Nafarroako Gobernuak, Erroko eta Zilbetiko kontzejuek eta Magnesitas Navarras SA enpresak lankidetza akordioa sinatu dute,Zilbetiko Antzeri eremuan (Nafarroa) harrobi ireki bat eraiki ahal izateko. Gobernuaren arabera, «hitzarmena ona izango da, Magnesitas Navarrasek Zubirin duen lantegiko jarraipena bermatuko duelako Antzeriko ustiategiaren bitartez». Akordioari esker, Zubiriko lanpostuei eutsi ahal izango dietela gaineratu du. Horrela, hitzarmena sinatu duten alde guztiek harrobia «bideragarri» izatea bermatuko dutela agindu dute.
Magnesitas Navarrasek harrobia eraikitzeko hamar milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa du. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, ingurumenaren integrazioaren alde egin beharko dute lan Antzeriko proiektuan. «Ezin dugu ahaztu harrobiak ingurumenean eta Zilbetiko herrian bertan izango duen eragina murrizten ahalegindu behar dugula», adierazi du Laura Alba Nafarroako Herri Lan kontseilariak. Enpresa bera arduratuko da proiektua idazteaz, izapideak egiteaz eta behar diren baimenak lortzeaz. Harrobia egiteko, ezinbestekoa izango du ingurumen eraginaren adierazpen txostena lortzea.
Magnesitas Navarrasek azaldu duenez, Antzerin ateratzea lortuko duten materiala iparraldera bideratuko dute, eraikitzekotan diren kilometro bateko tunelaren bitartez. «Tunel hori guk eraiki eta mantenduko dugu harrobiaren ustiaketak irauten duen bitartean», adierazi dute enpresako ordezkariek. Hilabete baten buruan, Magnesitas Navarrasek eta Oiarmendiko Mankomunitateak Antzeriko lurren errentaren inguruan kontratu bat sinatu beharko dute, enpresak harrobiko lur eremua ustiatu ahal izateko.
Babestutako gunea
Harrobia egiteko akordioari kritika gogorrak ere egin dizkiote. Izan ere, Aldude mendiaren inguruan dago Antzeri. Juan Luis Martinez Aldude Mendia Koordinakundeko presidenteak salatu duenez, harrobia babestutako eremuan egin nahi dute. «Ziur nago egin nahi dutena legez ezin dela egin, babestutako gunea delako; edozer egiteko prest gaude frogatzeko», adierazi du. Aldude Mendia Koordinakundeak eta beste hainbat gizarte eragilek heldu den asteetan protesta saioak egingo dituztela aurreratu du.
Zilbetin harrobia egiteko akordioa sinatu dute
Babestutako Antzeriko gunea ustiatzeko bidea ireki dute Magnesitas Navarras enpresak eta Nafarroako Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu