Urteko agiantzak egiteko ekitaldian igarri zuen Guy Poulou Ziburuko (Lapurdi) auzapezak bertan behera utzi duela Zokoako kirol portua egiteko xedea. Herriko eta Herri Elkarteko 200 eragileren aitzinean egin zuen adierazpena, eta nabarmendu ez dagoela erabakian gibelera egiterik. Izan ere, Ziburuk hirigintza plana onarrarazi nahi du ahalik eta arinen Sainte Therese auzoan eraikuntza xedeari ekiteko. Estatuarekin eramandako kirol portuari buruzko negoziazioak uste baino luzeagoak gertatu dira, eta, ikusirik hirigintza planaren onarpena gibeleratuko zuela, xedehori baztertzea erabaki du auzapezak.
Kirol portu berriaren xedearen bidez 400 kirol itsasontzi ezartzeko egitura sortu nahi zuten Zokoako gotorlekuaren magalean. Alta, xedea Natura 2000 izendapena duen eremuan kokatzen zen; beraz, gune babestuan. Horregatik herritarren arrangura eta haserrea eragin zuen xedeak. Hala ere, gibelera egiteko arrazoia ez da herritarren jarrera, Frantziako administrazioak ezarritako trabak baizik. Kirol portuaren xedea onartu bazuen ere, baldintza administratibo ugari betetzeko eskatu du Frantziako Gobernuak.
Prozedura, ordea, sobera luzatu dela jakinarazi du Ziburuko auzapezak. Luzapen horrek arriskuan ezarri du hirigintza planaren onarpena, eta, hori gauzatu ezean, herriko etxeak ezingoluke burutu Sainte Therese auzoko etxegintza xedea. Bertan 449 apartamendu egin nahi ditu, horietako 157 alokairu apalekoak.
Arazo ekonomikoak
Kirol portuaren aurrekontuak ere eragin du Ziburuko Herriko Etxearen erabakian. Aurrekontu zehatzik ez badago ere, 50-60 milioi eurokoa litzatekeela adierazi zuen auzapezak. Krisialdi ekonomikoak ere zerikusia izan du. Herriko etxeak zailtasunak zituen kirol portuaren xedean engaiatzeko, eta funts pribatuak lortuko balitu ere, nekez lortuko zukeen aurrekontua ixtea. Kirol portua baztertu badute ere, hobekuntza lanak burutuko dituztela jakinarazi du herriko etxeak, ontzi gehiago sartzeko.
Ziburuko Herriko Etxeak kirol portu berriaren xedea baztertu du ustekabean
Zokoako gotorlekuaren oinetan 400 kirol ontzi aterpetzeko egitura sortzea zuen aztergai baztertutako xedeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu