ZIBURUKO IKASTOLA

Ziburuko Herriko Etxeak argindarra kendu dio Kaskarotenea ikastolari

4.370 euroren zigorra ordaindu berri du Seaskak. Auzitegiaren aginduz, egun bakoitzeko 100 euro pagatu ditu ikastolak, baina kopurua 400era igo nahi du Poulouk. Manifestazioa egingo dute ikastolaren alde azaroaren 8an.

Seaskak Guy Poulou auzapezari ohartarazi dio ez duela lortuko Ziburuko ikastola ixtea. SYLVAIN SENCRISTO
2014ko urriaren 30a
07:21
Entzun

Urri erdialdera jakinarazi zuen Guy Poulou Ziburuko auzapezak Omiasainduko oporren ostean argindarra kenduko ziola, eskola publikoko eta ikastolako argindarra bermatzeko ahalik ez duelakoan. Hala egin du, Laida Mujika Kaskaroteneako lehendakariak Euskadi Irratian jakinarazi duenez. Atzo bilera bat izan zuten gurasoek ikastolan, eta orduan ohartu ziren ez zutela argindarrik.

Seaskak erantzuna emana zion Poulouri mehatxu horren aurrean: "Nahiz eta haurrak kanporatzeko polizia indarra baliatuko duzula mehatxatu, nahiz eta haurrak urik, berogailurik eta argindarrik gabe utziko dituzula mehatxatu, nahiz eta beste behin ikastola itotzearekin mehatxatu, ez duzu lortuko Kaskarotenea ikastola hestea".

Bestalde, isuna ordaintzeko une berean heldu zen Ziburuko Kaskarotenea ikastolarentzako hamaikagarren albiste txarra: auzitara jo du berriro Guy Poulou Ziburuko auzapezak, ikastolari isun handiagoa ezar diezaioten galdegiteko. Orain arte, egun bakoitzeko ehun euroko zigorra ordaindu du ikastolak, baina kopuru hori 400 eurora igotzeko eskatu du Poulouk. Auziaren eguna zehaztu gabe dago. Ikastolak manifestazioa egingo du azaroaren 8an.

Atzo bertan ordaindu zuen ikastolak orain arte pilatutako isunaren zenbatekoa: 4.370 euroko txekea igorri zuen Seaskak. Paueko auzitegiak eman zuen agindua, orain hilabete eta erdi: Ziburuko ikastolak Marinela auzoko eskola publikotik alde egin behar zuela ebatzi zuen; deliberoa bete ezean egun bakoitzeko ehun euro ordaintzera behartuko zituela ohartarazi zuen.

Abagune horretan auzapezak isuna handitzeko eskatu izana gaitzetsi du Seaskak, ohar bidez: "Poulouren jokamoldea argia da: batetik, presiobide guziak erabiltzen ditu ikastola dagoen tokitik kanporatzeko, baina une berean aterabidea oztopatzen du". Gogora ekarri du ikastolak proposatu dituen hiru konponbideak galarazi dituela Poulouk.

Bihar agerraldia egingo dute Donostian, Ziburuko ikastolari «euskalgintza, kulturgintza eta gizarte eragileen sostengua plazaratzeko». Datorren asteko larunbatean Ziburun egingo den manifestaziora joateko deia ere berretsi du Seaskak, "auzapezak ikastolaren kontra duen jarrera salatzeko; haurren, familien eta, oro har, euskararen kontrako jazarpena salatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.