Euskaldunon Egunkaria sortu zutenek «legez kanpoko elkartea» osatu zuten Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen arabera eta, horregatik, ardura nagusietan aritu ziren zortzi lagun auzipetu egin ditu, tartean Joxemi Zumalabe Egunkaria SAko kontseilari ordezkaria, 1993tik hilda dagoen arren. Egunkaria-ren itxiera operazioan Guardia Zibilak atxilotutako hamar lagunetatik zazpi auzipetu ditu, beraz, eta hiru auzipetu gabe utzi ditu. Martin Ugalde ere ez duela auzipetuko dio epaileak autoan, bere kontra «kriminalitate zantzu aski» ez dagoenez.
Auzipetuetako hiruri Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai eta Iñaki Uria sortu zenetik itxi zuten arte Egunkaria proiektuaren erabakigune nagusietan egotea leporatzen die epaileak eta, beraz, Egunkariaren «delitu jardueraren» jakinaren gainean zeudela: «Pertsona hauengan biltzen da erabaki ahalmena, sinaduraren bidez», dio autoak. Beste hiruri Xabier Oleaga, Pello Zubiria eta Martxelo Otamendi, berriz, ETAren konfiantzakoak izatea egozten die eta, erredakzioan izan zuten erantzukizunagatik, Egunkaria-ren informazio ildoaren arduradun izatea. Xabier Alegriari, berriz, KAS-eko kide bezala Egunkaria-ren eta ETAren artean bitartekari lana egin zuela egozten dio epailaek. Bizirik diren zazpi auzipetuak datorren abenduaren 3rako deitu ditu epaileak Auzitegi Nazionalera, auzipetze autoa jakinarazteko. Zumalaberen kasuan, heriotza agiria eskatu du epaileak.
Akusazio zehazgabea
Guztiei «legez kanpoko elkartea» osatzea egotzi die epaileak. Espainiako Zigor Kodeko 515 artikuluak arautzen du delitu hori, bi ataletan: lehenengoan «delitua egiteko elkartea» osatzea zigortzen du, eta bigarrenean erakunde armatuko kide izatea. Autoan «legez kanpoko elkartea» ETAren menpekotzat jotzen duenez, ETAko kide izatea egotziko diela ondoriozta daiteke, baina epaileak ez du hitzez hitz zehazten.
Inma Gomila, Fermin Lazkano eta Luis Goiaren aurka «nahikoa kriminalitate zantzu» ez dituela atzeman dio epaileak, eta horregatik ez dituela auzipetu. Gomilaren eta Goiaren aurkako badaezpadako neurriak bermeak, diru kontuen blokeoa...altxatzeko agindu du, baina Lazkanoren aurkako neurriei eutsi egin die, Egunkaria-ren inguruko enpresei buruzko auzian 2003ko urriaren 16ko operazioarekin lotutakoa erantzukizunik duen argitu arte.2003ko otsailaren 20an egunkaria ixtea agindu zuenetik erabili duen argudio berari eutsi dio epaileak atzoko autoan: Egunkaria ETAren tresna da, eta Egunkaria-ko arduradunek ETAren helburuen zerbitzura jokatu zuten.Hilabete luzeetako ikerketaren ondoren, 22 inputatu galdekatu eta miaketatan atzemandako milaka agiri aztertu ostean, 2003ko otsaileko autoetan azaldutako agiriak baino ez ditu Del Olmo epaileak, Egunkaria-ren eta ETAren lotura egiteko: 1990ko hamarkadaren hasieran ETAko hainbat kideri ustez atzemandako agirietan Egunkaria-ri buruz egindako aipamenak.
Deklarazioak eta agiriak
Aurreko autoetan emandako argudioak errepikatzen ditu, oro har, 350 orrialdeko autoan Del Olmok ETAk izendatu zituela Egunkaria-ko arduradun nagusiak, Egunkaria sortzeko diru guztiaren jatorria ez dagoela egiaztatua, Egunkaria-ren helburuek bat egiten dutela ETAren helburuetako batekin (Euskal Herri euskalduna)..., baina elementu berriak ere baditu, hala nola auzipetuek Guardia Zibilaren edota epailearen aurrean egindako hainbat deklarazioren aipamenak, eta miaketatan atzemandako agirien azterketatik ateratako hainbat ondorio.
Esate baterako, 1993tik aurrera ere ETAk Egunkaria kontrolatzen zuela egiaztatzeko Egunkaria aipatzen zuten ETAren ustezko agiriak 1993 baino lehenagokoak dira, urriko polizi operazioan atxilotutako Egunkaria-ko langile bati egindako galdeketa transkribatu du epaileak, luze: 1995 urteaz geroztik Xabier Alegria noizbait Egunkaria-ko egoitzan ikusi izan zuela adierazi zion epaileari atxilotuak, besterik gabe. Hortik, 1995tik aurrera ETA-KASek, Alegriaren bidez, Egunkaria-ko erabakietan parte hartu zuela ondorioztatzen du epaileak.Martxelo Otamendi ETAren ildoarekin bat datorrela erakusteko, epailearen aurreko galdeketan garai batean Egin-eko kolaboratzaile izan zela «ezkutatu» egin zuela dio epaileak: hedabideetan zer eskarmentu izan zuen galdetuta, EITBko esperientziaren berri baino ez zion eman Otamendik; epaileak, ordea, Egin-en ere aritu zela ohartarazten du Oinale, Kalekumeak eta Frankie Tai goitizenekin: «Egin-ekin iraganean izandako harremana ezkutatzen saiatu zen Otamendi, seguruenik ETAko kide izateagatik jarduerak eten zaizkion entitate batekin lotura egitea eragozteko». Bere etxebizitzako miaketatan Tolosako Herriko Tabernari buruzko paperak ere antzeman zituztela dio epaileak: «Agiri honek Tolosako Herriko Tabernarekin lotura zuela adierazten du, eta beraz, HBren legez kanpoko finantzazioaren berri bazuela».Pello Zubiria, berriz,Argia-ren bidez lotzen du ETArekin: astekariaren «inguruko enpresen» kudeatzaileetakoa izan zela dio epaileak eta, Argia KASen Udaletxe proiektuaren barruan dagoela dioenez, «koherentea da gizabanako honek [Zubiria] kudeatzen dituen enpresek KASekin zer lotura zuten jakinaren gainean izatea».Xabier Oleaga ETAren konfiantzakoa omen zela erakusteko hainbat argudio ematen ditu: Egin-en Josu Muguruza ordezkatu zuela J.Iratzar-ek sinatzen zuen sailean;Zutabe aldizkariaren hainbat ale atzeman zizkiotelaETAko kideek baino ez dutela jasotzen dio epaileak; Partaide Ikastolen Elkartean lan egiteak ere Oleagak ETAren helburuekin bat egiten duela erakusten du, epailearen iritziz.
auzipetu gabe
Martin Ugalderen aurka «kriminalitate zantzu aski» ez duela atzeman dio Del Olmok autoan
egiaztagiria
Joxemi Zumalaberen heriotza agiria eskatu du, 1993tik hila dagoela badakiela aitortzen duen arren
inputatuak
Gomila eta Goiaren aurkako neurriak altxatu ditu, baina Lazkanoren aurkakoak ez
EGUNKARIA AUZIA
Zortzi lagun auzipetu ditu Del Olmok, tartean Zumalabe zena
«Legez kanpoko elkartea» osatzea leporatu die epaileak, eta inputatuetako hiru ez auzipetzea erabaki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu