Zornotzan lurperatutako 36ko gerrako gudariak eta milizianoak hobitik ateratzeko lanak berrabiatu ditu Gogora-k

Orain arte, 127 lagunen gorpuzkiak atera dituzte lurpetik, eta horietatik lau identifikatu. Hilerrian abiatutako lanen bosgarren fasea da gaur martxan jarri dutena.

Zornotzako hilerriko indusketa lanak, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Zornotzako hilerriko indusketa lanak, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko uztailaren 7a
11:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak jakinarazi duenez, 36ko gerran Zornotzako hilerrian (Bizkaia) lurperatutako gudarien eta milizianoen gorpuzkiak hobitik ateratzeko beste fase bati ekin diote gaur. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak hilerri hartan martxan jartzen duen bosgarren fasea da; aurreko lauretan egindako lanei esker, 127 lagunen gorpuzkiak atera dituzte lurpetik.

Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzeko eta identifikatzeko programaren parte dira Zornotzan egiten ari diren lanak. Aranzadi zientzia elkartea arduratzen da indusketa lanez, eta, Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, gaur abiatu dutena lan horien azken fasea izango da.

Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren esanetan, orain arteko azterketa eta identifikazio lanek zera adierazten dute, gerra frontean hildako gudariak direla han lurperatutakoak; besteak beste, Bizkargi eta Barazarko fronteetan eta Zornotzako ospitale militarrean hildakoak. Gogora-k inguruetan eta zirkunstantzia horietan hildako 300 lagun ditu erregistratuak bere datu basean.

DNA laginak

Hobitik ateratako gorpuzkien artean, oraingoz, lau identifikatu dituzte, eta euren familiei entregatu. Adolfo Zengotitabengoa, Jaime Iñiguez eta Benigno Hierro bizkaitarrak Alderdi Komunistari lotutako Perezagua batailoiko milizianoak ziren. Hain zuzen, Gogora-ren informazioaren arabera, 1937ko apirilaren 7an hil ziren hirurak: Zengotitabengoa eta Hierro, Barazarko frontean, eta Iñiguez, ospitale militarrean, «seguru asko, frontetik bertatik zaurituta eraman ondoren».

Enrique Contreras, berriz, Linareskoa (Jaen, Espainia) zen jatorriz, eta Aretxabaletan (Gipuzkoa) bizi zen. Hura EAJri atxikitako Sarasketa batailoiko kide zen, eta 1937ko apirilean hil zen, Diman (Bizkaia).

Horiek identifikatu ahal izateko, garai hartako artxibo eta dokumentazioak baliatzeaz gain, haien senideek emandako DNA laginak baliatu dituzte. EHUko Biomics laborategi genetikoa ari da lan horiek egiten.

Halere, 123 lagunen gorpuzkiak identifikatzeko daude oraindik. Beraz, Gogora-k dei egin die inguru horretan desagertutakoen familiei eurekin harremanetan jartzeko, identifikazio prozesuak martxan jarri ahal izateko. Bi bide dituzte horretarako: posta elektronikoa ([email protected]) eta telefonoa (944032845).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.