26/11 sumarioko auzipetuei seina urteko zigor eskaerak egitea Espainiako Konstituzioaren aurka doala uste du gazteen defentsak. Hala baieztatu du Amaia Izko abokatuak, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiari eskatu dio auzia Auzitegi Konstituzionalera eramateko. Izan ere, haren hitzetan, «neurriz kanpokoak» dira zigor eskaera horiek, epaitzen ari diren gertaerak kontuan hartuta. Sei eta hamabi urte arteko zigorrak aurreikusten ditu Espainiako legediak «erakunde terroristako» kide izateagatik, baina gehiegizkoa da hori defentsaren ikuspegitik, fiskalak eskatutako gutxieneko zigorra ezarrita ere. Izkok gogora ekarri duenez, sumarioan ez baitago «indarkeriazko elementurik». Fiskaltzak eta herri akusazioak ez diote gazte bakar bati ere leporatu ez kale erasorik, ez antzekorik. Agerraldi eta mugimendu publikoetan parte hartzea, bilerak egitea, gazteen arteko topaketak sustatzea edo kamisetak eta itsasgarriak saltzea dira fiskalak eta akusazioak gazteen aurka jotzeko erabili dituzten egitateak.
Defentsak ez ditu ukatu jarduera horiek, batzuk Segiren izenean eginagatik ere. Auzipetuek beraiek esan zuten epaiketarenhasieran «militante politiko eta sozialak» zirela, ez «terroristak». Izkok argudiatu duena da Espainiako Konstituzioan jasotako oinarrizko askatasun eta eskubideak —adierazpen eta elkartze eskubideak, zehazki— urratuko liratekeela, jarduera horiek oinarri hartuta, seina urteko kartzela zigorrak ezarriz gero. Horregatik eskatu dio epaimahaiari Auzitegi Konstituzionalera eramateko auzia. Auzitegi Nazionalak eskaera onartuz gero, hark ebatzi beharko luke defentsaren argudioak babesten dituen ala ez.
Halako ebazpenek luze jo ohi dute Auzitegi Konstituzionalean, baina argudio horiek onartuz gero, erabakiak eragina izango luke oraindik epaitzeko dauden antzeko kasuetan ere. Eleak mugimenduaren arabera, 200 herritar inguru dira «epaiketa politikoetan» auzipetuta daudenak.
Fiskaltzak eta akusazioak ere onartu dute, azken ondorioetan, gazteei parte hartzea egotzi dieten mugimendu eta ekintzak ez direla delitu bere horretan. Nabarmendu dutena da, ordea, «Segi erakunde terroristako kide desdoblatu gisa» egiten zituztela jarduera horiek, «Segiren helburuak lortzeko». Dignidad y Justicia elkartearen ordezkariak esan duenez, Segiren aurkako aurreko epaiketetan dago frogatua gazte mugimendua «instrumentalizatzen» zuela gazte erakundeak, eta hori bada nahikoa oinarri gazteak «erakunde terroristako» kide direla ebazteko.
Delitu ez diren jarduerak
Espainiako auzitegietako jurisprudentzia erabili du, ordea, defentsak ere. Izkoren arabera, horietan jasotzen da legez kanpoko jarduerak egiten zituela Segik, baina baita delitu ez direnak ere. Segi ez zela erakunde armatu bat azaldu du, eta hainbat ebazpenetan esaten dela «kale borrokarekin» osagarritzen zuela ETAren jarduera armatua. Berezitasun hori kontuan hartuta, Izkok defendatu du beharrezko direla indarkeriazko ekintzak talde horretako kideei delitu «terroristak» egozteko. «Bestela, zigor bera jar liezaieke jarduera horiek [jarduera publikoak, indarkeriarik gabeak] egiten dituenari eta ETAko kide bati». Gainera, gogora ekarri du bere burua desegin zuela Segik 2012ko ekainean.
Bere argudioen oinarri juridikoak azaltzen hasita, adibide bat ekarri du gogora Izkok: HB mahai nazionaleko kideei jarritako zazpi urteko zigorra baliogabetu zutenekoa. «Neurriz kanpokotzat» jo zuen zigor hura Auzitegi Konstituzionalak 1999an, berak emandako argudio antzekoengatik. Kasu hartan, «erakunde armatuari laguntzea» egotzi zieten HBko kideei, hauteskunde kanpainan Alternatiba Demokratikoari buruzko ETAren bideoa zabaltzeagatik.
Egoera kontuan hartu beharra
Izkoren ondoren, Kepa Manzisidor abokatuak hartu zuen hitza, nazioarteko legedia eta Espainiako auzitegietako jurisprudentzia oinarri hartuta, argudioetan sakontzeko. «Erakunde bat terrorista» izendatzeko erabili ohi den definizioa azaldu zuen, gazteei egotzitako jarduerek horrekin zerikusirik ez dutela argudiatzeko, eta gogora ekarri zuen «erakunde terrorista» baten helburuekin bat egiteak ez duela bihurtzen beste erakunde bat «terrorista».
Gainera, akusazioak a priori egitea aurpegiratu zion, Segik gazte mugimendua «instrumentalizatzen» duela dioten ebazpenetan oinarritzeagatik. Horietako baten pasarte bat ere irakurri zion, tesiaren orokortasuna kritikatzeko: «Mundu guztiak daki Euskal Herrian Gazte Independentistak Segi dela». Horrez gain, gogora ekarri zuen gazte mugimenduak ez duela egitura «komun eta hierarkikorik».
Segirena bezalako erakundeetan, gazteak zigortzeko «militante aktiboak» zirela erakusten saiatu dira akusazioak, baina, Manzisidorren esanetan, epaiketan ez da halakorik frogatu. Izan ere, haren esanetan, delituzko jarduerak egin dituela edo «terrorismoarekin» lotutako delituekin harremana eduki duela frogatzea beharrezkoa da pertsona bat «militante aktibo» dela egiaztatzeko.
Argudioei laguntzeko, azkenik, beste elementu bat ere gaineratu zuen defentsak: unean uneko egoera kontuan hartu beharra, legeak hala agintzen duelako. Bai jardueren zein auzipetuen egoera, bai egoera politiko eta soziala. «Auzitegi honen doktrina ezin da estatikoa izan».
Gaur segituko du defentsak argudioekin, 10:30ean, eta litekeena da datorren asteartean ere jarraitu behar izatea. Bitartean, Donostian emango dute gazteen Azken Hitza 40 herritar ezagunek, epaitzen ari diren gazteak libre nahi dituztela esateko.
Gazte mugimenduaren aurkako epaiketa. Defentsaren ondorioak
Zigor eskaerek konstituzioa urratzen dutela dio defentsak
«Indarkeriazko elementurik» gabe, seina urteko zigorra jartzea «neurriz kanpoko» eta oinarrizko eskubideen aurkakotzat jo duteKasua Auzitegi Konstituzionalera eraman dezala eskatu diote abokatuek epaimahaiari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu