Zibersegurtasun Katedrarekin lotutako lizitazioa behin-behinean gelditzea adostu du EHUko sail batek

Aukera handia zegoen lehiaketa horretan Israelgo software bat erosteko. Erabaki horren helburua da Israelekin lankidetza ez abiatzea.

EHUko liburutegi nagusia, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
EHUko liburutegi nagusia, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko apirilaren 11
12:45
Entzun

EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Sailak erabaki du behin-behinean gelditzea Zibersegurtasun Katedrarekin lotutako lizitazioa. Saileko iturrien arabera, aukera handia zegoen Israelgo enpresa baten software jakin bat erosteko. Hortaz, bozketa egin dute, eta lehiaketa etetea erabaki dute.

Otsailaren 22ko Gobernu Kontseiluan, EHUk Zibersegurtasun Katedra sortzea onartu zuen, iazko urrian Incibe Zibersegurtasunerako Espainiako Institutuarekin hitzarmena sinatu ondoren. Akordioaren arabera, «xedea da zibersegurtasunaren arloan ezagutza ez ezik pertsonen eta erakundeen gaitasunak ere garatu daitezen sustatzea, Inciberekin batera». Halaber, «lankidetza» sustatu nahi dute, nazioarteko «erreferentziazko» unibertsitateekin, «hala nola Tel Aviveko Unibertsitatearekin».

Zibersegurtasun Katedra Informatika Fakultatearen parte izango da. Hura sortzeko, software bat erostea da lehenengo urratsa. Horretarako, lizitazio bat zegoen martxan, eta hura etetea adostu dute saileko kideek.

Departamentuko iturriek berretsi dute bozketa egin dela, eta lehiaketa bertan behera uztea erabaki dutela. Halere, horrek ez du esan nahi katedra egongo ez denik. Izan ere, adierazi dute garrantzitsua dela Zibersegurtasun Katedra sortzea, bai fakultatearentzat, bai unibertsitatearentzat. Gainera, laguntza ekonomikoa lortu dute horretarako. Hortaz, aurrera jarraitzeko pausoak aztertzen ari dira orain, Israelgo softwarea erabili gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.