Etxe kaleratzeak. Neurriak

Zorrak etorkizuna bahituta

Etxea 2010. urtean galdu zuen Lorna Silvak; arrisku hori gainean dute Manuel Pereirak, Fabian Herrerak eta Juan Carlos Rodriguezek. Kezka agertu dute, eta itxaropenik ez dekretu berriarekin.

edurne elizondo
Iruñea
2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Senarrak eraman behar izan zizkion gure etxeko giltzak epaileari. Alokatutako etxeko balkoian gelditu zen, gure etxea zena erosi zutenei so. Nik ezin izan nuen. Semea hartu, eta alde egin nuen». Lorna Silvarenak dira hitzak. Senarrarekin batera 2006an Iruñeko Arrotxapea auzoan erositako etxea, 2010ean galdu zuen. Oraindik ordaintzen ari den zorra baino ez zaio gelditu. «165.000 euro, denera. Bankuko kontuak enbargatuta ditugu. Senarrak baino ez du lanik egiten orain. Bankuak 400-480 euro kentzen digu hilero. 900 gelditzen zaizkigu 650 euroko alokairua ordaindu, eta egunerokoari aurre egiteko. Hilabete honetako argiaren ordainagiria ezin izanen dugu ordaindu».

Espainiako Gobernuaren azken dekretuak ez du Silvaren egoera konponduko. Egoeraren zama gero eta astunagoa da emakumearentzat. Ezin die malkoei eutsi. «Nola da posible jendea karrikan uztea? jendea hil den arte ez dira deus egiten hasi». Ezintasunak sortzen dion amorrua sumatzen zaio ahotsean. Hala ere, argi dio: «Lau urteko semea dut, eta hark ematen dit aurrera egiteko indarra. Jainkoari eskerrak ematen dizkiot, gainera, nirekin batera bertze inork ez duelako bere etxea galdu nire hipotekaren ondorioz».

Azken hamahiru urteak egin ditu Silvak Iruñean. Haurrak zaintzen hasi zen, eta sukaldari aritu zen gero lanean. «Senarrak ere lana zuen, eta etxea erostea erabaki genuen». Langabezian gelditu zen Silva 2007an, ordea. Geroztik ez du lanik egin. Orain, gainera, ezin du, etxetik aterarazi eta handik hiru egunera iktusa izan zuelako, 2011ko otsailaren 14an.

Kaleratzeen drama behin betirako bazter utzi beharra dagoela nabarmendu du Silvak. Ederki daki zer den. «Aukera eman behar da etxea emateko zorra kitatzearen truke. Eta neurri horrek atzerako eragina izan beharko luke. Etxea kendu digute, ezin digute etorkizuna ere enbargatu».

Mehatxatuta

Beldur horrekin bizi da ere Fabian Herrera. Bilbon bizi da,emaztearekin eta 14 urteko semearekin. San Ignazio auzoko bere etxean. Oraingoz. «Etxetik aterarazteko epailearen aginduaren zain gara». Uztailean utzi zioten hipoteka ordaintzeari. Langabezian da bikotea, eta 480 euroko laguntza baino ez dute jasotzen. 2007an erosi zuten etxea. Banco Popularrekin egin zuten hipoteka. Orain, 324.000 euroko zorrari egin behar diote aurre. Finantza produktu konplexu den Suap kontratu batek eragindako 24.000 euroko zorra ere badute. «Engainatu gaituzte. Eta orain erabat harrapatuta gaude. Hemen ez dugu inor, ez dakigu zer egin».

Dekretuak ez diola deus konponduko argi du. Eta ez dela fidatzen erantsi du. Gauza bakarra eskatu du. «Zorra etxearekin kitatzeko aukera». Bankuak, oraingoz, ez dio horretarako biderik eman.

Manuel Pereirari ere ez. Galdakaon (Bizkaia) du etxea. Datorren abenduaren 13rako jarri diote enkanterako data. Dantzari izan zen urte luzez Pereira. 40 urterekin utzi behar izan zuen, ordea, minbiziak jota. Hamaika lanetan aritu da geroztik. Orain, 50 urterekin, langabezian da. 600 euroko laguntza jasotzen du.

Harekin, pixkanaka ordaindu nahi izan ditu atzeratutako hipotekaren ordainagiriak, baina BBK-k ez dio horretarako aukerarik eman. «59.000 euroko zorra dut, eta osorik ordaintzeko aukera baino ez didate ematen. Ez dago batere elkartasunik. Bankuak ez nau batere ongi tratatu. Diruak agintzen du».

Iritzi berekoa da Juan Carlos Rodriguez. Abenduaren 17rako du hark enkanterako data. Araban bizi da. Egoeraren ondorioz gainezka egin duela onartu du. Hitzez ezin azaldu daitekeen atsekabea sortzen diola egoerak. 25.000 euroko zorra du Banco Popularrekin. Autonomoa da, baina lanik gabe egon da azken urteotan. «Hutsaren hurrengo sentiarazten nau gertatzen ari den guztiak; gizartetik at, erabat».

Sendia elkartearen laguntza eskertu du, eta bere egoera berean direnei salatzeko urratsa egin dezaten eskatu die Rodriguezek «Jendaurrean agertu behar dugu. Ez dugu deus txarrik egin; biktimak gara». Erakundeen babes eza salatu du Rodriguezek. Gizarteak erantzuteko erakutsi duen gaitasun eskasa ere bai. «Horrek beldurtzen nau. Bakarrik nago». Bakarrik, etxea galtzeko mehatxupean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.