Donostiako Auzitegiak baliogabetu egin du Zubietako errauste plantaren proiektua onartzeko 2009ko ekainaren 2an Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak hartutako akordioa. Hala, Probintzia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzietako 3. Salak arrazoia eman dio San Markoko Mankomunitateko lehendakari ohi Imanol Azpirozek jarritako helegiteari. Partzuergoak iragarri du helegitea jarriko duela.
Partzuergoaren 2009ko ekainaren 2ko bilera hartan, Txingudiko mankomunitateak ere parte hartu eta bozkatu egin zuen. Epailearen arabera, ordea, mankomunitate hori ez da partzuergoko kide. Epaileak gogorarazi du, aurretik ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuela Txingudi partzuergoan sartzeko erakunde horrek berak hartutako erabakia. EAEko auzitegi nagusiak 2009ko irailaren 21ean sinatutako epaian iragarri zuen Txingudiko Mankomunitatea partzuergoko kide izateko 2007ko martxoaren 15ean hartutako erabakia legez kanpokoa zela.
Donostiako Auzitegiak baliogabetu egin ditu iazko ekainaren 2an hondakinen partzuergoaren batzarrak hartutako erabakiak. Hain zuzen ere, batzar hartan onartutako 13 puntu baliogabetu ditu. Errauste plantaren proiektua onartzeko erabakiaz gain, lurren desjabetzeari ekiteko prozedura eta azpiegituren finantzazioan parte hartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostutako lankidetza hitzarmena ere baliogabetu ditu epaileak. Itun horren bidez, aldundiak %33ko ekarpena egingo luke planta finantzeko.
Zubietako errauste plantaren proiektua onartu zuten batzar hartako 11. puntuan: «Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko zentroaren inguruko proiektua onartzea. Artzabaletako lurzoruak hartzeko beharra dagoela adierazteko txostena, egitekoa den Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko zentroa bertan kokatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntza eskatzeari onespena ematea, lurzoru horiek desjabetzeari ekiteko; eta, halaber, lehendakaria gaitzea onartzea, erabaki hau eraginkorra izan dadin beharrezkoak diren kudeaketa eta izapide guztiak egin ditzan, Gipuzkoako Hondakinen Azpiegituren Lurralde Arloko Plana behin betiko onartu eta gero».
Puntu hori ez ezik, hurrengoak ere garrantzi handia du, Artzabaletako lurren desjabetzeak premiaz hartzeko beharra onartu baitzuten. Prozedura hori ezinbestekoa da errauste planta egingo diren lurren desjabetzeak aurrera eramateko.
Epailearen arabera, hartutako akordioak ez zaizkio lotzen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2009ko irailaren 21ean hartutako epaiari; eta, hori gutxi balitz bezala, partzuergoko kide ez den Txingudiko Mankomunitateak bozketan parte hartu izanak batzar hartan hartutako erabakien baliogabetzea dakar. Hala, arrazoia eman dio epaileak Imanol Azpiroz Usurbilgo zinegotzi eta San Marko mankomunitateko lehendakari ohiak jarritako helegiteari.
EAEko auzitegi nagusiak 2009ko irailean emandako epaian ohartarazi zuen partzuergoaren jarduera ezin dela zabaldu sortu zuten mankomunitateetatik kanpoko eremuetara. Hala, Txingudi partzuergoan hartzeko erabakiak baliogabetu zituen. Izan ere, justizia auzitegiak zioen partzuergoaren lurralde jarduera handitzea baimentzeko eta kide berriak onartzeko estatutuak aldatu behar liratekeela, eta horretarako mankomunitateetako udalen oniritzia behar dela.
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa 2007ko otsailean eratu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak; Debagoiena, Debabarrena, San Marko, Sasieta, Urola-Erdia, Urola Kosta eta Tolosako mankomunitateek; eta Donostiako Udalak. 2008ko martxoaren 12an estatutuak aldatu eta Txingudiko mankomunitatea Partzuergoko kide moduan onartu zuten.
Partzuergoaren helegitea
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak iragarri du helegitea jarriko duela epaiaren aurka. Eta ziurtatu du Txingudi Partzuergoko kide izateko legezkotasuna babestuko duela helegitean. Ildo horretan, ohartarazi duSan Markoko Mankomunitatean izan den gobernu taldearen aldaketarekin Txingudi Partzuergoan sartzea ahalbidetuko dela.
Partzuergoak ohartarazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak babestu egin zuela partzuergoa eratzeko erabilitako lege prozedura,2009ko urrian emandako epai batean. Hala, partzuergoak uste du akordioak berresteko ez zela beharrezkoa udal batzarren oniritzia jasotzea, eta auzitegiak arrazoia eman ziola horretan.
Epai hartan auzitegiak zalantzan jartzen zuen Txingudi sartu ote zitekeen partzuergoan estatutuak aldatu gabe. Eta, horrela, 2009ko ekainaren 2ko batzarrean estatutuak aldatu zituztela gogoratu du partzuergoak, Txingudi kide moduan hartzeko. Oraingo epai honek, ordea, baliogabetu du estatutuen aldaketa hori ere.
Txingudiri beste mankomunitateei adina eskubide aitortu behar zaiola uste du partzuergoak. Eta horregatik erabaki du helegitea jartzea EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, gai hau betiko «konponduko den itxaropenean». Halaber, partzuergoak ziurtatu du epaiak ez dituela errauste plantako lanak ez gelditzen ez atzeratzen.
Zubietako errauste plantaren proiektua onartzeko akordioa baliogabetu egin dute
Donostiako Auzitegiak baliogabetu ditu Partzuergoaren 2009ko ekainaren 2ko akordioak, Txingudik parte hartu zuelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu