Zestoako gaztetxea husteko agindua eman dute epaileek, elizbarrutiari arrazoia emanda

Eraikinetik ateratzeko agindua eman diete Zestoako Gazte Asanbladako kideei, eta prozesuaren gastuak ordaintzera zigortu dituzte.

(ID_13498747) Zestoako gaztetxea apostasiaren alde
Zestoako gaztetxea. GOTZON ARANBURU / FOKU
Ion Orzaiz - Xabier Martin
2024ko urtarrilaren 26a
13:00
Entzun

Zestoako gaztetxea husteko agindua eman du Azpeitiko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2. Epaitegiak. Donostiako Elizbarrutiak jarritako salaketari men egin dio epaileak, eta Elizarena den eraikinetik ateratzera behartu ditu gazte asanbladako kideak. Beren borondatez atera ezean, eraikina desjabetzeko prozesua abiaraziko du epaitegiak. Auzibideko gastuak ere ordainaraziko dizkiete gazteei.

Isilean joan da urtebetez Zestoako (Gipuzkoa) Gazte Asanbladak okupatutako gaztetxearen afera. Elizondo eraikina herriko gaztetxe berria da orain, okupazio baten ondoren, baina joan den igandean, Zestoan meza nagusia egiten ari zirela, hainbat pertsona elizara sartu ziren, «Eliza diruzale, espekulatzailea. Gaztetxearen desalojoa gelditu!» zioen pankarta batekin, eta auzia ezagutzera eman zuten hedabideetan.

Donostiako Elizbarrutiak adierazi zuen «delitu eta gehiegikeria nabarmen» gisa hartzen duela Elizondo eraikinaren okupazioa. Era berean, nabarmendu zuen gotzaindegiak ez duela «iritzia aldatzeko asmorik» Elizondo eraikinaren «okupazio bortitz eta gehiegikeriazkoaren inguruan». Hori dela eta, bi gazteren aurka jarritako salaketa judizialari eutsi zion, eraikineko jarduera «lehenbailehen berreskuratu» nahi baitu.

Usurpazio delituagatik epaitu zituzten bi gazte herenegun. Dozenaka lagunek elkartasuna adierazi zieten epaitegiko atarian, eta elkarretaratzea baliatu zuten adierazpen baten bidez Donostiako Elizbarrutiaren jarrera gaitzesteko. «Gazte asanbladak herriari irekitako proiektu politiko, sozial eta kulturala desalojatu nahi du Elizak. Nahiago du espazioa hutsik utzi eta herriko bi gazte kondenatzea», adierazi zuten.

Iazko otsailean zabaldu zituen ateak Zestoako gaztetxe berriak. Ez zen prozesu erraza izan: bi urte eman zituzten gaztetxe zaharretik lekualdatzeko prozesua prestatzen, herriko kultur etxearen barruko gaztetxeak beharrezko baldintzak betetzen ez zituela iritzita. «Ez zituen segurtasun neurriak betetzen, ez edukierari dagokionez, ez suteen aurreko protokoloetan, ezta irisgarritasunari dagokionez ere; izan ere, bigarren solairuan dago, eta beste hainbat eragile daude kultur etxean», azaldu du Amaiur Gartziak (Zestoa, 2000), gazte asanbladako bitartekariak.

Gartziaren arabera, udalak proposatu zuen gaztetxearen lekua aldatu eta Elizarena den eraikin horretara eramatea, eta gazte asanblada, udala eta Eliza bera biltzen hasi ziren, negoziatzeko asmotan. «Denbora aurrera joan ahala, ikusi genuen ez zela aurrerapausorik ematen, eta orduan hartu genuen eraikina okupatzeko erabakia», esplikatu du Gartziak. Elizak azkar erantzun zuen: negoziazioetan bitartekari gisa ari zen asanbladako kide bat salatu, eta prozesu judizial bat ireki zuen haren aurka. Joan den urteko apirilean epaitu zuten asanbladako kidea, eta absolbitu. Uztailaren amaieran beste prozedura bat iritsi zen, ordea, bide zibiletik: Zestoako bi gazteren aurkako salaketa jarri zuen berriro eraikinaren jabeak, eta horiexek epaitu dituzte aste honetan, usurpazio delitua leporatuta.

Salaketa judizialak gotzaindegiaren oniritziarekin egin dira, elizbarrutiak berak azaldu baitu iazko otsailean jakinarazi ziola gotzaindegiari Zestoako Gazte Asanbladako zenbait gaztek Elizondo etxea okupatu zutela, «sarrailak lehertuz eta beste batzuekin aldatuz, jabetza pribatu hori gehiegikeria eta bortizki okupatuz». Orduz geroztik, gazte asanbladako kideak eraikinean daudela nabarmendu du erakundeak, «gotzaindegia kontra egonda ere».

Elizbarrutiaren arabera, «ez da egia» etxe okupatua txarto dagoela, eta erantsi du Elizak askotariko jardueretarako erabiltzen zuela orubea: «Etxea hutsik eta egoera txarrean zegoela esanez justifikatu zuen okupazioa gazte asanbladak. Okupazioa egin arte, etxe hori katekesirako eta parrokiako zenbait ekintzatarako eta bileretarako erabiltzen zen. Parrokiak bainugelak erabiltzeko aukera ematen zien Zestoako herritarrei —bainugela publiko gisa—, baita herriko taldeen beste jarduera batzuetarako ere, herriko eragile zenbaiten bileretarako, musika talde baten entseguetarako, sahararrei laguntza emateko, eta abarretarako. Gazte asanbladak eraikina bortizki okupatuz geroztik, parrokiak ezin izan du erabili».

Azpeitiko epaitegiak ontzat jo ditu elizbarrutiaren argudioak, eta eraikina Elizari itzultzeko lehen urratsa egin du: gaztetxea husteko agindua eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.