besterik ez du izan. Etorkizuna oso bestelakoa izan daiteke, ordea. AENAk hiru lan garrantzitsu egin nahi ditu bertan: lau solairuko terminal gune berria eta kontrol dorre berria egiteko proiektua adjudikatuko da denbora gutxi barru,eta pista egokitu eta 200 metro luzatzeko asmoa dute: 2.407 metrora iritsi arte.

Espainiako Ministro Kontseiluak premiazkotzat jo du pista luzatzeko beharrezkoak diren lur sailak hartzea. Guztira ia 40 milioi euro inbertituko dituzte Noainen eta etorkizunean bidaiari igoera handia izan dezakeela ematen du. 2001. urtean Espainiako Sustapen Ministerioaren plan zuzendariak 2015. urterako Noainek 950.000 bidaiari izateko helburua, jarri zuen, egungoak baino 575.000 bidaiari gehiago.

Madril eta Bartzelonaz gain Lisboarekin lotura du Noaingo aireportuak, eta azken asteetan kolokan izan da Portugalerako lotura. Azkenena baina zerbitzua ematen jarraituko dute.



MIARRITZE

Konpainia merkeak, hats iturri

Hondarribia eta Miarritzeko aireportuak ez daudela lehian eta elkar osatzen dutela uste du Didier Riche Miarritzeko aireportuko zuzendariak. Miarritzekoak Europako iparraldeko loturak bermatzen ditu, eta Hondarribiak gehienbat Europa hegoaldeko loturak egiten dituela adierazi du.

Ororen buru, udako emaitzak bikainak izan direla dio Richek. Uztailean eta abuztuan 200.000 bidaiari garraiatu dituzte. «Azken urtean 900.000 bidaiari izan ditugu, eta kontuan hartuz aireportuak 1,4 milioi bidaiari garraiatzeko gaitasuna duela, badugu garapenerako tartea egungo azpiegituretan bermatuz».

Miarritzeko aireportua baliatzen duten bidaiarien %80 europarrak dira. Ekonomikoki ere, erabiltzaileek ez dituzte ezaugarri berberak. Gehienak prezio merkeko konpainiekin jiten direnez, aisialdia baliatu, familia bisitatuedo turismoa egin nahi duten bidaiariak dira.35 oreneko lan astearen ondorioz, Lapurdiko kostaldean bizi eta Londresen lan egiten duen jendea dagoela azpimarratu du Richek.

Alta, udako emaitzak onak izan badira ere, etekin handienak lortzea helburu duen politikak krisialdi sakona eragin du irail erditsuan. Ryan Airkonpainiak Dublin, Chanon eta Frankfurteko hegaldiak eten nahi dituela adierazi du, udan ezartzeko abian berriz. «Erabaki hori onartezina da, eta ez du zerbitzu publikoaren eskaintza betetzen, horregatik, Ryan Airrek asmo horretan segitzen badu, hitzarmena moztu eta bertze konpainia baten zerbitzua bermatzeko harremanetan sartuko gara», adierazi du Richek.



«Aireportuek monopolio izateari uztean, merkatua arrazionalizatu egingo da»

Jon GangoitiBilbao Aireko zuzendaria
Hainbeste aireportu hain gertu egotea ez dela errentagarria dio. «Pribatizatuko dira noizbait, eta orduan ikusiko da zer gertatzen den».
jon rejado

Bilbo

Zazpi urte beteko ditu Loiuko Usoak bi hilabete barru, eta, horrekin batera, Bilbao Air erakundeak. Loiuko aireportuko sustapenerako elkartea terminal berriarekin batera jaio zen, hegaldiak kudeatzeko. Bilakaera gertutik jarraitu du Jon Gangoiti (Bilbo, 56 urte) zuzendariak:2,4 milioi bidaiariekin jaio eta aurten lau milioi bidaiari izaterahelduko direlako pozik dago. «Aurreikuspen hauekin terminala handitu beharko litzateke», dio.

Loiu, Foronda, Noain, Hondarribia, Miarritze. Aireportu asko lur eremu txikian. Elkarrekin bizi al daitezke?

Eta Logroño eta Santander (Espainia). Europar Batasunaren baitan ez da horrelako kasu bakar bat ere ematen. Orain, konpetentzia den edo ez... Miarritzeko aireportua izan ezik, bertako Merkataritza Ganberak kudeatzen duelako, AENAkoak dira gainontzekoak.

Gutxi gora behera badakigu zenbat bidaiari behar den aireportu bat errentagarria izateko, eta datuek ez dute ematen. Aireportuak pribatizatuko dira noizbait, eta orduan ikusiko da zer gertatzen den. Airebide aniztasuna egotea ez da txarra, baldin eta diru laguntzarik ez badago tartean.

Hain zuzen, airebideei emandako diru laguntzak eztabaida iturri izan dira...

Diru-laguntzak ez dira onak. Ez behintzat errentagarria izango ez den zerbaiti dirua ematea. Azkenean diru gehiago eskatuko du, instituzioek ez diote emango eta konpainiak alde egingo du. Etengabe ikusten dira diruz babestuta ez egoteagatik alde egiten duten airelineak. Europako Batasunak asko zaintzen du hori alor gehienetan, merkatu bateratua desorekatu egiten duen ezer egon ez dadin. Kontua da hori ez dela hegaldietara heltzen.

Baina diru laguntzak emateko aukera baliogarria izan daiteke noizbait, ezta?

Miarritzeko aireportuan ondo egiten dute, adibidez. Erresuma Batuetatik jendetza doa bertara, eta diru asko uzten du bertako golf zelaietan, talasoterapia guneetan... Irabazitakoa ikusi eta diru laguntzak ematea errentagarria gertatzen zaiela dakitenez, horrela jarraitzen dute.

Euskal Herriko aireportuen banaketa argia da datuak ikusita: Loiu bidaiariak eta Foronda merkantzia. Elkar osagarriak izan daitezke?

Egia esan ez dakit norantz joko duen egoerak. Masa kritikoa izan behar du aireportu bakoitzak, eta egungo hegaldi merkeekin askoz ere gehiago.

Hegaldiak aireportu askotan sakabanatuta izatea komeni zaien edo toki bakarrean zentralizatu behar duten erabaki behar dute airelineek. Aireportuak AENAko monopolioa ez diren unean merkatua arrazionalizatuko egingo da. Eta orduan, airelineak dirua irabazten duten tokira joango dira.

Espezializazioa izan al daiteke merkatuari eusteko bidea?

Bilbao Airek bidaiariekin baino ez du lan egiten. Merkantziari ez diogu ezetz esaten, baina ikusi genuen Foronda oso espezializatua zegoela alor horretan. Hortaz, Euskal Herriko merkantzia aireportua Foronda izan behar zuela pentsatu genuen. Bidaiariena, berriz, Loiu da. Datuak argiak dira, aurten lau milioi bidaiariak gaindituko baitugu.

Bidaiatzeko zaletasuna (edo beharra) bereziki igo dela sumatzen ari al zarete?

Muga hori urte honetan gaindituko dugu. Bidaiari kopurua %8 handituko dugu aurreko urtetik. Datozen hiru urtetan erritmo hori mantenduz gero bost milioi bidaiari izatera helduko gara. Ez genuen horren hazkunde handia espero. Terminala handitu behar dela hasi behar dugu pentsatzen. Denbora asko behar da hori egiteko, eta hiru urtetan aireportuaren mugara heltzen bagara... Datorren urtea erabakigarria da benetako hazkundea ikusteko, eta erabakiak hartzeko. AENA da horretaz jabetu behar dena eta erabakia hartu behar duena.

AENAren erabakia baino ez da hori? Bestelako erakundeek ez dute parte hartzerik?

AENArena da monopolioa. Enpresa sustatzaileek gure iritzia jakinarazi bai, baina beste edozeinen iritzien garrantzi bera dute.

Baina oro har, euskal herritarrek hegazkinez asko bidaiatze al dute?

Onartu behar da inguru honetan beste hamaika tokitan baino erosteko ahalmen handiagoa dagoela. Enpresa txiki eta ertain asko dago eta jendeak asko bidaiatzen du. Geroz eta gehiago. Hainbat egoera eman dira hori gerta dadin. Bidaien salneurria nabarmen merkeagoak dira eta jendeak erosteko ahalmen handiagoa du. Lehentasunen inguruan joera aldaketa geratzen ari da ere gizartean, nire ustez. Bidaiak egin behar dira, kosta ahala kosta.

Hegaldi merkeen sorrerarekin airelineen mundua asko aldatu al da?

Hegaldi merkeen sorrerak konpetentzia izugarria eragin du, eta airelinea indartsuek hegaldiak merkatu behar izan dituzte.

Hegaldi merkeak eskaintzen dituzten airelineetatik aldentzen saiatu dira konpainia batzuk.

Hegaldi merkeak eskaintzen dituzten airelineak kalitate txarrarekin lotu izan dira arrazoirik gabe eta era bidegabean. Oso merkeak izateagatik ez dute zertan txarrak izan behar. Are gehiago, enpresa gazteak direnez hegazkin berriak dituzte eta hori kontuan hartzekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.