Zubietako obren arbitratzea atzeratu dute

Errauste plantako obra egitekoak ziren enpresek bi hilabetez atzeratuko dute prozedura, denbora izateko negoziatzeko

Erredakzioa
Donostia
2013ko urriaren 4a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Zubietako errauste planta eraikitzekoak ziren enpresek eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak akordio bat sinatu zuten atzo. Bi hilabeteko epea eman diote elkarri, bi aldeak lotzen dituen kontratuari «amaiera adostua» emateko. Prentsa ohar bat eman dute argitara, bi aldeek sinatuta; bi urtean lehen aldia da hondakinen partzuergoak eta enpresek halako agiri bat kaleratzen dutena. Haren bidez jakinarazi dute enpresek bi hilabetez bertan behera utzi dutela Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren arbitratzea. Kalte-ordainak eskatzeko hasi zuten prozedura hori, eta atzeratzea borondate onaren erakusle dela nabarmendu dute orain.

Joan den astean jakinarazi zuten Zubietako errauste plantari adostutako amaiera eman nahi ziotela bi aldeek, eta horretarako bilerak egiten hasiko zirela. Bi bilera egin dituzte aste honetan, eta behin-behineko akordio bat sinatu zuten atzo, negoziatzeko denbora hartzeko.

«Bi aldeen borondatea»

«Akordio hau bi aldeek erakutsitako borondateari esker egin da, eta Gipuzkoaren onerako lan egin nahi izatearen ondorioa da», adierazi dute bi aldeek, elkarrekin idatzi eta kaleratutako oharrean.

UTE Gipuzkoa CGRG enpresa taldeak irabazi zuen Zubietako errauste planta egiteko lanen lehiaketa, 2011ko otsailean. FCC, Serbitzu, Altuna y Uria, Murias eta AE&E Inova enpresek osatu zuten talde hori. Aurtengo uztailean, errauste plantako obrak egiteko kontratua baliogabetzea erabaki zuen GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietate publikoak. Argudiatu zuen proiektuak ez zuela legezko ingurumen baimenik, eta,beraz, legea urratzen ari zela.

Errauste plantako lanen kontratua baliogabetzeko prozedurarekin jarraitu du GHK-k udan. Enpresen helegiteak aztertu ditu, eta EHUko katedradun baten txostenean oinarrituta bota ditu atzera. Kontratuak ez duela baliorik berretsi du. Kontratua eteteagatik ordaindu beharreko kopurua eta obrak hasi aurretik enpresek jarritako diru bermeak daude eztabaidaren muinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.