Zigor Goieaskoetxea aske utzi dute, kargurik gabe

Batasuneko kideari bere kontrako euroagindurik oraingoz ez dagoela zehaztu diote atxilotua egon den bitartean

ENEKO BIDEGAIN
2008ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Zigor Goieaskoetxea kargurik gabe aske utzi zuten herenegundik atzorako gauean, gauerdi inguruan. Jendarmeriak eta Polizia Judizialak egin zizkioten galderak. Batasuneko kidea astelehenean atxilotu zuten, etxetik atera zen unean. Haren kontrako euroagindurik ba ote zegoen zen zabaldua zen kezka. Baina atxiloturik egon den bitartean, poliziak jakinarazi dio ez dutela oraindik haren kontrako euroagindurik jaso.

Goieaskoetxea Bidarraiko (Baxenabarre) Ostape jatetxearen kontrako atentatuaren inguruko inkestaren baitan atxilotu zuten, irailaren 24ean Batasuneko beste hainbat kide atxilotu zituztenean bezala. Orduan Goieaskoetxea ez zuten atzeman. Batasuneko kide guztiak kargurik gabe aske utzi zituzten polizia operazio hartarik landa, eta gauza bera egin dute Goieaskoetxearekin ere.

Goieaskoetxea Baltasar Garzon epailearen aitzinean deklaratzera deitua izan zen irail hasieran, EHAKren kontrako auziaren barruan. Ez zen azaldu, ordea. Horregatik, pentsatzen da haren kontrako euroagindua emana duela Garzonek. Horregatik, hainbat alderdi, sindikatu eta eragileren sostengua jaso du Goieaskoetxeak, egoera berean dagoen Jon Goiok bezala.

Jon Goio eta Zigor Goieaskoetxea ez zituzten atzeman, Batasunaren kontrako polizia operazioan. Ez zeuden etxean. Joan den astean prentsaren aitzinean agertu ziren, eta poliziak ez du egun anitz igurikatu Goieaskoetxea atxilotzeko. Baina atxiloketa ez zen auzi horrekin lotua, eta itxura guztien arabera Frantziako Poliziak ez du jaso euroaginduaren berririk. Horrek ez du erran nahi hurrengo egun edo asteetan ez dutenik agindu horren berri jasoko eta ez dutenik berriz atxilotuko euroaginduaren prozedura pean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.