Ingurumena

Zierbenak birrindu du gehien bere kostaldea Bizkai-Gipuzkoetan

Zierbena da bere kostaldea gehien hondatu duen Bizkai-Gipuzkoetako herria, Greenpeacek urtero egiten duen Destrucción a toda costa txostenaren arabera (Kosta ahala kosta birrintzen). Egoera okertzeko arriskuaz ohartarazi du talde ekologistak, Espainian indarrean jarri den Kosta Legearen ondorioz.

inaki petxarroman
2013ko abuztuaren 8a
16:04
Entzun

Zierbena eta Muskiz dira Bizkai-Gipuzkoetako kostaldearen gune beltzenak, Greenpeacen 2013ko Destrucción a toda costa txostenak ondorioztatu duenez. Petronorren findegiak dauka horren erru nagusia, "natur balio handiko guneak eta padurak" bere industria jarduerarako eta logistakarako okupatu baititu.

Bi probintzietan lurraren artifizialtze handia gertatu da 1987tik 2005era. Hain zuzen ere, porlanez estalitako edo hiritartutako natur gunearen eremua %36 handitu da Bizkaian bi hamarkadetan, eta %5 Gipuzkoan. Hain zuzen ere, kostaldeko eremu osoaren %16 dago artifizializatua Bizkaian eta %13 Gipuzkoan. Urte tarte horretan izandako joerak jarraituko balu, gainera, 2030ean %18ra iritsiko litzateke Bizkaiko kostaldeko eremu artifizializatua eta %22ra Gipuzkoan. 1987tik 2005era gehien artifizializatu diren udalerriak Barrika, Santurtzi, Zierbena, Getxo (Bizkaia) eta Zumaia (Gipuzkoa) izan dira. Eremu osoaren okupaziorik handiena duten udalerriak, berriz, Santurtzi, Plentzia, Zierbena, Getxo eta Lekeitio dira, guztiak ere Bizkaikoak.

Hain zuzen ere, Hego Euskal Herrian indarrean jarri berri den Kosta Legeak horretan ekar dezakeen eragin kaltegarriaz ohartarazi du Greenpeacek. Izan ere, ekologisten arabera, "interes pribatuen esku" utzi da ondare publikoa, babes eremua 100 metrotik 20 metrora gutxitu baita, eta industria eta zerbitzuetarako kostaldearen eskaintzak 30 urtetik 75 urtera handitu baitira.  Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarri du lege horren aurka, bere eskuduntzak urratzen dituela argudiatuta.

Bizkai-Gipuzkoetako kostaldearen %31 natur babes neurriren baten menpean dagoela azaldu du Greenpeacek.  Eta guztiaren %9 bakarrik dago natur parke edo parke nazional moduan babestuta.

Klima aldaketak hurrengo urteotan eragin ditzakeen kalteez ere ohartarazi du talde ekologistaren txostenak. Izan ere, itsasoaren mailaren hazkundeak hondartzak desagerraraziko dituela agindu du, zientzialariek iragarritako hipotesiarekin bat eginez, eta babes-dikeen ezponda egiturak indartu eta handitu beharko dira %20 inguru. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.