Espetxea eraikitzeko obrak datorren hilean bertan hasiko dituzte Zubietan, Gipuzkoan. Eskuzaitzeta inguruan hasiko dira lanean, lurra mugitzen; eraikuntza, berriz, datorren urtean hastea espero dute. 2014a dute mugarri: urte horretan zabaldu nahi dute Zubietako espetxea, eta egungoa, Martutenekoa, eraisteari ekin. Hitzarmen bat sinatu zuen atzo Donostiako Udalak Espainiako kartzela azpiegituretarako sozietatearekin. Udalak haren esku utzi ditu lurrak. 113 milioi euroko aurrekontua dute lanak egiteko.
Martuteneko espetxea baino nabarmen handiagoa izango da Zubietakoa. Eremuari erreparatzen bazaio, bederatzi bider zabalagoa: 18 hektarea hartuko ditu presondegi berriak. Ziega kopuruari dagokionez, ia hiru aldiz handiagoa: 504 izango ditu—Martutenekoak 180 ditu, nahiz eta 300 presotik gora dauden han espetxeratuta—. Handia izango da oraingoaren aldean. «Ez da makrokartzela bat», esan du, hala ere, Odon Elorzak, Donostiako alkateak. Haren arabera, Zubietakoa baino handiagoak izan ohi dira espetxe berriak.
Lurrak uzteko baimena atzo eman zuen Donostiako Udalak, baina jadanik hasiak dira obrak prestatzen; etxolak-eta han dauzkate. Datorren asteetan makinak sartuko dira, ingurua zelaitzen hasteko. Errauste planta eta Gipuzkoako industrialderik handiena izango ditu ondoan kartzelak.
«Modernoa» izango da. Hala esan du Angel Maria Martinezek, Espainiako espetxe azpiegituretarako sozietateko presidenteak. Horren erakusgarri, azaldu du kartzela berrian ikasgelak izango direla, liburutegia, futbol zelaia, igerilekua eta lanerako tokiak.
Langraizkoa itxi egingo dute
Zubietako espetxea 2014an amaituta egotea nahi dute. Orduan itxi asmo dute Gipuzkoako egungo kartzela, Martutenekoa. «Zaharkituta dago, eta ez du zerbitzurik», adierazi du Martinezek.
Martuteneko espetxea eraitsita, bi hektareako eremua geratuko da hutsik inguru horretan. Espainiako Espetxeetako Zuzendaritzarena da kartzela dagoen lur hori, eta Donostiako Udalaren esku utziko du espetxe berria egiten dutenean —horren ordainetan, Zubietako kartzela egiteko orubea eman dio udalak; horretarako akordioa da atzo sinatutakoa—. Hirigintza plan prestatua badute Martuteneko inguru horretarako, Txomin Enea auzorako. Donostiako Udalaren asmoa da 1.200 etxebizitza inguru egitea.
Ez da Zubietakoa Euskal Herrian eraikitzen ari diren espetxe bakarra. Iruñean ere ari dira egiten —Elorza alkateak harekin alderatu du Zubietakoa—, eta beste bat Iruña Okan (Araba). Biak aurten bertan bukatuta egotea espero dute. Oraingoak baino handiagoak dira: Iruñeko espetxe berriak 504 ziega izango ditu—gaur egungoak 107 ditu—; Iruña Okakoak, berriz, 720 —Arabako oraingoak, Langraizkoak, 473 dauzka—. Martinezek jakinarazi du Langraizkoa itxi egingo dutela berriak zabaltzen dituztenean.
Zubietan hurrengo hilean ekingo diete presondegi berria eraikitzeko obrei
Martutenekoak baino hiru bider ziega gehiago izango ditu: 504 denera; hala ere, Elorzak esan du ez dela «makrokartzela»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu