Iruñerria atzean utzita, Estellerria eta Erribera zeharkatu zituen Korrikak Nafarroako lurretan egindako bigarren egunean. Beste behin ere, Sanz, entzun, Nafarroa euskaldun izan da euskalariek gehien errepikatu zuten leloetako bat. Herri askotan alkateei ohar berbera egin zieten. Estellerria eta Erribera ere euskaldun direla aldarrikatu zuten behin eta berriz, Nafarroako legeak ez duen arren euskalduntzat jotzen.
Goizean sartu zen Korrika Estellerrira. Eskualdeko tarterik jendetsuena, baina, zalantzarik gabe Lizarrakoa izan zen. Korrika iritsi aurretik ere giro berezia nabari zen herrian. Antolatzailerik ikusi orduko, Korrikaren norabideaz galdetzen zioten. Antso Ramirez kalean zain zegoenetako bat zen Salvador Martinez. Herriko dultzaina jotzaile taldeko hiru kideetako bat da, eta musikaz egin nahi zioten ongietorria Korrikari. Izar alabaren zain zegoen. «Bartzelonan bizi da; han ikasten du. Atzo [herenegun] han egin zuten Korrikan parte hartu zuen, eta gaur [atzo] hona etorri da, gurekin dultzaina jo eta Korrikan lasterka egitera», zioen harro.
AEKren Beinat Etxepare euskaltegiko ikasle eta beharginek ere irribarrea ahoan hartu zuten lekukoa. Ikasturte hasieran inauguratu zuten egoitza zaharberritua, eta ordutik ikasle kopuruak gora egin duela esan zuen pozik AEKren Nafarroako koordinatzaile Olga Landak. Gaur egun, Lizarrako eta Estellerriko 120 ikasle inguruk ikasten dute han.
Baina herrian euskalakariak askoz gehiago dira, lekukoaren atzetik lasterka egin zuten milatik gora lagun ikusita. Txaloekin korrikalariak animatzeko, eta Begoña, entzun, Lizarra euskaldun zein pareko leloak oihukatzeko. Kale Nagusian, kasurako, oinez egin behar izan zuten ibilbidea, jende gehiegi zegoelako.
Lizarra atzean utzita, Aiegirako eta Iratxerako bidea hartu zuen lasterketak. Hainbat lagun kuadrillak, tabernak, enpresak, ikastolak eta udalek hartu zuten lekukoa, besteak beste. Urdanoz familiak ere kilometroa erosi du aurten, ohiturari eutsita. Amak, aitak eta hiru seme-alabek parte hartu zuten. Une horretan agertu zen Bittor Leal Abokatu Euskaldunen Elkarteko kidea.
«Aurten ere hemen da abokatua», zioten furgonetan zeuden antolatzaileek. Justizia euskalduntzeko beharra aldarrikatu zuen, toga soinean eta zapatak oinetan zituela. Besapean Udalbiltzaren hizkuntz eskubideen dekalogoa zeraman. Beroak ere zion enbarazurik egin hainbat kilometro luze lasterka egiteko.
Lekukoaren aurreneko bisita
Los Arcos, Lazagurria, Mendabia eta Lodosa igaro ostean, historia egin zuen Korrikak, aurrenekoz Sartagudara sartuta. Lehen aldiz igaro da herritik euskararen aldeko lasterketa. Herrigunera sartu aurretik, baina, historiari ere keinua egin nahi izan zioten, Memoriaren Parkera ostera bat eginda.
Furgonetak abiadura moteldu zuen, lasterkariek monumentua bisitatzeko astia izateko. Memoria historikoa berreskuratzeko taldeek zapiak oparitu zizkieten lasterkariei, 36ko gerran frankistek hildakoei egindako gomuta eskertzeko. Erruz hunkitu ziren sartagudarrak. Handik Erriberarako bidea hartu zuen Korrikak.
17. Korrika
Zonaldeak desagertuta
Estellerriko eta Erriberako euskalakariek legeak dioenaz bestera eurak ere euskaldun direla esan diete foru eta udal agintarieiMemoriaren Parkera bisita egin du Korrikak Andosillatik igaro den aurreneko aldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu