Alaitz Aranburu. Immunologia molekularreko doktorea

«Zilbor hesteko odolaren ahalmena ez baliatzea naturari itsuskeria egitea da»

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Osasun zerbitzuak, metodoak eta baliabideak etengabe hobetzen laguntzen du ikerketak. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak ideia hori baliatu du 21. Osasun Jardunaldien ardatz moduan. «Euskal Herrian osasun alorrean egiten den ikerkuntza hedatu beharra dago, jakinarazi eta gizarteratu», gogorarazi du jardunaldiak antolatu dituen taldeak.

Euskal Herrikoaz gain, euskal ikerlariak dituzten ikerketak ere izan dira Gasteizen atzo eta gaur egiten ari diren jardunaldi horietan. Alaitz Aranburu gipuzkoarrak Erromako Bambino Gesu haurren ospitalean zelula amekin egiten ari diren ikerketen berri eman du, eta nabarmendu lan horietan talde lanak duen garrantzia. «Rita Carsetti buru duen ikerketa talde baten lan ordezkaria naiz», gogorarazi du.

Zelula amekin lan egiten duzu. Zenbatetan galdetu dizute haiei buruz?

Ni harrituxea gelditu naiz izan duen oihartzunarekin. Zelula ama hematopoietikoekin lan egiten dugu gure ikerketan. Zilbor hesteko odolean daude horiek. Hau da, ez dira ernamuinekoak, ez dira eztabaida iturri diren horiek.

Errazagoa al da zelula ama horiekin lan egitea?

Odoleko zelula amak eskuragarri ditugu, baita hezur-muin eta zilbor hestekoak ere. Horiek baliatu nahian, hortik bideratu dugu ikerkuntza. Erabilgarriak dira, informazio asko daukate.

Zilbor hesteko odol bankuak lagungarriak al dira ikerketa lan horretan?

Oso garrantzitsua da banku horiek izatea, transplanteak egin ahal izateko, adibidez. Agian jendeak ez du oraindik ondo ulertzen zer erabilera izan dezakeen medikuntzan, ikerkuntzan...

Behar beste ezarrita al dago zilbor hesteko odola ematea?

Organoak ematea normaltzat jotzen da gaur egun. Giltzurrunak edota bihotza emateko arazorik ez dugu. Zergatik ez eman zilbor hesteko odola? Zelula asko daude bertan; erabilgarriak dira, eta odol hori botatzea, odol horren ahalmena ez erabiltzea naturari itsuskeria bat egitea da.

Zein da zelula amekin egiten duzuen ikerketaren ildoa?

Odoleko zelula garatuak sortzeko erabiliko ditugun zelula horiekin lan egiten dugu: zelula ama hematopoietikoak. Odoleko zelula horietatik B linfozitoak aukeratu ditugu lan egiteko, eta horien artean memoria dutenak.

Linfozito horiek zertan eragiten dute?

B linfozitoek antigorputzak sortzen dituzte. Gure gorputzari erasotzen dioten patogenoen kontrako babesa ematen digute, alegia. Antigorputz horiek odolean izaten ditugu, eta, birus edo bakterioak gorputz barrura sartzen direnean, horiek neutralizatzen dituzte. Horrez gain, mukosetan antigorputz berezi batzuk sortzen dituzte B linfozitoek: birikak, hesteak...

Zein da horien funtzioa?

Infekzioa gertatu eta lehen orduetan eragiten dute. Oztopatu egiten dute patogenoaren sarrera. Horrez gain, memoria duten linfozitoek aurretik borrokatu dituzten patogenoak gogoratu, eta erreserban mantentzen ditu, beharko balitz, prest egoteko.

Zein kasutan izan dezake pertsona batek memoria duten linfozito horien gabezia?

Hiru kasu aipa ditzaket. Jaioberri garenean ditugun leukozitoek ez dute memoriarik; ez duzu patogenorik ezagutu amaren barruan egotean. Bigarren kasua barea erauzi edo barerik gabe jaio gabe diren pertsonak dira. Eta hirugarrenak immunoeskasia komun aldakorra duten gaixoak dira.

Zure hitzaldia Zelula amak: ikerketa, terapia, itxaropena izendatu duzu. Zergatik itxaropena?

Ikerketa mailan ditugu emaitzak, eta gauza asko erakutsi dizkigute umeengan egin ditugun bai hezur muineko transplanteak eta bai zilbor hesteko odolekoak. Horregatik jarri dut itxaropena, gehixeago ulertzen ari garelako memoria duten B linfozitoen jokabidea.

Gaia aldatuta, duela gutxi jakinarazi zuten EAEko ikerketa taldeen herenek emakume bat zutela buru. Zuen taldean, emakume bat buru izateaz gain, ikerlari gehienak emakumeak zarete.

Ez dauzkat estatistikak, baina gure laborategiko ikerlarien %95 emakumezkoak garela esango nuke. Ez dakit zer ondorio atera bertatik. Ez dut esaten gizonezkoek ahalbidea ez dutenik, baina adimen nahiko zorrotza eta antolatua izan behar da, eta beharbada... Dena den, hori da frogatu gabeko nire hipotesi pertsonala, kar-kar...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.