Adikzioak eta buru osasuna erabat lotuta daude. Hala berretsi du Erdu programaren azken memoriak. Eusko Jaurlaritzaren egitasmo horrek arreta eskaintzen die adikzioren bat dutenei eta zaurgarriak direnei. Iaz, 270 lagun artatu zituzten: %88k adikzioren bat zuten, eta %90ek, buru osasuneko arazoren bat. «Ez da kasualitatea», adierazi du Ainara Sanchezek, Gizakia fundazioko gizarte hezitzaile eta Erduren koordinatzaileak. Erdu programaren parte da Gizakia, baita beste hiru fundazio ere: Bizkaiko Etorkintza, Arabako Jeiki eta Drogen Abusuaren Ikerketa eta Prebentziorako Gipuzkoako Elkartea.
«Batzuetan, ez dakigu zer izan den lehenengo», zehaztu du Sanchezek. Buru osasuneko arazoak dituztenek mendekotasuna eragiten duten substantzietara jotzen dute maiz: «Haien angustia eta patologia mentala lasaitzeko egiten dute». Adikzioa «medikazio» moduan erabiltzen dute. «Egunero-egunero bilatzen dute nola egon hobeto». Eta, era berean, adikzioek buru osasuneko gaixotasunak eragin ditzakete.
«Zirkulu larria da», azpimarratu du Estibaliz Barron Gizakia fundazioko zuzendariak. Zirkulu larri horren izena zein den azaldu du: «Patologia bikoitza deitzen da; batetik, adikzioren bat dute, eta, bestetik, buru osasuneko arazo larriak». Eskizofrenia, nahasmendu bipolarra eta mugako nortasunaren nahasmendua dira osasun mentaleko arazo horiek, besteak beste. Patologia bat edo bi izan, Erduk «pertsona erdigunean» jartzen du, «arreta integrala» eskaintzeko.
Pandemia garaian abiatu zuten egitasmoa. Kalean bizi zen jendea aterpetxeetan konfinatu zuten, eta Gizakiak bi unitate mugikor sortu zituen, pertsona horien adikzio eta osasun arazoak aztertzeko. Euren lanari elementu hori gehituta, ohartu ziren arazoa ez zela «koiunturala», eta ez zegoela bakarrik pandemiarekin lotuta: «Gizartean dagoen egiturazko arazo bat da». Espero baino jende gehiago bizi baitzen kalean. Konfinamendua arintzean, beraz, proiektuarekin jarraitzeko eskatu zuten; eta Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara zabaltzeko.
Erdu programak etxerik ez zuten edo infraetxeetan bizi ziren 197 laguni eskaini zien arreta iaz; hau da, artatutakoen %73 izan ziren. Zirkulu «larri» horri gehitu behar zaion kausa da kalean bizitzea. «Batzuek, adikzioen eraginez, kalean amaitzen dute», azaldu du Barronek. Eta alderantziz: «Kalean bizitzea oso gogorra denez, droga kontsumitzen hasten dira hori jasan ahal izateko». Arazoa «gero eta sakonagoa» izatea eragiten du horrek.
Gizonak, askoz gehiago
Alde nabarmena dago arreta jaso zuten emakumeen eta gizonen kopuruen artean: 32 emakume eta 238 gizon. Eta zein da berrehun pertsona baino gehiagoren aldea egoteko arrazoia? Barronek uste du adikzioen tratamenduak gehiago daudela pentsatuta gizonentzat, andreentzat baino. Era berean, kalean bizi diren gehienak gizonak dira. Hala ere, zuzendariak uste du arreta ez dela jarri behar kalean bizi diren edo adikzioak dituzten gizonetan, baizik eta laguntza eskatzen ez duten emakumeetan. Horren arrazoia zein den argi dute Barronek eta Sanchezek: «Adikzioren bat duten andreek estigma bikoitza jasaten dute; gizarteak uste du ama perfektuak izan behar dutela». Horregatik, «azkenera arte» itxaroten dute laguntza eskatzeko, eta «leher eginda» ailegatzen dira.
Adin tarteak ere kezkatzen ditu bi profesionalak. Haien iritziz, «deigarria» da 60 urte baino gehiago dituztenen kopurua: %5. Eta beste aldeko kopurua ere larria da: %49k 18 eta 35 urte bitartean dituzte. «Oso gazteak dira», ohartarazi du Sanchezek. Kalean bizi diren gazte asko migratzaileak dira: «Bilbon, Magrebetik etorritakoak daude, batez ere».
Bidaia «beldurgarri» bat egindako gazteak dira. «Askok, gainera, ez dute dokumenturik, eta %25ek ez dakite gazteleraz». Batzuk adikzioekin ailegatzen dira; kalean irauteko substantzietara jotzen baitute. Eta gaixotasun mentalak ere badituzte. «Zoramenean hartzen dute babes; ez dakite zenbat iraungo duen egoera horrek, eta ez dakite noiz arte egon beharko duten kalean bizitzen», zehaztu du Sanchezek. Bentzodiazepina da gehien kontsumitzen dutena. «Desesperatuta eta presiopean daude, familia aurrera eramateko etorri direlako, eta ez daukatelako ezer», ohartarazi du Sanchezek. Bide beretik, Barronek gehitu du gazte horiek «lur jota» daudela, eta «oso errudun» sentitzen direla: «Ez dute ezer galtzeko».
Adikzioa migratzaileek bizi duten egoerarekin erabat lotuta dagoela berretsi du Sanchezek: zailtasun ugari dituzte paperak lortzeko, hala nola erroldarako. «Errolda barik, ezin da ezer lortu; baina, errolda lortzeko, toki bat behar dute lotarako, edo errolda soziala eskatu behar dute», argitu du Barronek. Era berean, Espainiako Atzerritarren Legeak dio lan egiteko baimena lortu aurretik erroldatuta egon behar dutela hiru urtez. «Ordura arte, bizirik irautea dute helburu».
Nahiz eta artatutako jende gehiena kalean bizi, etxe batean bizi den jendearekin ere lan egiten dute. «Gizarte zerbitzuek pertsona jakin batzuen egoeraren berri jakiten dutenean, gu abisatzen gaituzte, haiengana joan gaitezen», azaldu du Barronek. Zubi lana egiten saiatzen dira. Izan ere, hori da Erduren funtzioa, pertsona horiek gizarte eta osasun zerbitzuekin harremanetan jartzea. «Batzuetan, hurbiltasuna behar dute, laguntza eskatu ahal izateko», esan du Sanchezek. Erdu programaren asmoa ez da berez artatuen adikzioa amaitzea edo osasun mentaleko arazoak «osatzea», baizik eta «bide horretan sartzea». Barron: «Ikusezintasunetik atera behar ditugu, haien aldeko politikak egin ditzaten, eta gizarteak euren egoeraren berri izan dezan».
Zirkulu larria apurtu nahian
Erdu programak 270 lagun artatu zituen iaz; 197 kalean bizi ziren. Datuek erakusten dutenez, adikzioa, buru osasuneko arazoak eta kalean bizitzea lotuta daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu