Jarri txertoa kultura zientifikoaren alde lelopea CAF-Elhuyar sariak banatu dituzte Tabakaleran, Donostian. Dibulgazio lanetan, bi sari eman dituzte: Xabier Artaetxeberriak irabazi du dibulgazio orokorreko saria, Zergatik gara onak? artikuluagatik; egilearen doktore tesian oinarritutako alorreko saria Antton Alberdiri eman diote, Non hegoa, han zangoa: saguzar belarrihandi alpetarrari jarraika lanagatik. Zientzia gizartean sorkuntza beka, berriz, Enrique Hurtadori eman diote Txalaparta digitala eta interaktiboa lana garatzeko. Azkenik, Kepa Altonaga Sustatxarentzat izan da Merezimendu Saria, bere ibilbide profesionalagatik.
Zientzia-kazetaritzako CAF-Elhuyar saria, berriz, Edu Lartzangurenek irabazi du. Lartzangurenek artikuluan kontatzen zuen, nola Txinako Boyalife enpresak miloi bat behi klonatu nahi dituen urtero, saltzeko. 2020an aurreneko milioi behi saldu ostean, lasterketarako zaldiak, txakurrak eta galtzeko zorian dauden espezietako animaliak klonatzeko asmoa dutela. Hona hemen, artikulua, osorik: Behi eta berriz
Lartzangurenek saria jasotzerakoan gogoan izan ditu Joxean Apeztegia eta Maixa Olano lankideak eta Bizigiro saileko lankideak.
Mikel Laboaren Izarren hautsa abestia izan dute gogoan Elhuyarreko kideek: "ezagutuz aldatzeko" beharra nabarmendu dute, Laboak kantuan abestu bezala. Hain zuzen ere, hori da CAF-Elhuyar sarien helburua: "Jakintza aldaketarako tresna gisa erabiltzea".