Herri Urrats

Ziburuko ikastola eraikitzeko erabiliko dute aurten Senperen bildutako dirua

Maiatzaren 10ean eginen dute ikastolen aldeko besta, aintziraren inguruan. Behar handia dagoela-eta, dirua ematera joateko deia egin du Seaskak. Ikus aurtengo kantuarekin eginiko bideoklipa: [YouTube]https://youtu.be/wx3qu4Qn3ME[/YouTube]  

maddi ane txoperena iribarren
2015eko apirilaren 28a
16:18
Entzun

Sorpresa handirik eman gabe eta laguntza eskean aurkeztu dute gaur Herri Urratseko egitaraua Seaskako kideek, baina jende anitz biltzeko esperantzarekin: "Aurtengo Herri Urrats espero dugu arrakastatsua izatea, sinpleki diru gehiago behar baitugu". Zuzenean eta umorez azaldu du arrazoia Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. "Diru gehigarri hori zertarako baliatuko dugun? Dakizuen bezala, Ziburuko ikastolaren eraikitzeko. Lehenik lurraren erosteko, eta gero zertxobait eraiki beharko da gainean. Ez ditugu oihal-etxeak emanen”.

Ikasturte hasieran arazoak izan zituen Ziburuko ikastolak herriko etxearekin, eta azkenean lur pribatu bat erostea deliberatu du Seaskak. Isunek eragindako gastuaz gain, ikastola berria eraikitzeko laguntza beharko dute, beraz.

Ospatzekorik ere izanen dute, nolanahi ere. Izan ere, joan den astean iragarri bezala gogoratu dute hiru ikastola berri irekiko dituztela heldu den ikasturtetik aitzina, Azkaraten (Baxenabarre), Basusarrin eta Biriatun (Lapurdi): "Bada poztekoa aurten, eta uste dugu besta egun ederra izanen dela".

Ikastola bildua atxikitzeko

Atxik ikastola bildua du aurtengo leloa ikastolen aldeko bestak, eta Willis Drummond taldeak egin du kantua, Niko Etxartekin batera. Xan Bidegain musikariak azaldu duenez, "plazer bat" izan da abestia osatzea, eta rock musika eta aldarrikapena uztartzen saiatu dira. Maiatzaren 10ean, gainera, 2015eko kontzertu bakarra emanen dutela jakinarazi du Willis Drummond taldeko kideak, memento honetan pausa bat egiten ari baita taldea.

Bertze kontzertu anitz ere eskainiko dituzte Senperen, hala nola, Betagarri, Joxe Replay, Glaukoma, Zezenaren Taldea, Maialen Errotabehere eta Kalakan. Haurrentzako eskaintza zabaldu eginen dute aurten, hiru gune prestatuta, eta gaztetxoentzako Erronka izeneko proba antolatuko dute. Dantzak ere izanen du leku berezia, Hordantza izeneko hondartzako gunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.